Sebastian Vettelek bosgarren garaipena jarraian eskuratu du Suzukan, hiru gidarik eta beste hainbeste estrategiak emozioa eman dioten lasterketan. Poletik atera den Mark Webberrek azken momentuan aurreratu du Romain Grosjean Red Bullen bat-bikoa lortzeko. Fernando Alonso laugarren izan denez, Vettelek Indiako Sari Nagusia arte itxaron beharko du gutxienez laugarren Munduko Txapelketa bereganatzeko.
Semaforoak itzali direnean Romain Grosjean jarri da lehenengo postuan, bi Red Bullek hasiera kaskarra izan baitute. Lewis Hamilton ondo atera da, baina Vettelen aurreko aleroia ukitu eta zulatua izan du atzeko eskuineko gurpilean, lehenengo itzulian boxeetara sartzera behartuz eta bederatzigarrenean behin betiko lasterketa utzaraziz, fondo planoa kaltetuta. Pelotoiaren atzealdean, Giedo van der Gardek eta Jules Bianchik talka egin dute lehenengo bihurgunean.
Lasterketaren lehenengo erdialdean Grosjeanek Webberri eta Vetteli tartetxoa atera die, eta hirurek gainontzekoengandik alde egin dute. Beraien atzetik zen Nico Rosberg, baita Felipe Massaren eta Fernando Alonsoren Ferrariak ere. Taldetxo honek denbora galdu du lehenengo geldialdia eta gero, pneumatiko gogorrenekin atera eta lehenengo stinta luzatu duen Daniel Ricciardoren atzetik geratu baitira. Sauberreko Nico Hulkenberg izan da Toro Rossoa aurreratzea lortu duen lehena, geldialdia aurreratuta Ferrariei aurrea hartu baitie.
Ordurako aurreko hirurek 27 segundoko abantaila zuten, eta honek hiru estrategia desberdin aukeratu ahal izatera eraman ditu, podioak bermatuta baitzirudien. Webberrek hiru geldialdikoaren alde egin du, eta Vettelek eta Grosjeanek bikoaren alde. Alemaniarrak azken geldialdia atzeratu egin du pneumatiko bigunenak jarri ahal izateko, frantziarrak pneumatiko gogorrenak jarri dituen bitartean. Honen ondorioz, Webber lehenengo postuan izan da azken 10 itzuliak arte. Bien bitartean, Vettelek bi segundoko tartea jan dio Grosjeani, eta pneumatiko berriek ematen duten abantailaz baliatu da Lotuseko gidaria aurreratzeko. Webber hurrengo itzulian gurpilak aldatzera sartuta, Vettelek lehenengo postua eskuratu du eta azken lau lasterketetan bezala, laukidun bandera gurutzatzen lehena izan da.
Bien bitartean, Webberrek Grosjean aurreratzea lortu du, kostata bada ere, eta bigarren izan da frantziarraren aurretik. Atzetik, Alonsok eta Raikkonenek Hulkenberg aurreratu dute eta laugarren eta bosgarren izan dira hurrenez hurren, Sauberrekoa atzetik zutela. Esteban Gutierrezek Nico Rosbergen Mercedesa atzean mantendu ahal izan du zazpigarren postuaren lehian. Button eta Massarentzat izan dira azken puntuak.
Munduko Txapelketari dagokionez, Vettelen garaipenak ia erabakita utzi du. Nahikoa du datorren Indiako Sari Nagusian bosgarren izatearekin Alonsok irabaziz gero, eta Ferrarikoa podiotik kanpo geratzen bada, berdin dio Vettelen postuak, edonola txapeldun izango bailitzateke.
Bestalde, txalotzeko moduko keinua izan dute pilotuek lasterketa hasi aurretik, ostiralean zendutako Maria de Villotaren omenez minutu bateko isilunea egin baitute. Horrez gain, pilotu eta talde askok madrildarraren izarra eraman dute, kaskoetan zein autoetan. Mariak sekulako istripua izan zuen duela urte eta erdi Marussiarekin test bat egiten ari zela, eta hilabete ospitalean igaro eta begi bat galdu ondoren, segurtasuna bermatzeko hainbat proiektutan murgilduta zen.