Edukira joan

Publizitatea

1 Formula Euskal Herrian

Lasarteko zirkuitoa

Donostiako I. Erakustazoka 1922an ospatu zen, eta lehen edizio horrek arrakasta itzela izan bazuen ere, garaiko alkate zen Felipe Maria Azkonak gehiago nahi zuen. Hortaz, bigarren edizioan kanpoko ikusle gehiago nahi zituen, eta Paris-Donostia ‘raid’ batekin lotu zuen. Azokarako pabilioi bat gehiago agindu zuen, eta hor Automobilaren Saloia antolatu, Europako eta Amerikako autogileek beren sorkuntzak erakuts zitzaten.

Automobil lasterketak modan zeuden Europan, eta Gipuzkoako errepideen kalitatea kontuan izanda, egokitzapen lan gutxi batzuekin taxuzko zirkuitoa egiteko aukera ikusi zuten. Horreterako, aditu entzutetsuenak deitu zituzten, tartean "L’Automobile" kazeta ezaguneko Charles Faroux erredaktorea.

Hasieratik ingurunearekin maitemindu zen, eta zirkuitoaren lehen trazak marraztu zituen. Hura Lasarte, Oria, Andoain, Urnieta, Hernani, Oriamendi, Lore-Toki eta Errekaldek osatzen zuten eraztuna zen. Oso zirkuito azkarra izango zen, bataz beste 100 km/o.tik gorako abiadurekin. Guztien artean, Lasarteko zirkuitoa bezala ezagutzen da.

Lasarteko zirkuitua

Zirkuito honek izan zuen oihartzunak, Erakustazoka bigarren planoan utzi zuen. Autogileek araudia eskatu zuten, bertan parte hartzeko, eta kanpoko jende askok erakutsi zuen bertaratzeko asmoa. Aldundiak ere bere aldetik jarri zuen, lanetarako behar ziren langileak ziurtatuz. Udaletxeak, aldiz, baimenak ematerako orduan ez zuen erraztasunik ematen.

Hala ere, proiektuak aurrera egin zuen eta bertakoen artean zirrara eragiten zuen. Auto gidari askok pilotuen modura gidatu zuen zirkuitoa zein zen jakitean, eta agintariek zaintza neurriak handitu zituzten. Inguruan zeuden baserrietara euskaraz idatzitako agiriak bidali zituzten, lasaitasunera deituz.

Lehen edizioak aste osoa iraun zuen, egunero mota desberdineko lasterketa zegoelarik:
Data Lasterketa/Ekitaldia
Uztailak 21, larunbata Erakustazokaren barruan, Automobilaren Saloiaren irekiera
Uztailak 22, igandea Parte hartuko zuten auto eta motoen pisaketa
Uztailak 23, astelehena Motozikleten Sari Nagusia, eta Sidecar-en Sari Nagusia
Uztailak 24, asteartea Voiturettes-en Sari Nagusia
Uztailak 25, asteazkena Turismoen Sari Nagusia
Uztailak 26, osteguna Autozikloen Sari Nagusia
Uztailak 27, ostirala Donostiako Abiadura Sari Nagusia
Uztailak 30, astelehena Gipuzkoan barna automobil ibilaldia

Toki guztietako partehartzaileek eman zuten izena, baita bertakoek ere. Bartzelonatik Elizalde autoak ere etortzekoak ziren.

Zirkuitoak 17,815 kilometro zituen ofizialki (denborarekin aldaketa txiki batzuk izan zituen, batez ere Hernaniko bariantea eraiki ondoren), eta antolatzaileek, segurtasunarekin arduratuta, ikusleei zuzendutako oharrak atera zituen, lasterketak irauten zuen bitartean inola ere pistan ez sartzeko aginduz, ez eta autoren bat geldituta ikusiz gero ere.

