Edukira joan

Publizitatea

Vettel, berriz Vettel

Ainhoa Begiristain   2013-09-22 - 18:23:21

0 iruzkin

  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Sekulako nagusitasuna erakutsi du alemaniarrak Singapurgo kaleetan

Sekulako nagusitasuna erakutsi du alemaniarrak Singapurgo kaleetan

Sebastian Vettelek 2013ko garaipenik errazena erdietsi du Singapurko Sari Nagusian. Red Bulleko munduko txapelduna urrunean aurretik zela, gainontzeko gidariak izan dira lasterketa ikusgarria eskaini dutenak, safety car eta guzti. Helmugan, Alonsok bigarren postua eskuratu du eta Kimi Raikkonenek bizkarreko mina atzean utzi du 10 postu aurreratu eta hirugarren amaitzeko.

Mercedeseko Nico Rosberg eta Lewis Hamilton laugarren eta bosgarren izan dira hurrenez hurren, azkeneko itzulian Mark Webberren motorrak pot egin eta gero.

Rosbergek irteera bikaina egin du eta lehenengo bihurgunean Vettelen aurretik jartzea lortu du. Hala ere, Mercedesekoa zabalegi joan da eta Red Bulleko alemaniarrak lasterketa burua berreskuratu du. Berriro halakorik gerta ez zekion, Vettel alde egiten hasi da eta seigarren itzulirako 6 segundoko aldea zuen bere alde.

Alonsok ere irteera ona egin du eta lehenengo bihurgunean berandu balaztatuz, hirugarren jarri da. Gurpilak aldatu ondoren Paul di Restaren atzetik atera da pistara ordea, eta horrek Rosbergekiko denbora galdarazi dio.

Gauzak honela zirela, Daniel Ricciardo hormaren aurka joan da, safety carra ateraraziz. Aurrean ziren Ferrariak, McLarenak eta Lotusak gurpilak aldatzera sartu dira lasterketa erdia gelditzen zenean, Red Bullek eta Mercedesek bi autoak pistan uztea erabaki duten bitartean. Gelditu direnen artean, gehienek lasterketa gurpil horiekin amaitu ahal izan dute.

Estrategia ezberdin hau Vettelentzat ez da arazo izan, sekulako erritmoa erakutsiz itzuli gutxian geldialdia egin eta bigarrenaren aurretik ateratzeko adinako errenta lortu baitu. Webber, Rosberg eta Hamilton trafikoan irten dira ordea. Hiru hauek gelditu izanak Alonso bigarren utzi du, Jenson Buttonen eta Kimi Raikkonenen aurretik. Romain Grosjean taldetxo honetan zen arazo pneumatiko bat tarteko lasterketa utzi behar izan duenean.

Alonsok Buttoni eta Raikkoneni tartetxoa atera die, baina beste biek lehia ikusgarria izan dute podioan sartzeko, McLarenaren pneumatikoak errendimendua galduz joan diren heinean. Zazpi itzuliren faltan, Raikkonenek kanpoaldetik aurreratu du Button, hirugarren postua bereganatuz.

Webberrek Rosberg aurreratzea lortu du azkeneko geldialdian, eta bi Mercedesak atzetik zituela ahalik eta puntu gehien berreskuratzen saiatu da, bi Sauberrak eta McLarenak aurreratuz. Laugarren zela, Red Bullek erritmoa jaisteko eskatu dio, arazo teknikorik izan ez zezan. Australiarrak ezin izan du Rosbergek eta Hamiltonek aurreratzea ekidin, eta hori gutxi balitz bere Red Bulla gelditu egin da itzuli erdia falta zela. Arazoa motorrean zegoela zirudien.

Felipe Massak hiru aldiz gelditu behar izan du eta seigarren amaitu du, atzetik Button, Perez, Hulkenberg eta Sutil zituela. Di Resta hormaren aurka joan da lasterketa amaieran. Kalifikazio txukuna egin ondoren, Esteban Gutierrez hamabigarren izan da, Pastor Maldonadoren atzetik.

Munduko Txapelketari dagokionez, azken hiru lasterketen moduan Vettelek gainontzekoekiko aldea handitu du. Sei Sari Nagusiren faltan, 247 puntu ditu. Bigarren Alonso dago, 60 puntura, eta hurrena Hamilton 96ra, Raikkonen 98ra eta Webber 117ra. Hurrengo lasterketa Korean izango da, urriaren 6an.
 

Jasotako erantzunak: 0