Edukira joan

Publizitatea

Top 8

Nikolaus Lauda

Nikolaus Lauda

Fitxa

Izena: Nikolaus Lauda

Jaioterria: Viena, Austria (1949-02-22)

Urteak 1 Formulan: 1971 - 1985

Munduko txapelketak: 3 (1975, 1977, 1984)

Lasterketak: 177

Sari nagusiak: 171

Garaipenak: 25

Podiumak: 54

Poleak: 24

Sari nagusian buruan: 41

Lehen lerroan: 31

Itzuli azkarrak: 24

Metatutako puntuak: 420

Itzuliak: 8217

Itzuliak buruan: 1592

Kilometroak: 37508

Kilometroak buruan: 7064

Nikolaus Lauda, ia guztia egin duen pertsona da. Hiru aldiz munduko txapeldun 1 Formulan, ondoren talde baten lemazain izan da, Jaguar taldeko buru izan baitzen bi urtez, 2001 eta 2002. Orduan egin zuen famatu bere esana: “Gaur egun tximu batek ere gida dezake 1 Formula auto bat”, elektronikarekin gidatzeko errazegiak zirela argudiatuz. Baina hark autoa probatu zuenean, iritziz aldatu zuen.

Hasiera zaila izan zuen automobilismoan, maila baxuko txapelketetan parte hartzen baitzuen, baina ez zuen modurik 1 Formulara iristeko. Azkenean, banku batean mailegua eskatu eta hala lortu zuen March taldearekin debuta. Orduan 1971a zen eta taldearekin ez zuen denboraldia amaitzerik izan, emaitzek ere ez baitzuten lagundu. Hurrengo urtean antzeko egoera bizi izan zuen, eta orduan ere denboraldia amaitu aurretik utzi behar izan zuen.

Horrela ez jarraitzeko, aurreko maileguak egindako mesedeaz gogoratu eta berriro jo zuen bankuetara, eta oraingoan BRM taldean bolantea lortzeko balio izan zion. Abiadura ona erakutsi zuen, baina talde bere azkenetan zen eta orduan iritsi zen bere momentua. Izan ere, 1973 hartan Clay Regazzoni zen bere taldekidea, eta Ferrarik hura fitxatu zuenean, Lauda zer moduzkoa zen galdetu zion Enzo Ferrarik. Honek ongi hitzegin zion austriarraz, eta Enzok biak fitxatu zituen 1974an bere autoak gida zitzaten.

Ferrarik haren inguruan zituen galderak berehala desagertu ziren, Laudak lehen lasterketan bigarren postua lortu ondoren, Argentinan. Hortik aurrera, pole positionak lortzeko abiltasuna erakutsi zuen, eta lehen garaipena iritsi zen, Espainiako Sari Nagusian. Hala ere, urtean beste garaipen bat bakarrik lortuko zuen, Holandako Sari Nagusian, esperientzia ezak eta arazo mekaniko batzuk bere hobekuntza moteldu zutelako.

Ordura arte, Ferrari taldeak gehiago zuen izena, izana baino. Urte zailak ari zen igarotzen, baina Luca di Montezemoloren etorrerak gauzak aldatu egin zituen, eta une horrekin bat egin zuen Niki Laudak. Izatez, bere garaipenak Ferrariren lehorteari amaiera eman zion, bi urte baitzeramatzan garaipenik dastatu gabe. Hori, Ferrarin, gehiegi da.

Hoberako bide horretan iritsi zen 1975ko lehen titulua Laudarentzat. Denboraldia makal hasi bazuen ere, Monakoko lasterketarekin izugarrizko emaitza boladari ekin zion. Bost lasterketatik lautan irabazi zuen, eta bigarren amaitu bestean. Ezin izan zuen emaitza maila hori mantendu, baina aterata aldea nahikoa izan zuen, eta bada ez bada, azken lasterketa ere irabazi zuen, AEBetakoa.

Aurreko urtea ondo amaitu zen bezala, hurrengoa are eta hobeto hasi zen. Izan ere, 1976ko denboraldia modu ezin hobean hasi zuen, eta errekorrak haustera bideratua zirudien. Urteko zazpigarren lasterketan, Frantziako Sari Nagusian, urte osoan utzi ez zuen podiumean amaitu zuen, eta une horretan 52 puntu zituen. Bigarrenak, Jody Sheckter-ek, 23 besterik ez. Inoiz ez da halako alderik ezagutu, eta garaile argia zuen urteak. Baina 1976ko Alemaniako Sari Nagusian bizitza aldatu zitzaion.

Bigarren itzulian, atzeko esekidurak huts egin eta istripua izan zuen, pista erdian geldituz. Han etorri zen Brett Lunger, bere Surtees-Ford autoarekin, eta Laudaren Ferrari autoarekin talka egin zuen. Laudaren autoak su hartu zuen, eta istripuak eragindako kalteen ondorioz, autotik atera ezinda geratu zen. Lunger-ez gain, beste hiru gidari haren parean gelditu eta autotik ateratzen saiatu ziren, baina Laudak erredura handiak zituen, eta arnastutako keak kalteak eragin zizkion birika eta odolean.

Istripua izan eta berahala oraindik kontziente zen, eta zutik mantentzeko gai zen, baina handik gutxira koman sartu zen. Hain zegoen larri eta hiltzear, non Azken Bedeinkapena ere eman zioten. Baina onik atera zen, eta ebakuntza gutxi batzuekin, jendaurrean agertu zen berriro. Istripu larria izan eta sei astera birragertu zen, Italiako Sari Nagusian. Eta ez edonola, laugarren amaitu baitzuen. Hala ere, aurkariek puntuak pilatu zituzten Lauda osatzen ari zela, eta asko gerturatu. Azken lasterketara hiru puntuko aldearekin bakarrik heldu zen, James Hunt-ekin borrokan. Lasterketan euritea izan zen, eta bigarren itzulian erretiratu egin zen Lauda, arriskutsuegia zegoela argudiatuta. Hunt-ek aurrera segi zuen, eta lasterketa hirugarren amaitzearekin batera, titulua eraman zuen puntu baten aldeaz.

Lasterketa uztearen erabakia ez zuen batere gustora hartu Ferrarik, eta erlazioa hoztuz joan zen. Hala ere, Laudak 1977ko txapelketa irabazi zuen haiekin, batez ere erregulartasunari esker, hiru garaipen soilekin. Denboraldia amaitzean taldea utzi eta Brabhamekin fitxatu zuen. Ez zion graziarik egin Ferrarik gidari ezezagun bati tokia egin izana: Gilles Villeneuve zen hura.

Brabhamekin eman zituen bi urteak oso kamutsak izan ziren, nahiz eta aipamena merezi duen ‘Fan Car’ bezala (haizegailu autoa) ezagutu zen Brabham BT46B autoa, Suedian korritu zuena eta irabazi, baina berehala debekatu zutena. Hori kenduta, ezer gutxi egin zuen eta erretiroa hartu zuen, sortu zuen Lauda Air hegazkin konpainia kudeatzera.

Baina itzuli egin zen 1982an, McLarenekin, konpainiarako dirua behar baitzuen. Lehen zeregina oraindik irabazteko gai zela erakustea zen, baina ongi lortu zuen, eta bi urte beranduago, bere hirugarren titulua lortu zuen, puntu erdigatik Alain Prost-i irbazita. Gutxi iraun zuen erregetzan, 1985a urte grisa izan baitzen, hamairu erretiratzerekin, eta horrelaxe amaitu zuen bere 1 Formula ibilbidea.