MERCEDESEK OHIKO NAGUSITASUNA ERAKUTSI DU, AURKARIEN ZORITXARRERAKO
Laugarrena ere, Hamiltonek
albisteak 2014-05-10 - 19:53:38
Europako sasoi laburrari -Kanada baitator Monakoren ondoren- hasiera eman ohi dio Katalunian korritzen den Espainiako Sari Nagusiak. Taldeak euren egoitzetatik gertuago daudenez, autoari garapenak egiteko aukera errazagoa izan ohi da, eta bakoitzak hartu duen norabidea zuzentzeko ardura historikoa egokitu zaio. Hala ere, aldaketa guztiek egoera lehengoan utzi ohi dute, eta aurtengoan ez da kontrakorik gertatu. Mercedesek segundu bateko aldeari eusten dio, zirkuituak joan, zirkuituak etorri.
Gaurkoan, ia gehienetan gertatu bezala, Hamilton izan da azkarrena. Asteburuaren joan etorriak, baina, ez zuen halakoaren itxura ematen, Rosberg saio gehienetan sendoago aritu baita. Alemaniarrak itxuraz beti zuen zertxobait gordea, taldekidea gerturatuz gero ateratzeko modukoa. Baina Q3an Hamiltonek elementu guztiak lerrokatu eta itzuli aparta osatu du. Erantzunik gabe utzi du Rosberg, eta haren aurpegiak itxura hori erakusten zuen: atsekabea.
Taldeak arduradunak ez dira horren kopetilun egongo, ordea, aldea segundu batekoa izan baita. Gaurkoan, beste zenbaitetan bezala, Ricciardo izan da 'best of the rest'. Australiarrak nabarmen gainditu du Vettel, nahiz eta honek arazoak izan dituen. Arazo horien aurretik ere argi zegoen nor zebilen hobeto, txasirik aldatu beharrik gabe. Une batez Ricciardok Red Bullen aurrerapauso handi baten ustea elikatu du, Q2an segundu erdira gerturatu baita. Hortxe amaitu dira ilusioak, ordea. Iritsi da Q3a eta urrundu dira Mercedes autoak.
Ferrari ere, nahi eta ezin
Domenicali joan da, Europa iritsi da, eta Ferrari beti bezala dabil. Prentsak zabaltzen dituen alabantza teknikoak ez dira hainbestekoak, eta Alonsok zioen bezala, haiek pauso bat ematen dutenean, besteak ez dira geldirik egoten. Espainiarra justu-justu sailkatu da Q3rako, 10. izan baita Q2an. Benetan hobetu duena Raikkonen izan da, sailkatzeko azken bi saioetan Alonso gainditu baitu. Hala ere, finlandiarrak onartu du horrek ez duela pozten, harentzat helburua ez baita taldekidea gainditzea, baizik eta irabazteko lehiatzea. Eta hori, momentuz, ez dute eskura.
Lotusen goruntz doaz, Grosjeanen lan onari esker. Frantziarrak Q3an sartu du bere burua, bosgarren postu landu batekin. Renaulten egin dituen hobekuntzek Lotusi onura gehiago eman diote Red Bulli baino, itxura. Hala ere, Grosjeanen hobekuntza zantzuak ez dira Maldonadoren kasuan errepikatzen, venezuelarrak aukera guztiak zapuztu baititu Q1eko lehen itzulian autoa hormaren kontra gidatuz.
Tartean sartu da Bottas finlandiarra. Hamilton bezala, honek ere taldeko ordena hautsi du, Massak agindu baitu saio guztietan. Brasildarrak ez du Q3an itzuli ona osatu, eta alderantziz, Bottasek asteburu osoko denborarik onena lortu du. Orain taldeak larunbateko maila lasterketan errepikatu behar du, aukera on gehiegi galdu baititu orain arte.
Lasterketak kolore grisa izango duela ia seguru da, baina podiuma ez dago erabakita. Lehen bi postuen izena bai, baina ordena ez da segurua, eta haien atzetik lehia estua da benetan.