Sebastian Vettelek laugarren garaipena jarraian eskuratu du Koreako Sari Nagusi gorabeheratsua irabazita. Gertakariz eta ikuskizunez betetako lasterketan Lotuseko bi gidariak izan ditu lagun podioan, 9. atera den Kimi Raikkonen bigarren izan baita eta bere taldekide Romain Grosjean hirugarren.
Semaforoak itzali direnean, Vettelek ez du arazorik izan lehenengo postuari eusteko, Grosjeanek Lewis Hamilton aurreratu baitu, bigarren jarriz. Hirugarren bihurgunean Felipe Massak berandu balaztatu eta tronpoa egin du, eta azkena gelditu da. Gehienek brasildarraren Ferraria ekiditea lortu dute, baina Buttonek eta Sutilek aurreko aleroia kaltetu dute.
Lasterketaren lehenengo erdian, Vettelek itzuli azkarrak pilatu ditu Grosjean-Hamilton bikoarengandik urruntzeko. Hauen atzetik Nico Rosberg zen, eta Nico Hulkenberg hurrena, handituz zihoan taldetxo baten buru, azken hau ezin aurreraturik baitzen Fernando Alonso. Raikkonenek bere bigarren geldialdia aurreratu du eta taldetxo horren aurretik jarri da. Bere aurretik, Hamiltonen pneumatikoek sekulako beherakada izan dute eta Grosjeanen atzean izatetik bere taldekide Rosberg atzean erantsita izatera igaro da. Alemaniarra britainiarra aurreratzen hasi denean ordea, bere aurreko aleroia erdi zintzilik gelditu da. Azkenean, txinparta artean hartu dio aurrea, baina hurrengo itzulian boxeetara sartu behar izan da aleroia konpontzera eta horrek Hamiltonen geldialdia are gehiago atzeratu du, dakarren denbora galerarekin.
Bi Mercedesek denbora galduta, Raikkonenek bi postu irabazi ditu lehenengo safety carraren aurretik. Izan ere, bigarren bihurgunearen ondorengo zuzen luzean Sergio Perezi aurreko eskuineko pneumatikoa lehertu zaio. Hamahirugarren atera den Mark Webber mexikarraren atzetik zen eta gurpil bat zulatu zaio. McLarenekoaren pneumatikoaren karkasa pista erdian zenez, safety carra atera da.
Safety carra joan denean, Vettel bi Lotusen aurretik zen. Hurrengo itzulian Raikkonenek Grosjean aurreratu du lehenengo bihurgunean, maniobra bikain batez bidez. Beste safety car bat atera behar izan da jarraian ordea. Sutilek tronpoa egin du hirugarren bihurgunean eta Webberren autoaren aurka joan da. Red Bullak sua hartu du. Sugarrak amatatzeko suhiltzaileen autoa atera da segituan, liderren aurretik, safety carraren banderak erakusteko betarik gabe.
Nahastea konponduta, amaiera lasaia izan da. Vettelek Raikkoneni eta Grosjeani alde egin die, azken lasterketetako nagusitasunez. Lotuseko bikoaren atzetik Nico Hulkenberg izan da, lasterketa ederra eginda. Safety carra sartu denean Lewis Hamilton aurreratu du. Azkeneko itzulietako britainiarraren eta Alonsoren ahaleginak alferrikakoak izan dira, eta Sauberrekoak laugarren postuari eutsi dio. Rosbergek taldetxo honekin bat egin du azkeneko tartean, atzetik Button, Massa eta Perez zituela.
Munduko txapelketari dagokionez, Vettelen azken lau garaipenek laugarren titulura gerturatu dute. Bost lasterketaren faltan, 272 puntu ditu. Alonso 77 puntura dago, Raikkonen 105era eta Hamilton 111ra. Gauzak honela, Vettelek datorren igandean Suzukan Munduko Txapelketa irabazteko aukera matematikoak ditu. Datorren Japoniako Sari Nagusia irabazten badu eta Alonsok 9. edo atzerago amaitzen badu, Vettel 2013ko Bat Formulako Munduko Txapeldun izango da.