URTEKO HIRUGARREN BATBIKOA LORTU ZUEN MERCEDESEK, BERRIRO ERE HAMILTON ROSBERGEN AURRETIK IZAN ZELARIK. FERRARIREN ESTRATEGIA BURUTSUAK HIRUGARREN POSTUA EMAN ZION ALONSO AZKARRARI
Hiru garaipen, eta oraindik bigarren
albisteak 2014-04-22 - 09:10:44
Lewis Hamiltonek garaipenak pilatuz jarraitzen duen bitartean, azken lau urteetako munduko txapelduna garai zailak bizitzen ari da. Badira dagoeneko bi lasterketa taldekide gazteari bidea eman behar diola, eta lasterketa haren atzetik amaitu duena. Bi kasuetan bere ingeniariak zuzenean helarazi zion mezua: "Daniel zu baino azkarragoa da, utziozu pasatzen". Bahrainen Vettelek berehala bete zuen agindua, bihurgune jakin batean tokia utziko ziola erantzunez. Txinan, ordea, izerdi gehiago bota behar izan zituen australiarrak taldeko lehen gidaria gainditzeko. Edo agian Red Bullek lehen eta bigarren gidaririk gabe aritu nahi du.
Ez da erraza arrakasta guztia eman dien gidariari halako zerbait eskatzea. Ez da erraza ere munduko txapeldunak oraindik ezer lortu ez duen taldekideari postua ematea. Bitan jarraian egin behar izan du, eta hori mingarria da bere gisako txapeldun batentzat. Lasterketaren amaieran Chris Hornerrek erabaki horren arrazoiak eman zizkion Vetteli: Ricciardo bi geldialditara zihoan eta alemaniarra hirutara, antza. Gerora biek estrategia berbera erabili zuten, eta pistan izan ziren abiadura diferentziak ez ziren, hortaz, estrategiaren ondorio. Vettelek ez zuen inongo unetan bere taldekidearen abiadura berdintzerik izan.
Ferrarin ere taldekideen jardunaz izango dute zer eztabaidatu. Hor ez dute Red Bulleko arazorik, baina horrek ez du esan nahi egoera hobea denik. Scuderian, azken urteetan bezala, auto bakarrarekin ari direla ematen du. Raikkonen iparra galduta dabil, Alonsoren itzalean desagerturik. Lasterketa batzuk behar izatea ulergarria da, baina lau lasterketaren ondoren erritmoa topatu ezinda ari da. Sailkatzean eta lasterketan ez dabil bere mailan. Alonsorentzat bosgarren urtea da Ferrarin, eta denbora tarte horretan taldea nahiz autoa bere neurrira moldatu ditu. Finlandiarrak berak onartu duenez, gidaketa estiloan dago bere atzerapenaren gakoa, ezin baititu pneumatikoak behar bezala erabili. Massak emaitza hobeak lortu zituen iaz lau lasterketaren ostean: hogeita hamar zituen brasildarrak eta hamaika ditu finlandiarrak.
Alemaniarrak sendo
Puntuen sailkapenari so eginez, berriro ere harrigarria da Nico Hulkenbergen postua. Force Indiako alemaniarra laugarren tokian dago, Alonsorengandik bost puntura soilik. Aspaldi eginak ditu talde handi batek fitxatzeko merituak. Aurten, kasu, Lotusek fitxatzeko ahalegina egin zuen, baina azken unean Hulkenbergek atzera egin zuen, eta oraingo egoera ikusita, erabaki ezin hobea izan zen. Urteak aurrera doaz, ordea, eta baliteke gutxien probestutako gidari bilakatzea.
Sailkapen buru beste alemaniar bat dago, Nico Rosberg, nahiz eta garaipen bakarra duen Hamiltonen hiruen aldean. Australiako emaitzak pisu handia du oraindik, baina Katalunian lider aldaketa gerta daiteke. Europako lehen lasterketa izango da halaber, zuzengune gutxiagoduna, aerodinamikan zorrotza. Red Bull eta Ferrari aurrera gerturatu beharko lituzke horrek. Hamiltonek Txinan gainerakoek baino %5 erregai gutxiago behar izan zuen lasterketa patxada guztiz irabazteko. Auto asko dauka oraindik.