FERRARIREN KRISIAK JOTA DATOR TXINAKO LASTERKETA. MERCEDESEK BERE EGOERAZ BALIATU NAHI DU GAINERAKOEKIKO ALDEA HANDITZEKO, BEREZ HAIENTZAT EGOKIA DEN ZIRKUITUAN. HAMILTON ETA ROSBERG ADOS JARRI DIRA EGOERA LEHIA GARBITIK URRUNAGO JOAN EZ DADIN
Sua etxean sartzear
albisteak 2014-04-22 - 08:52:27
Txinako Sari Nagusia Mercedesen erakustaldi berri baten kokaleku izango da. Bahraingo lasterketan, aldeak txikitu ordez handitu egin ziren. Zirkuitu batek ala bestek izan ditzaketen ezaugarriak gora behera, alemaniarren nagusitasuna ez da kolokan jarriko Txinan. Are gutxiago azken urteotan han jaso duten uzta kontuan hartuta. Rosbergek han lortu zuen bere bizitzako lehen garaipena 2012an eta Hamiltonek urte bete lehenago Txinako bigarren garaipena lortu zuen, McLarenekin. Alonsok eten zuen iaz Mercedes motoreen garaipen ilada.
Rosbergek lanak ditu aurtengoan Hamiltoni jarraitzeko. Txinan bera izan daiteke bien artean indartsuen, eta hori probestu beharko luke taldean indar banaketa mantendu nahi badu. Hamiltonek bere momentuko indarra du alde, taldekideari neurria hartuta baitabil. Bahreinen pole-a galdu bazuen ere, ia guztia bereganatzen ari da. Euriak asteburuko ihardunean zuzenean eragingo duela dirudienez, gainerako taldeek gertuago aritzeko itxaropena dute. Lehorrean ez baitute aukerarik.
Marco Mattiacci da Ferrariko buru berria
Iazko garailea Alonso izan zen, baina egoera asko aldatu da hamabi hilabete beranduago. Iaz Txinan eta Katalunian irabazi zuten, denboraldi hasiera indartsua sinatuz. Baina aurten oso atzean hasi dute, aurrealdean ikusi ere egin ez direlarik. Horrek lehen ondorio astuna ekarri du, Stefano Domenicalik bere kargua utzi baitzuen astelehenean. Todten ondorengo papera bete zuen italiarrak Ferrarin, eta ongi ekin zion Raikkonenekin titulua eskuratuz. Baina hortik aurrera Scuderiak ohiko aurpegia erakutsi zuen. Gidari garestienak ditu, pasioa du, jarraitzaile masa paregabea. Urtero goian amaitu badute ere, talde gisa Red Bullekin egin dute topo. Halako aldaketa sakon baten ondorioak ez dira berehala ikusiko.
Aste honetan eman zuen FIAk Red Bullen erregai fluxu neurgailuaren inguruko erabakia, eta bereari eutsi dio. Beraz, Red Bullek ez ditu Australian galdutako puntuak berreskuratu eta Ricciardok ere ez. Edarien energetikoen taldeak Renaulten mende jarraitzen du aurrera egin ahal izateko. Frantziarrek software aldaketetan jarri dituzte itxaropen guztiak. Horrekin bakarrik nekez berreskuratuko dituzte Mercedesek ateratzen dizkien bi segunduak. Gainera, Bahreinen ezustean Force India agertu zen Mercedesen atzetik, Red Bull, McLaren eta Ferrari gehiago atzeratuz. Txinan Mercedes gelditu dezakeen bakarra Mercedes izango da, taldeko bi gidarien arteko lehiak txinparta batekin sua eragin baitezake.