Hala ere, horrek ez zuen jende andana geldiarazi lasterketak ikusteko. Lasarteko harmailak bete egiten ziren karrerak ikusteko, ez baitzen jende askoren eskura halako goi mailako auto eta gidariak ikustea. Garaiko FIAk (Association Internationale des Automobile Clubs Reconnus, AIACR) txapelketa antolatu zuen 1925etik aurrera, eta 1926an Donostiako Sari Nagusia gehitu zuen. Munduko maila goreneko txapelketa zen hura, 1 Formula.

Bost lasterketa bakarrik zituen guztira orduko Munduko Txapelketak: Indianapoliseko 500 miliak, Donostiakoa, Frantziako Sari Nagusia, Ingalaterrako Sari Nagusia eta Italiako Sari Nagusia, Monzan. Bost horiez gain, beste karrera askotan parte hartzen zuten, baina bigarren mailako kategoria zuten. Lehen mailako kategoria lau edo bost karrerak bakarrik lortzen zuten. Horrek goi mailako partehartzea ziurtatzen zuen, ez bakarrik gidari aldetik, baizik eta autogile aldetik ere: Bugatti, Delage, Maserati, Ferrari, Alfa Romeo, Mercedes, Hispano-Suiza... onenek Lasarten egon nahi zuten.

Partehartzaileek beren herriaren kolorearekin partehartzen zuten. Adibidez, frantziarrek urdina zuten, ingelesek British Racing Green berdea, italiarrek gorria, etab. Baina Lasarteko zirkuitoak beti izan du lotura urdina. Bugatti izan zen gehienetan garaile, eta frantziarren aztarna sakona da bertan. Azken urteetan ordea, alemaniarrek dominatu zuten, eta haien kolore txuria podiumeko hiru mailatan ikusi zen azken lasterketan, 1935ean.

Bertan parte hartu zuten izen garrantzitsuenen artean, Tazio Nuvolari mitikoa azpimarratu behar da. Gidari entzutetsu hark motoak gidatuz hasi zen lasterketetan, baina autoetan egin zen benetako izarra. Lasarten moto eta autoentzat lasterketak antolatzen baziren ere, autoetan bakarrik hartu zuen parte, hiru aldiz: 1933, 1934 eta 1935ean. Bitan erretiratu egin behar izan zuen, baina 1934an hirugarren amaitu zuen, Bugattirekin. Lasarteko azken lasterketa, 1935ekoa, Ferrari eskuderiarekin korritu zuen, baina Alfa Romeo autoa gidatuz.

Tazio Nuvolari

Lasarteko lasterketa ikusgarrienetako bat Emilio Materassik irabazi zuen, 1927an Bugatti T35 autoarekin Benoist-en Delage autoari aurrea hartuta. Delage 15 S8 autoa urte hartako dominatzailea izan zen, baina Materassik goitik behera agindu zuen lasterketa hartan. Italiarrak hurrengo urtean Italiako Sari Nagusian parte hartzen ari zela galdu zuen bizia, Talbot autoa pistatik irtetean. Harekin batera, hogei ikusle hil ziren.

Erlojuaren orratzen kontrako zentzuan korritzen zen. Zazpi aldiz izan zen Donostiako Sari Nagusiaren lekuko (1923, 1924, 1925, 1927, 1928, 1929, 1930), bostetan Espainiako Sari Nagusikoa (1926, 1927, 1933, 1934, 1935) eta behin Europako Sari Nagusikoa (1926). Baina Espainiako Gerra Zibilak moztu egin zuen ibilbidea, eta gerraren ondoren, automobilismoak Katalunian jarraitu zuen.

