Sebastian Vettelek zortzigarren garaipena jarraian eskuratu du Ameriketako Estatu Batuetako Sari Nagusia nagusitasunez irabazita. Honekin, Bat Formulako historian denboraldi berean zortzi garaipen jarraian lortzen dituen lehenengo gidari bihurtu da Vettel. Podioan bere alboan Romain Grosjean eta Mark Webber izan ditu, hurrenez hurren.
Semaforoko argi gorriak itzali direnean, berehala hartu du aurrea Vettelek, eta lasterketa osoan zehar 6-10 segundo arteko aldea izan du poltsikoan. Webber ondo atera den arren, lehenengo bihurgunean lekurik gabe geratu da eta Grosjeanek eta Hamiltonek aurreratu dute. Red Bulleko australiarrak 13. itzulira arte itxaron behar izan du Mercedesekoari aurrea hartzeko. Erritmo sendoz, Lotusekoarekiko aldea gutxituz joan da, baina Webberren pneumatikoek basta esan dute itzuli gutxiren faltan eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan da. Bere aurretik izan diren biek, Vettelek eta Grosjeanek, lasterketa lasaia izan dute.
Hamiltonek laugarren postuari eutsi dio azken txanpan Alonso asko gerturatu zaion arren. Ferrarikoak geldialdi bakarra egiterakoan Sergio Perez aurreratu du, eta Nico Hulkenbergen bila joan da, hura harrapatu eta pasa arte. Ferrarikoak eta Sauberrekoak Hamiltoni tartea kendu diote azken itzulietan, baina espainiarraren gurpilen errendimenduak behera egin du eta bakoitzak bere postuari eutsi dio.
Hirukotearen atzetik Perez helmugaratu da. Zortzigarren Valtteri Bottas izan da, Bat Formulako lehenengo puntuak eskuratuz Williamsarekin. Finlandiarrak tarte polita atera dio bederatzigarren izan den Nico Rosbergerri. Mercedesekoaren kalifikazio kaskarraren ondoren, azken itzulietan auto dezente aurreratu behar izan ditu bi puntuak bereganatzeko.
Azken puntua Jenson Buttonentzat izan da, azken unean Daniel Ricciardo aurreratu du eta. Jean-Eric Vergne eta Esteban Gutierrezek talka egin dute hiru bihurguneren faltan, eta geldialdi bat gehiago egin behar izan duen Felipe Massak mexikarra aurreratu du.
Heikki Kovalainenen Bat Formulako itzulera ez da nahi bezain ona izan. Lotusek Kimi Raikkonen ordezkatzeko aukeratutako gidariak lasterketa deserosoa izan du. Hasieran postu batzuk galdu ditu, boxeetara bigarren aldiz sartu behar izan da aurreko aleroia aldatzera geroago eta azkenean KERSarekin arazoak izan ditu, hamabosgarren amaituz.
Lasterketa amaitu ez duen gidari bakarra Adrial Sutil izan da. Lehenengo itzulian Pastor Maldonadoren Williamsarekin talka egin eta barreren aurka joan da, safety carra ateraraziz.
Munduko Txapelketei dagokienez, Fernando Alonsok gidarien sailkapeneko bigarren postua lortu du matematikoki. Taldekakoan berriz, Mercedesek 15 puntuko aldea ateratzen dio Ferrariri bigarren postuaren lehian. Denboraldiari amaiera emateko, azken Sari Nagusia Brasilen izango da, azaroaren 24an.