MERCEDESENA DA UNITATE ONENA URTE HASIERAN, RENAULTEK ARAZO ASKO BAITITU
Inor ez dago prest
albisteak 2014-03-06 - 10:04:34
Red Bullen nagusitasunez zipristindutako lau urteren ostean, haien kolore urdinak indarra galdu du. Arrazoia? Goitik behera aldatu den motorizazioa. Araudia, baina, ez da Vettelentzat bakarrik aldatu, baita gainerako guztientzat ere. Eta haietako askok arazo berdinak pairatu ditu denboraldia prestatzeko izan dituzten hamabi proba egunetan zehar. Renault unitateak eman ditu buruhauste gehien, kaltetu nagusiak Red Bull eta Lotus direlarik. Ez dira bakarrak, ordea. Ferrarik ere gutxi erakutsi du burua lehen postuetan. Hobekien prestatu direnak Mercedesen taldeak dira, eta haiek dira lehen lasterketetan aurrean ariko direnak.
Historikoki Adrian Neweyren taldeek ederki probestu dute arautegian aldaketa handirik izan den unea. Halako egoerek buruari eragitera behartzen dute, ohikotasunetik ateratzera. Newey eta bere lantealdea horretan nabarmendu dira beti, baina ez arazorik gabe. Lehen uneann kosta egin izan zaio behin baino gehiagotan, eta badirudi aurtengoa ere horietako kasu bat dela. Berrikuntza nagusia energia iturrian dago, motorea soiliki izatetik urrun dagoena. Hiru energia iturri daude, guztiak ere berritzaileak.
Motoretik hasita, honen neurria asko txikitu da zentzu guztietan. Iaz arteko 2,4 litroko V8 motore atmosferikoak iraganeko teknologia dira. Haien ordez turbo bitartzen elikatzen da V6 motore txikia, 1,6 litroko edukiera duena. Horrez gain, 15.000 biratara mugatua du abiadura, eta erregai kontsumoan ere gehienezko kopurua ezarri dute: lasterketan 100 kilogramo erabil ditzakete gehienez. Ondorioz, iaz motore batek eman zitzakeen 750 zaldi potentzia aurtengo 600etara erori da, eta gainera lasterketan zehar erregaia aurreztu beharrean izango dira ez badute bide ertzean amaitu nahi.
Honen helburua motore ekologikoagoak bultzatzea da, 1 Formulak teknologiaren maila gorena izateaz gain haren norabidea ere gidatu behar lukeela iritzita. Erregaiarekin lortzen den energia gutxituta, beste modu batzuetatik lortzen dena gehituko zaio, ordea. Hala, balaztatzean askatzen den energia gorde egingo da aurreko lau urteetan bezala, baina orain askoz ere neurri handiagoan erabili ahal izango da. KERS izena zuen orain arte, baina ERS-K bataiatu dute aurten, ERS kinetikoa. Bigarren energia berreskuratzea ere izango da aurten, guztiz berritzailea dena: termikoa. ERS-H izenekoa da hau, ingelesezko Heat (beroa) baitu ardatz.
Iaz baino mantsoagoak
Bi energia gehigarri hauek sortu ahala gordetzen dira autoan, eta gidariak kontrolatuko du noiz lagunduko dioten motoreari. Iaz KERSa sei segunduz erabil zezaketen itzuli bakoitzean, eta 80 zaldi gehitzen zizkion motoreari. Aurten, ERS-K eta ERS-H energiak gehituta, guztira 160 zaldi sortzen dituzte eta itzuliko 33 segunduz erabili ahal izango dira. Hala, iazko urtearekiko potentzia galera txikitu egin da. Autoak mantsoagoak izango dira, ordea, teknologia oraindik heldu gabea delako eta autoaren pisu minimoak gora egin duelako, besteak beste. Aldagailuak, adibidez, zortzi martxakoak dira aurten -iaz zazpikoak- baina ez hori bakarrik: urte osoan zehar ezingo dira aldatu. Piezatan aurreztea du xede arau honek, kostuen gorakada kezka iturri izan baita talde guztietan.
Aerodinamikan ere eraginkortasuna murrizteko aldaketak izan badira ere, nagusiki motorea eta haren inguruan kokatu dira. Zifra zehatzik ezin bada eman ere, autoen hozketa beharrak gora egin du. Bestela esanda, erradiadore handiagoak behar dira aurten autoan sortzen den bero guztia kanporatzeko. Red Bullen arazoa nagusia horretan datza, gehiegi txikitu nahi izan baitu atzealdea, guztia elkartu, konpaktatu. Neweyren obsesioa aerodinamika lehenestea da, eta horretarako enbarazu egiten zioten aurtengo elementu berri guztiek. Haiek nola-hala ezkutatu nahi izan ditu autoaren azalpean, arazo termikoak sortuz. Bistakoa da beste autoetan bolumen handiagoa hartzen dutela Red Bullean baino.
Raikkonen Ferrarira itzuli da Alonsoren bikote erakargarria sortuz. Massa Williamsera joan da talde haren berpiztea gidatu asmoz. Webber joan da, Ricciardo gazteari Vettelen kontra lehiatzeko aukera emanez. Baina halako erakargarritasuna duten lehia guztiak itzalean geratu dira teknologiak hartu duen protagonismoarekin. Hamabi proba egun bakarrik izan dituzte taldeek iraultza teknologiko hau pistan probatzeko, eta argi dago ez dela nahikoa izan. Askorentzat denboraldia ez da Australian hasiko; hura ikasketaren jarraipena izango da. Benetan autoaren etekin guztia ateratzerako denboraldia ondo aurreratua egongo da askorentzat. Beste batzurentzat, ordea, aspaldiko aukera onena izango da aurreko postuetan agertzeko.