Sebastian Vettelek zazpigarren garaipena jarraian eskuratu du Abu Dhabiko Sari Nagusian. Poletik atera den Mark Webberek ez du irteera ona egin eta Vettelek eta Nico Rosbergek aurreratu dute alde banatatik. Mercedesekoa Webberrengandik defendatzen zen bitartean, Vettelek 1.9 segundo sartu dizkie lehenengo itzulia amaitzerako, sekulako nagusitasuna agerian utziz.
Vettelek itzuliz itzuli aldea handitzen zuen heinean, Rosbergek alde egin dio Webberri eta australiarra Grosjeanek harrapatu du. Red Bullekoak eta Lotusekoak itzuli berean aldatu dituzte gurpilak, pistara orden berean itzuliz. Vettel izan da aurrekoen artean gelditzen azkenenetarikoa, 14. itzulian, eta buruan pistaratu da. Vettel gainontzekoak baino 2 segundo azkarragoa izan da une batzuetan, eta aise irabazi du lasterketa, helmugan bigarrenari 30 segundo ateraz.
Webber pneumatiko berriekin Rosbergengana gerturatu da eta 20. itzulian kanpoaldetik Mercedesekoari aurrea hartu dio. Rosberg bigarren postua berreskuratzen saiatu da, baina bere erritmoa kaskarregia zen Red Bullari atzetik jarraitzeko eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan da. Honen antzera, Grosjeanek ezin izan dio Rosbergi jarraitu eta laugarren amaitu du.
Lasterketako erakargarriena bosgarren postuaren lehia izan da, auto batzuk geldialdi bakarrera joan den Paul di Restarengana gerturatzen zihoazen heinean.
Lewis Hamiltonek denbora asko galdu du bigarren stintean. Webberrek eta Grosjeanek ez bezala, sekulako arazoak izan ditu lehenengo geldialdia egin ostean oraindik gelditu gabeko Esteban Gutierrez aurreratzeko. Sauberrekoa gelditu denean, Mercedesekoak Adrian Sutil harrapatu du, zeinak oraindik irteerako pneumatikoak zeramatzan. Ordurako Hamiltonek Massa, Hulkenberg eta Alonso gertu zituen atzetik. Itzuli berean, Massak Hamilton aurreratu du, eta Alonsok Hulkenberg. Beste autoak gelditu direnean, Alonso Massarengana gerturatu da brasildarra gurpilak aldatzera sartu den arte.
Alonsok azken geldialdia 11 itzuli falta zirela egin du eta Pirelliren pneumatiko bigunenak jarri ditu. Pistara Massaren aurre-aurretik atera da, Vergneren pare-parean, eta Toro Rossokoa bigarren bihurgunean aurreratu du, pistaz kanpo. Komisarioek ikerketa abiatu duten arren, legezkotzat jo dute maniobra.
Alonso Hamiltonengana gerturatu da, zein bere aldetik di Restarengandik oso gertu zen, bosgarren postuaren lehia bizituz. Ferrarikoak berehala aurreratu du Mercedesa, 50. itzulian, baita di Resta ere, hurrengoan. Force Indiakoak Hamilton atzetik mantentzea lortu du, seigarren postu ederra eskuratuz.
Vergneren pneumatiko zaharrek nahikoa esan dute eta boxeetara sartu behar izan da hiru itzuliren faltan, zortzigarren postua Massari utziz. McLareneko Sergio Perezek azken itzulian aurreratu du Sutil bederatzigarren izateko.
Bestalde, kalifikazioaren ostean azkena ateratzera behartu duten Kimi Raikkonenen Sari Nagusia motza izan da. Lehenengo bihurgunean Caterhamak aurreratzen saiatu da eta aurreko eskuineko gurpilarekin van der Garderen autoa ukitu eta suspentsioa hautsi du, hirugarren bihurgune parean autoa aparkatu eta abandonatuz.
Munduko Txapelketetako bigarren postuen lehiari dagokionez, gidarienean Alonsok abantaila izaten jarraitzen du. Raikkonen 34 puntura du orain, eta Hamilton 42ra. Taldekakoan berriz Mercedesek puntu bakarreko aldea du Ferrarirekiko, eta 27koa Lotusekiko. Hurrengo Sari Nagusia Austinen izango da, Amerikako Estatu Batuetan, azaroaren 17an.