Edukira joan

Publizitatea

BARTZELONAN GP2 AUTOAK 1 FORMULARENGANDIK GERTU DIRA

Formularik azkarrena?

albisteak   2014-05-10 - 10:52:21

0 iruzkin

  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Lewis Hamilton, momentuko autorik azkarrenean

Lewis Hamilton, momentuko autorik azkarrenean

Sekulako aldaketa pairatu du 1 Formulak azken urtean. Autoak berdeagoak bilatu nahian, goitik behera eraldatu dituzte zentzu guztietan. Motoreen edukiera %33 murriztu, itsaspen aerodinamikoa mugatu, erregai kopurua gutxitu, pneumatikoak gogortu... Orokorrean, autoak mantsoagoak dira, bataz beste iazkoak baino bi segundu inguru mantsoagoak. Denboraldiak aurrera egin ahala tarte hori murriztuz joango bada ere, bide luzea izango da autoak berriro errekorrak hautsi aurretik.

Errekor asko duela hamar urtekoak dira, Schumacherrek Ferrari autoarekin mundu guztian barna irabazten zuen garaikoa. Motoreak hiru litroko zilindradakoak ziren, ez zegoen RPM edo erregai mugarik, Michelin eta Bridgestone lehia gordinean ari ziren eta autogile asko ziren 1 Formulan: BMW, Toyota, Honda, Renault... horiek guztiak modu batera edo bestera desagertu egin dira ordudanik, nahiz eta Honda datorren urtean itzuliko den. Renaultek 1 Formulan darrai, baina dagoeneko motore hornitzaila gisa bakarrik.

Hamar urte geroago, autoak hiru edo lau segundu mantsoagoak dira. Horrekin batera esan behar da erregai kopurua %40an murriztu dutela, eta halako mozketarekin lau segundu eskas galdu izana ez dela meritu makala. Irakurketa bikoitzak egin daitezke, hortaz. Ezin da ahaztu, baina, 1 Formula errendimendu maximoaren erakuslehio dela, edo behintzat, hori izan dela orain arte. Dagoeneko postu goren hori beste kategorietatik gertuago gelditu da, urtez urte FIAk ezarri dituen mugen ondorioz. Natura eta ingurugiroa zaintzea lehenetsi dute, eta hori txalotu egin behar da. Hain txalogarri ez dena, errespetu hori mantenduz, autoei beste nolabait galdutako itzuli ez izana da. Zergatik ez mantendu itsaspen aerodinamikoa? Zergatik ez areagotu edukiera elektrikoa? Zergatik ez laburtu lasterketen iraupena?

Hartutako erabakiek, abantaila batzuk dituztela onartuta ere, eragin ukaezina izan dute taldeen diru kontuetan: sekulako inbertsioa exijitu die, aldaketak arlo guztietara zabaldu baitira. Motore berri bat garatzea berez dirutza kalkulaezina baldin bada, bi turbo, ERS-K eta ERS-H dituen unitate bat garatzea ia mugarik ez duen diru hustutzea da. Horrek dardarka utzi ditu talde guztien kaxak, eta txikienen kasuan hori baino gehiago. Hain txiki ez direnak ere laguntza eske agertu dira azken asteotan, kostuak nolabait mugatu behar direla esanez. Williamsek egoera gehiago okertu baino lehen eskatu ditu neurriak. Lotusek ezin ditu Renault motoreak ordaindu. Sauberrek errusiatik espero zuen dirua jaso gabe darrai.

Azkenean balantzea desegokia da: inoiz baino gehiago xahutu behar izan dute aspaldiko autorik mantsoenak sortzeko. Atzo GP2 kategorian pole-a lortu zuen autoak 1:29.293ko denbora egin zuen (S. Richelmi, DAMS taldekoa). Denbora horrekin, 1 Formulako FP1 saioan 17. postuan sailkatuko litzateke, Marussia, Caterham eta beste batzuk atzean utzita. Hori guztia ia hamar aldiz txikiagoa den aurrekontuarekin.

Jasotako erantzunak: 0