Lasarteko zirkuitoan bada gertaera bitxi bat, 13 zenbakiaren zorte txarrarekin zerikusia duena. Paul Torchy belgiarrak Delage autoa gidatzen zuen 1925ean, eta Louis Delage nagusiak itxaropen handia zeukan haren bertuteengan. Kategoria baxuagoetan maila bikaina erakutsita, bere eskuderiarako fitxatu zuen eta faboritoetako bat zen. Donostiako Sari Nagusia korritzen ari zela, laugarren itzulian Maseratti autoa aurreratzen saiatu zen. Irubide ingurua aukeratu zuen aurreraketa saiatzeko, baina pistatik atera zen eta zuhaitz bat jo zuen autoaren atzealdearekin, eta hura lurrera bota. Baina autoa geratu zuena beste zuhaitz bat izan zen, gidariak aurrez-aurre topatu zuena. Torchyk bolante eta aurreko kristalaren kontra jo zuen bortizki, biak ere txikituz. Garezurra hautsi zuen eta Delage autoan eserita hil zen. Istripuaren tokira iristean, hotzikaraz ikusi zuten autoak 13 zenbakia zeramala. Zorigaiztoko zenbaki horren kontra zebiltzan aspalditik federazio asko, eta gertaera honekin Frantziako Automobil Federakuntzak zenbaki hori kentzeko erabakia hartu zuen. Italiarrek gauza bera eskatu zuten 17 zenbakiarekin, baina eskaera ez zen gauzatu. Giulio Massetti Siziliako Targa Florio lasterketan hil zenean, hau ere 13 zenbakiarekin, AIACR-k bai hura eta bai 17a kentzea onartu zuen, presioei aurre egin ezinda. Handik gutxira 17 zenbakia birragertu zen; 13 zenbakia, aldiz, erabat desagertu da 1 Formulatik.

Paul Torchyren autoa

Lasarte, 1924ko gertaera baten ondotik, mugarria ere bada. Rally autoen antzera, 1924a arte autoan gidaria eta gidariaren albokoa zihoazen, autoak kaleko autoetan oinarrituak zirelako. Gidariak askotan jende aberatsa ziren, eguneroko autoaz gain, lasterketetarako beste bat izan zezaketenak. Haietako bat zen Lee Guinness, garagardo konpainia irlandarraren familiako semea. Lasarten korritu zuen Tom Barrett mekanikariarekin batera, irailaren 27 euritsu batean. Segurtasunean pentsatuz, antolatzaileek zirkuitoan hondarra zabaltzea erabaki zuten, itsaspena handitzeko. Baina inguruko hondartzetan nahikoa ez, eta buztina erabili zuten horren ordez. Guinness eta Barrett-en bi litroko Sunbeam autoa hamaikagarren itzulia osatzen ari zela, errepideko zulotxo batek kontrola galdu arazi zien. Autoak zilipurdika egin zuen, errepidea batetik bestera bitan zeharkatuz, gelditu arte. Gidaria eta albokoa airean atera ziren, istripuaren bortiztasunak eraginda. Guinness-ek telegrafo poste batzuen aurka jo eta zauri larriak jasan zituen, baina zatirik okerrena Barrettek eraman zuen; postura txarrean lur hartu eta berehala hil zen. Urte hartatik aurrera, lasterketetan gidaria bakarrik ateratzea erabaki zuten.

Donostiako Sari Nagusia
1923 Albert Guyot (Rolland-Pilain)
1924 Henry Segrave (Sunbeam)
1925 Albert Divo/André Morel (Delage 2LCV)
1927 Emilio Materassi (Bugatti T35C)
1928 Louis Chiron (Bugatti T35C)
1929 Louis Chiron (Bugatti T35B)
1930 Achille Varzi (Maserati 26M)

Espainiako Sari Nagusia
1926 Bartolomeo Costantini (Bugatti T35)
1927 Robert Benoist (Delage 15-S8)
1933 Louis Chiron (Alfa Romeo Type B/P3)
1934 Luigi Fagioli (Mercedes-Benz W25/34)
1935 Rudolf Caracciola (Mercedes-Benz W25/35)

Europako Sari Nagusia
1926 Jules Goux (Bugatti T39A)