Denboraldiaren laburpena izan da Brasilgo podioa: Vettel lehenengo postuan, Red Bull nagusi eta Alonso atzetik
Sebastian Vettelek 2013ko denboraldia bederatzigarren garaipena jarraian eskuratuz borobildu du Brasilgo Sari Nagusia irabazita. Bere taldekide Mark Webberrek Bat Formulari podioko bigarren postutik esan dio agur Bat Formulari. Red Bullekoen ondoan Fernando Alonso izan da, denboraldiaren laburpena izan litekeen irudian.
Interlagosekoa ez da ohi bezain garaipen erraza izan Vettelentzat: pistan aurreratu behar izan du eta boxeetan denbora galdu du. Lasterketa hasi denean lidergoa galdu du, Rosbergek aurreratu baitu. Alonso ere gertu ibili da, baina Sennaren S-etara sartzean lekurik gabe gelditu da eta Hamiltonek aurreratu du, laugarren geldituz. Bi Mercedesek postua galdu dute lehenengo itzuliaren amaieran, Vettelek aise aurreratu baitu Rosberg lehenengo postua berreskuratzeko eta Alonso hirugarren jarri baita.
Webberrek, bere aldetik, lehenengo itzulian Massa atzean mantendu ahal izan du, eta Alonsok bezala Hamilton aurreratu du, bai eta handik gutxira Rosberg ere. Red Bullekoak erritmo azkarra zuen eta Alonso aurreratzen saiatu da hurrena, baina 13. itzulira arte itxaron behar izan du. Ferrarikoak bigarren postua berreskuratu du gurpilak aldatu dituztenean, Webberren geldialdian atzeko eskuineko gurpilean arazoak izan baitituzte. Hala ere, australiarrak bi itzuli baino ez ditu behar izan Alonsori aurrea hartzeko.
Webberren erritmoa ona zen arren, ez zen nahikoa Vettelekiko 12 segundoko aldea gutxitzeko. Alde honek sekulako garrantzia izan du azken geldialdian, Red Bullek bi gidariak itzuli berean gelditzea erabaki baitu. Vettelen gurpilak ez zeuden prest, eta horrek alemaniarraren tartea 6 segundora murriztu du. Azken stintaren hasieran Vettelen garaipenak arriskuan zirudien; Webber eta Alonso tartea txikitzen ari zitzaizkion eta euri arriskua zegoen. Laino beltzek ez dute euririk ekarri ordea, eta azken itzulietan lehenengo hiruren arteko tarteak handidu egin dira. Vettelek, denboraldiko 13. garaipenarekin, Schumacherren errekorra berdindu du.
Rosberg lehenengo itzulietan erritmoa galduz joan den heinean, Hamilton eta Massa laugarren postuaren lehian murgildu dira. Ferrarikoa haserre agertu da drive-througharekin zigortu dutenean, lasterketako itzulietan pitlanerako sarrerako marra gurutzatzeagatik. Bestalde, Hamiltonek ukitua izan du Valterri Bottasekin, finlandiarra bere burua desdoblatzen saiatu denean. Horren ondorioz, Bottasek lasterketa utzi behar izan du, eta Hamiltonek gurpila zulatu du eta boxeetara sartu da. Gainera, komisarioek drive-througha ezarri diote britainiarrari ukitua bere errua izan dela iritzita.
Bi gidari hauen dramak garrantzia izan du McLarenek 2013ko emaitzarik onena eskuratzeko. Buttonen eta Perezen hasierako 14. eta 19. postuak ez dira muga izan lasterketa laugarren eta seigarren amaitzeko, hurrenez hurren. Bien artean Mercedeseko Rosberg izan da. Massa zazpigarren izan da azkenean, eta Hamilton bederatzigarren, Sauberreko Nico Hulkenbergen atzetik.
Daniel Ricciardorentzat izan da azken puntua, Toro Rossorekin parte hartu duen azken lasterketan. Bere atzetik Paul di Resta, Esteban Gutierrez eta Adrian Sutil izan dira. Lotusen denboraldi hasiera ederrak amaiera iluna izan du. Romain Grosjeanek agur esan behar izan dio lasterketari bigarren itzulian, motorrean arazoak zirela eta. Bere aldetik, Heikki Kovalainen 14. izan da.
Munduko txapelketei dagokienez, gidarien sailkapenean Vettelen eta Alonsoren atzetik Mark Webber izan da hirugarren, azken lasterketan Hamiltoni aurrea hartuta. Taldekakoan berriz, hainbeste desio zuten bigarren postua Mercedesentzat izan da azkenean, eta Ferrari hirugarren postuarekin konformatu beharko da. Bestalde, Marussiak Caterham gainditu du lehenengo aldiz.