EKIDINEZINA DENA ALDATZEKO AZKEN AUKERA DUTE BIHAR KOREAN ALONSOK ETA MERCEDESEK. VETTELEK ESKURA DAUKA LAUGARREN MUNDIALA, ETA HORRI AURRE EGITEKO ZIRKUITU ZAILA DA YEONGAM. HIRU LASTERKETA KORRITU DIRA BERTAN, ETA AZKEN BI URTEETAN ALEMANIARRAK LORTU DU
Alonso eta Mercedes bat eginda
albisteak 2013-10-04 - 07:43:37
Alonsok argi esan zuen Italiako Sari Nagusia hasi aurretik ez zela aski podiumean amaitzea. Italia eta Singapur jarri zituen lasterketa erabakigarritzat, Vettelekiko aldea murrizteko horiek baliatu nahi zituelako. Asmoa ez zen gauzatu, ordea, espainiarrak kostata bigarren amaitu bazuen ere Vettelek irabazi zituelako bai baita zein bestea. Sei lasterketa gelditzen zaizkio aurtengo denboraldiari, guztiak Europatik kanpo. Ross Brawnek paddock-ean zabaldua dagoen izuari ahotsa jarri zion Singapurreko lasterketaren ondoren: Vettelek hemendik Brasil arte dauden lasterketa guztiak irabaz ditzakeela.
Izan ere, Singapurreko lasterketan Segurtasun Autoaren ondorengo itzulietan Red Bulleko gidaria itzuliko beste guztiak baino bi segundu azkarragoa zen. Horrek era guztietako zurrumurrak eragin zituen, batez ere Minardi taldeko jabe ohiak bere blogean trakzio kontrolaren susmoa zabaldu zuenean. Oinarririk gabeko arrazoiak eman zituen, Vettel beste dimentsio batean aritu zela argitu ezinda. Nagusitasunez aritu zen alemaniarra, bere aurkari bakarra bera izan baitzen. Halako erraztasunik ez du izango Korean, itxuraz Mercedeseko gidariak gertu izango baititu.
Mercedesen beharra du Alonsok
Fernando Alonso da Vettelen laugarren titulua gera dezakeen gidari bakarra, nahiz eta aukera hori murriztuz doan lasterketa bakoitzean. Azken hiru lasterketak Vettelek irabazi baditu ere, Alonso bigarren izan da horietan guztietan. Horri esker itxaropena piztuta mantendu du haren jarraitzaileen artean, baina hirurogei puntuko atzerapena dauka. Vettelek itzuliko bi segundu ateratzearen pareko da diferentzia hori. Sailkatzeetan ez duen abiadura lasterketan topatzen du Alonsok. Atzetik aurrerako lasterketa egin behar izaten du, Vettelen mesederako, alemaniarrak burua hartu eta postu hori erraz defenda dezakeelako.
Alonsok berak bakarrik ezin du Vettelen kontra egin, Red Bullekoak aski baitu lasterketa guztiak bigarren amaitzea tituluaz jabetzeko. Ferrarikoak garaipena lortu eta Vettelek punturik lortuko ez balu, txapelketak argi izpi bat izango luke. Izpi apala, Vettelek edozein unetan jo dezakeelako beste kolpe erabakigarria. Baina itxaropen hori bizirik mantentzeko gainerakoen laguntza behar du. Laguntza hori asteburu honetan Mercedesekoengandik etor dakioke, oso maila onean aritu baitziren atzoko bi saioetan. Hamiltonek izan ohi ditu lasterketa txundigarriak, eta haietako bat izan daiteke biharkoa.