Edukira joan

Publizitatea

1 Formula Euskal Herrian

Zumaiako zirkuitoa

1982an Donostiako ‘Circuitos de Euskadi’ elkarteak Zumaian 1 Formula zirkuito bat eraikitzeko azterketa hasi zuen. Azterketak aurrera egin zuen, eta lanak hastekotan izan ziren. Baina momentu batean, ez atzera, ez aurrera geratu zen, eta proiektua armairuan gelditu zen. Hala ere, eta Bilboko World Series saiakera alde batera utzita, 1 Formula Euskal Herritik gertuen izan den unea izan da.

Zumaian behar zuen zirkuitoak, eta 2500 miloi pezetatik gorako aurrekontua zuen. Ez zen automobil probetara mugatua, aldi berean arraunketa, txirrindularitza eta ziklo-krossa egiteko kirolgune bezala diseinatu baitzen. Gaur egun Joxe Mari Korta industrigunea dagoen orubean egiteko plana zuen 4.660 metro luzerako zirkuitoak.

Goi mailako zirkuito horrek 55.000 auto eta 140.000 ikuslerentzat tokia izango zuen, eta autopistaren alboan egonda, komunikazio onak izango zituen. Bilera batzuk izan ziren Zumaiako alkatea, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, alderdi politikoetako ordezkariak...eta Bernie Ecclestone bera.

Urte osorako programa bat zegoen aurrikusia, zirkuitoari hilabete guztietan erabilera emateko. Tartean, 1 Formula Sari Nagusia, irailean korritzekoa.

Nurburbring, erreferentea
Garai hartan Europan beste zirkuito bat eraikitzen ari ziren. Alemanian, Nurburgring historikoa eguneratu beharrean zegoen, 28 kilometro luze zen zirkuitoa utzi eta laburragoa behar baitzuten. Hori eredutzat hartu, eta han erabili zituzten teknikak hartu zituzten hemen erabiltzeko. Adibidez, box-etako egitura eta itxura.

Harmailak eta pistaren artean Urola ibaia egongo zen, bi funtzio beteaz. Batetik, segurtasun maila handitu, ikusleei dagokienean behintzat. Ibaia tartean izanda, autoak nekez iritsiko ziren ikusleen gunera, baina auto gidarientzat ez zen horren erakargarria. Eta bestetik, arraun probak egiteko ere balioko zuen, harmailak alboan izanda.

Proiektua gidari eta pertsonaia ezagun askori ezagutarazi zitzaien, Europa guztian barna. Eta erantzun ona jaso zuen guztiengandik: Niki Lauda, Didier Pironi, Nelson Piquet... Baina benetako pausoak ematen hasi behar zenean, proiektua gelditu egin zen, izoztu. Eta ez zen haren berri gehiagorik izan.