Edukira joan

Publizitatea

FELIPE MASSA ETA MARK WEBBER AZKEN LASTERKETAK ARI DIRA OSATZEN BEREN ASPALDIKO TALDEETAN

Agur esateko erak

albisteak   2013-10-17 - 11:32:23

0 iruzkin

  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Massa eta Webber parez pare, aurtengo neguko probetan, Xerezen

Massa eta Webber parez pare, aurtengo neguko probetan, Xerezen

Langile batek bere kontratuaren azken egunetan erakusten duen jarrerak ordura arte ezkutuan izan dena azaleratzen du. Bere betebeharraren aurrean ohikoa izan ez den gisan arituz gero, zer pentsa ematen du. Felipe Massak eta Mark Webberrek urte asko daramatzate Ferrarin eta Red Bullen, hurrenez hurren. Massak zortzigarren urtea du aurtengoa italiarrekin. Webberrek zazpigarren urtea beteko du aurten austriarrekin. Biek ala biek azken urtea dute euren taldeetan. Batak 1 Formulan jarraitu nahi du, besteak erresistentzia lasterketatan hartuko du parte.

Felipe Massak aspaldidanik zeraman kolokan, batez ere Fernando Alonso taldera iritsi zenetik. Maitatua da brasildarra Ferrarin, oso gaztea zelarik fitxatu zutelako. Schumacherren alboan maila bikaina eman zuen, ondoren Raikkoneni lagundu zion hark titulua lor zezan eta azkenik Massak berak ere izan zuen titulua lortzeko aukera 2008an. Hurrengo urtean istripu larria izan zuen Hungarian, eta horrek taldearen baitan maitatuago bilakatu zuen. Ongi ari zen gidari batek min hartu zuenez, taldeak babes osoa agertu zion. Hortik aurrera bere emaitzek behera egin zuten. Zail izango da jakitea zenbateraino izan zen istripuaren ondorioz edo Alonso bezalako aurkari gogor batengatik. Istripuaren aurretik hamabost pole eta hamaika garaipen zituen. Horren ondoren, zero. Bitartean Alonsok lau pole eta hamaika garaipen lortu ditu Ferrarirekin, autoa erabat herrena ez zen seinale. Massak garaipena eskura izan duen aukera urriak talde aginduek ezereztu dituzte.

Massaren jarrera aldaketak eragin gutxi izan du

Datorren urterako kontratua berrituko ez ziotela jakinarazi ziotenean Massaren jarrera aldatu egin zen. Taldearen alde lan egitea baztertu gabe, berekoiagoa bilakatuko zela adierazi zuen. Japonian taldearen eskakizunei muzin egin zien, eta Alonsori ez zion aurreraketa erraztu. Nekatu egin da Massa, lau urteotan Alonsoren morroi izan baita. Badirudi orain erakusten ari dela amorrua, eta hori zaleen gustuko da. Zoritxarrez, amorratua egon edo ez, Alonsok erraz gainditu du lasterketan.

Webberrek bazuen Red Bullen jarraitzeko aukera. Bere erabakia izan zen taldea uztearekin batera 1 Formula ere uztea. Australiarrak bere garai azkarrenetako txispa galduko zuen, baina guztiek diote errespetua. Lehiakide garbia da pistan eta entzutea merezi duen iritzia pistatik kanpo. Hau ere maitatua da taldean, baina ezin da ukatu Sebastian Vettelek arreta hobea jaso duela. Denborak arrazoi eman dio taldeari, lau titulu lortu baititu alemaniarrak, oraindik oso gazte delarik. Etorkizuneko harribitxia landu nahi zuten eta hor daukate. Webberrek, ordea, inoiz ez du onartu bigarren gidari trataera. Taldeak desegoki artatu duela pentsatu duenean bere modura erantzun du, eta ahaztezina da "Ez dago gaizki bigarren gidaria izateko" bota zuenekoa, Silverstonen irabazi zuenean. Massaren aldean, Webberrek beti eutsi dio bereari. Galera handia izango da australiarra 1 Formularentzat. 

Jasotako erantzunak: 0