Sebastian Vettel hasieratik bukaerara nagusi izan da Monzan eta Italiako Sari Nagusia bereganatu du. Red Bulleko alemaniarra harrapaezina zela, tifosiak piztu dituen bigarren postua lortu du Fernando Alonsok Ferrarirentzat, Mark Webberrekin izan duen lehiaren ostean. Red Bulleko bi gidariei martxa motzak erabiltzeko agindua eman diete azken txanpan abiadura-kaxan arazorik izan ez zezaten. Horrek Webberren Alonso aurreratzeko planak zapuztu dituen arren, Vettelen errenta nahikoa izan da hanka altxa arren aise gailentzeko. Bestalde, munduko txapelketaren lehian dabiltzan Lewis Hamilton eta Kimi Raikkonen azken puntuen lehian izan dira lasterketa hasieran izandako gorabeherek atzeratu egin dituzten arren.
Lasterketa hasi eta lehenengo bihurgunean Vettelek Webberren eta Massaren erasoak jasan behar izan ditu eta planoa egin dio aurreko eskuineko pneumatikoari, baina postua mantendu du eta geroztik atzekoenganako tartea handitzeaz bakarrik arduratu da. Alonso Hulkenberg gaizki atera izanaz baliatu da laugarren jartzeko, eta hirugarren itzulian Webber aurreratu du, hirugarren postua eskuratuz, Ferrariko taldekide Massaren atzetik. Hura aurreratzea ez da lan handia izan, eta Vettelekiko aldea 6 segundotan mantendu ahal izan du lehenengo geldialdiaren aurretik.
Vettel izan da buruan zirenen artean gelditzen lehena. Alonso estrategia desberdina egiten saiatu da eta lau itzuli beranduago aldatu ditu gurpilak. Ordurako Vettelek Ferrarikoarekiko aldea 10 segundora handitu du, eta espainiarra Webberren aurre-aurretik pistaratu da, Red Bullekoak geldialdian Massa aurreratu baitu. Lasterketaren bigarren erdian australiarra Alonso aurreratzen saiatu den arren, Ferrarikoak eutsi egin dio bigarren postuari.
Nico Hulkenberg kalifikazioko postu onaz baliatu da bosgarren izateko. Nico Rosbergen Mercedesa atzetik izan du denbora luzean eta bikoak Alonso, Webber eta Massarengandik segundo gutxira amaitu du.
Raikkonenek lehenengo itzulian aurreko aleroia eta mutur guztia aldatzera sartu behar izan du lehenengo bihurgunean Sergio Perezekin ukitu baita. Bestetik, Lewis Hamiltonek ere espero baino lehenago egin du lehenengo geldialdia, gurpil bat zulatu baitzaio. Lotusekoaren eta Merecedesekoaren suspertzea ikusgarria izan da eta sekulako ikuskizuna eman dute elkar eta beste pilotuak aurreratzen.
Daniel Ricciardo zazpigarren izan da, Romain Grosjeanen eta Hamiltonen aurretik. Kimi Raikkonenek ez du Jenson Button aurreratzerik izan eta McLarenekoarentzat izan da azken puntua. Sergio Perez eta Esteban Gutierrez izan dira hurrenak.
Grosjeanek lasterketa amaitzea lortu du nahiz eta lehenengo itzulian Roggia bihurgunean Paul di Restak aurretik eraman duen. Hor amaitu da eskoziarraren lasterketa. Italiako Sari Nagusia amitu ez duen bestea Toro Rossoko Vergne izan da, lehenengo hamarren artean zela autoa bide bazterrean utzi baitu ke zuria zeriola, transmisioan arazoak medio.
Munduko Txapelketari dagokionez, Sebastian Vettelek lidertza sendotu du beste behin, eta 53 puntura du orain Fernando Alonso. Hamilton eta Raikkonen atzera geratu dira, 81 eta 88 puntura, hurrenez hurren. Denboraldia amaitzeko zazpi lasterketa falta dira eta alemaniarraren aldeak handia dirudien arren, puntu asko dago oraindik jokoan. Hurrengo lasterketa Singapurren izango da, irailaren 22an.