MONZAN EMAN OHI DUTE ALBISTEA, BAINA ERABAKITZEN ARI DIRA ORAINDIK
Nork gidatuko du Ferrarin?
albisteak 2013-09-10 - 09:04:41
Igandean Sebastian Vettelek Monzan beste erakustaldi bat eman eta gero, gutxi dira urtea amaitu aurretik argitzeke dauden kontuak. Horien artean Ferrarik datorren urterako aukeratuko dituen gidariak dira gehien erakartzen duen gaia. Eta ez bat, baizik eta bi ere izan daitezke, azken egunotan azaleratu diren esanekin eta haien inguruko erreakzioekin. Lau urtez jarraian Alonso eta Massa taldekide izan dira. Datorren urtean haietako norbaitek jarraituko duen, ordea, ikusteke dago.
Bikote horretan Felipe Massarena da posturik ahulena. Brasildarra Ferrariren familiako kide da 1 Formulan lehen pausoak eman zituenetik. Bere urterik onena 2008a izan zen, non titulua irabaztear izan zen Hamiltonek Brasilgo azken itzulian berreskuratu zuen arte. Orduaz geroztik ez du maila hori errepikatu, eta urte amaieran izandako zuzperraldiek bakarrik ahalbidetu dute haren jarraipena. Talde-jokalaria da Massa, Alonsori ahal izan duenean lagundu diona, eta hori gustuko dute Maranellon.
Urtez urteko kontratuekin mantendu da Massa azkenaldian, eta momentuz ez du datorren urterako paperik sinatuta. Alonsok bai, ordea, ondo lotu baitzuten bere garaian. Baina kontratu guztietan bezala, badira hura etetzeko baldintzak. Ezin da ukatu Ferrariren eta Alonsoren arteko harremana zaildu egin dela azken hilabeteetan. Hungarian Luca di Montezemolok kontuak eskatu zizkien bi gidariei, eta Monzan Alonsok taldearen iharduna kritikatu zuen sailkatze saioan, irrati bidez. Ez zegoen pozik taldeko ingeniariek egindako lanarekin, eta ezta Massak ustez eman behar zion laguntzarekin ere.
Stefano Domenicalik Belgikako Sari Nagusiaren ondoren taldeko gidarien inguruan hausnartu zuen, autoarekin eta taldearen lanarekin konforme ez baziren "atea non dagoen" badakitela adieraziz.
Izen asko, eserleku gutxi
Ferrariren neurriko talde batek nekez aldatuko ditu bi gidariak datorren urteak dakartzan aldaketa sakonen aurretik. Horregatik, gidari bakarra aldatuko dute gehienez. Igandean onartu zuten erabakitzea oso zaila izaten ari dela, arrazoi askogatik. Raikkonen gero eta gertuago dago, eta honek Massaren tokia hartuko luke. Alonso fitxatzeko modu txarrean bota zuten 2009an Raikkonen, baina itxuraz gainditua dago hori eta harremana berreskuratzear daude. Ezin da ukatu, baina, Alonso eta Raikkonen talde berean izanda bi oilar elkartuko liratekeela kaiola berean.
Orain arte kinielatan sartu ez den Nico Hulkenbergek lasterketa aparta osatu zuen Monzan, bosgarren postuan amaituz Sauber-Ferrari atuoan. Une ezin hobean iritsi da halako emaitza, gainera, Hulkenberg paddockean oso baloratua baitago, baina zarata gutxi ateratzen duenez ez delako berehala nabarmentzen. Hura taldekide bikaina litzateke Alonsorentzat, eta puntu pilatzaile segurua taldearentzat. Giltza Raikkonenek du, eta haren erabakiak bultzatuko ditu gainerako fitxaketak. Haren esanetan, gaur edo bihar jakinaraziko du bere asmoa.
Dirudien bezala Raikkonen Ferrarira itzuliko balitz, horrek gidari bat etorkizun argirik gabe utziko luke: Felipe Massa. Brasildarrak prestijioa galdu du Alonso taldekide duenetik eta puntako taldeetan beteta daude eserleku gehienak. Lotus bakarrik litzateke bolante erakargarriak lituzkeena, Raikkonen galduz gero eta Grosjeanekin zer egin oraindik ez dakitela, datorren urterako lana ziurtate gabea duten gidari askok joko lukeelako ate hori.