Sebastian Vettel, Indiako Sari Nagusian garaitzeaz gain, matematikoki 2013ko Munduko Txapeldun bihurtu da 3 lasterketaren faltan. Bat Formularen historian leku adierazgarria lortu du Buddh zirkuituan, 4 Munduko Txapelketa eskuratu dituen laugarren gidari bihurtuta. Red Bullek ere taldekako Munduko Txapelketa matematikoki erabakita utzi du. Laugarren urtez dira jarraian Vettel eta Red Bull munduko txapeldun.
Red Bulleko alemaniarra poleaz baliatu da lehenengo bihurgunetik lehenengo postuan pasatzeko eta lasterketa guztian zehar buruan izan da, lehenengo geldialdia aurreratu duenean aurkakoa bazirudien ere.
Vettel Pirelliren pneumatiko bigunenekin atera da eta gurpilak aldatzen lehenengo gidaria izan da, bigarren itzuliaren amaieran. Massak, Rosbergek eta Hamiltonek estrategia bera zuten, eta hauek gelditu ondoren, pneumatiko gogorrekin zen Mark Webber jarri da lider. Berak aurreratuta eta boxeetara sartu direnen laguntzaz, 18. postutik 5.era aurreratu da segituan Vettel. Trafikoan zen arren, Webberrekiko 18 segundoko tartea 11 segundora murriztu du australiarra gelditzerako. Ordurako, Vettelek Grosjean, Ricciardo eta Perez aurreratu ditu, eta horren ondorioz Webber gurpilak aldatzera sartu denean Vettelek lidertza bereganatu du.
Red Bulleko bi gidariek azken geldialdia 33. itzulian egin dute, Webberrek pneumatiko bigunekin stint motza egin du eta. Biak azken stintean zirela, Vettelen errenta 13 segundokoa zen, eta taldeak Webberri pneumatikoak zaintzeko agindu dio. Alferrik ordea, handik 10 itzulira Webberrek lasterketa utzi behar izan baitu, alternadorean arazoa zuelako.
Webberren zorte txarrak Kimi Raikkonen jarri du bigarren postuan. Lotuseko finlandiarrak 52 itzuliko stinta egin nahi izan du, Pirellik lasterketa hasi aurretik 35 itzuliko bizitza eman dien pneumatikoekin. Lotusekoak bereak eta bi ikusi ditu azken 8 itzulietan, gomarik gabe gelditu da eta. Horri probetxua ateraz, Nico Rosbergek bigarren postua eskuratu du Lotusekoa aurreratuta.
Itzuliko segundo pasatxo galtzen ari zen Raikkonen, eta berehala gerturatu zaio Grosjean taldekidea, Massa atzetik zuela. Laugarren bihurgunean finlandiarra pistaren kanpotik aurreratu eta zigorra ekiditeko pasatzen utzi ostean, azkeneko bihurgunean aurreratu du frantsesak Kimi, hirugarren postua eskuratzeko. Azpimarratzekoa da Grosjean 17. atera dela, eta lasterketa amaieran bere gurpilek 46 itzuli zeuzkatela. Massak ere berehala aurreratu du Raikkonen eta Grosjeanen ehizara joan da, baina azkenenan laugarren postuarekin konformatu behar izan da.
Itzuli eta erdi geroago, Hamilton eta Perezen arteko lehiaren erdian zen Lotuseko finlandiarra. McLarenekoa DRSaz baliatu da biak aurreratzeko, eta Wokingeko taldean denetik lortutako postu hoberena eskuratu du, bosgarren izan baita. Raikkonen, maniobra berean Hamiltonek aurreratu ostean, boxeetara sartu da bi itzuliren faltan. Zazpigarren postua mantendu ahal izan du, baita itzuli azkarrena markatu ere. Di Restak eta Sutilek Force Indiak etxeko Sari Nagusian bi autoak puntuetan izatea ahalbideratu dute. Azken puntua Ricciardorentzat izan da.
Bere aldetik, Fernando Alonsok, Indiara Vetteli munduko txapelketa kentzeko aukerekin iritsi den gidari bakarrak, gorabeheraz betetako lasterketa bizi izan du. Azkar sartu behar izan da boxeetara, gurpilak eta aurreko aleroia aldatzera, lehenengo bihurgunean Webberren atzeko aleroiarekin talka egin eta hirugarrenean Buttonekin gurpilak ukitu ostean. Ferrariko gidaria lasterketa guztian zehar pelotoiaren erdialdean izan da eta 11. helmugaratu da. Nico Hulkenbergek asteburu sendoa zeraman, hiru itzuliren faltan erretiratu aurretik, zortzigarren postuan zela.
Gidarien eta Taldeen Munduko Txapeldunak erabakita dauden arren, oraindik asko dago jokoan. Alonsok errenta galdu du gidarien txapelketan, eta Raikkonen 24 puntura du, eta Hamilton 38ra. Taldeei dagokienez, bigarren postua garesti dago. Sekulako aldea dago bigarren edo hirugarren izan FIAk banatzen duen dirusariaren artean, eta Ferrari, Mercedes eta Lotus denboraldiko bigarren talde onenaren lehian daude. Mercedesek 313 puntu ditu, Ferrarik 309 eta Lotusek 285. Hurrengo Sari Nagusia Abu Dhabin izango da, azaroaren 3an.