Edukira joan

Publizitatea

Top 8

Nelson Piquet

Nelson Piquet

Fitxa

Izena: Nelson Piquet

Jaioterria: Souto Maior, Brasil (1952-08-17)

Urteak 1 Formulan: 1978 - 1991

Munduko txapelketak: 3 (1981, 1983, 1987)

Lasterketak: 207

Sari nagusiak: 204

Garaipenak: 23

Podiumak: 60

Poleak: 24

Sari nagusian buruan: 58

Lehen lerroan: 44

Itzuli azkarrak: 23

Metatutako puntuak: 485

Itzuliak: 9872

Itzuliak buruan: 1600

Kilometroak: 45574

Kilometroak buruan: 7611

Nelson Piquet ez da Nelson Piquet. Benetako izena Nelson Souto Maior du, Brasilgo politikari izandako gizon baten seme. Baina hark ez zuen gustoko automobilismoa, eta Nelsonek Clotilde Piquet amaren abizena hartu zuen lasterketetan parte hartzeko. Lehen lasterketetan Piket abizenaren atzen ezkutatzen zen, bere ama frantsesaren abizena zertxobait laburtuz. Hortik aurrera mantendu egin zuen, eta egun korritzen duen bere semeak ohiturari jarritu dio.

Kartingean hasi zen, ia guztiak bezala, 1971 eta 1972ko Brasilgo txapelketak irabaziz. Une batean, Europara joateko apostua egin zuen, Emerson Fittipaldiren aholkuak jarraituz, zeina 1 Formula txapelketa irabazi zuen lehen gidari brasildarra zen. Ingalaterra aukeratu zuen, normala denez, bere kirol ibilbidean aurrera egiteko, eta aurreko errekorrak txikituz erakutsi zuen bere balioa. 1978ko 3 Formula txapeldun izan zen, Jackie Stewart-ek ordura arte zuen garaipen kopuru errekorra hautsiz. Txapelketa hau irabazi dutenen artean, gehienek 1 Formulara egin dute jauzi gerora. Batzuk besterik aipatzearren: Ayrton Senna, Johny Herbert, Mika Hakkinen, Rubens Barrichello, Takuma Sato... eta 2004an Nelsinho Piquet.

Halako palmaresarekin, Nelson Piquetek talde ona nahi zuen 1 Formulan hasteko. Bigarren mailako talde batzuekin lasterketaren bat korritu eta gero, luzaroan bere taldea izango zena aukeratu zuen: Brabham. Garai hartan, Brabham taldea puntakoa zen, eta Bernie Ecclestone zen taldearen jabe. Autoak Gordon Murray-ek diseinatzen zituen, gerora McLaren-en auto garaileak marraztuko zituenak. Eta hasieratik emaitza onak lortu zituen, baina denbora behar izan zuen bere lehen titulua lortzeko. Hori 1981ean iritsi zen, Cosworth motorrarekin. Urtebete lehenago lortu zuen bere lehen garaipena, Long Beach-eko zirkuitoan (AEB).

Autoan 1 zenbakia zuen 1982an, baina urte traketsa izan zen. Garaipen bakarra lortu zuen, eta apenas amaitu zuen lasterketarik. Denboraldi erdian Brabham taldeak bitan aldatu zuen motorgilez, eta emaitzak oso ahulak izan ziren. Urte hartako Alemaniako Sari Nagusian gertatu zen 1 Formulako bitxikeria famatuenetako bat, Eliseo Salazar kolonbiarrarekin tupust egin ondoren, hura kolpatzen hasi baitzen pistan bertan.

Gauzak asko hobetu ziren 1983an, Brabham BT52 txasia ongi orekatua zen, eta BMW motor turbokargatuarekin bigarren titulua lortu zuen, denboraldiaren amaieran Alain Prosti aurrea hartuz. Hau da lehen aldia turbokargatua zen motor batek txapelketa irabazi zuela, eta 1989an araudia aldatu zen arte, 1 Formulan nagusi izan ziren.

Piquetek Brabham taldean jarraitu zuen 1985a arte, baina artean ez zuen txapelketa gehiago irabazi. Tarteka lasterketaren bat bai, baina ez zuen batere erregulartasunik emaitzetan, eta erretiratze asko izaten zituen. Gehiegi, titulu bat irabazteko. Taldez aldatzeko garaia iritsi zen, eta ongi aukeratu zuen, gorantz ari zen Williams-Honda taldearekin sinatu baitzuen.

Taldea oso sendoa zen 1986an, ez bakarrik teknikoki, baizik eta gidari aldetik ere bai. Nigel Mansell eta Nelson Piquetek berak osatzen zuten gidari bikotea, eta biak ere ezagunak ziren euren izaera eta jarrera zailagatik. Bien artean lehiaz gain, ezinikusia era sortu zen, eta taldeak pairatu zituen ondorio latzenak. Elkarri puntuak jaten zizkioten, eta azken lasterketa iritsi zenean, Alain Prost azaldu zen, biei aurrea hartu eta titulua bereganatuz.

Bazuen ezaugarri adierazgarria Piquet-ek: oso politiko habila zen, hitz jarioarekin lortzen zituen hainbat eta hainbat abantaila. Hala, 1987an Williams taldean lehen gidari estatusa lortu zuen, eta hala Mansellek baino tratamendu hobea jaso. Horregatik, pistan irabazi egiten zuen, baina jendearen iritziaren aurrean galdu. Tenperamendu askoko gidaria zen, eta jarraitzaile sutsuak bazituen ere, kontrakoak ia gehiago ziren. Bere estrategiak, baina, emaitza ona eman zion eta 1987an lortu zuen bere hirugarren eta azken titulua.

Hortik aurrera bere karrerak gainbehera azkarra izan zuen, batez ere garaipenik lortzen ez zuelako. Honda motorren bidea jarraitu eta Lotus-ekin fitxatu zuen 1988an, Sennak utzitako zuloa betez. Baina ez zuen inondik inora haren maila eman, eta okerrera egin zuen oraindik 1989an, lasterketa baterako sailkatzea ere hutsegin zuenean. Bere 1 Formula ibilbidea galduta zegoela zirudienean, Benetton taldea etorri zen erreskatera, eta bigarren gaztaro bat eman zion horrek. Izan ere, 1990ko azken bi lasterketak irabazi zituen, eta 1991an bere azkena, Kanadako Sari Nagusian. Hain zuzen, Nigel Mansellek azken itzulian ikusleei agur egiteagatik galdu zuen karrera.