Edukira joan

Publizitatea

Vettel, sendo Belgikan

Ainhoa Begiristain   2013-08-25 - 18:53:45

0 iruzkin

  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Erraztasun handiz izan da garaile Sebastian Vettel Span.

Erraztasun handiz izan da garaile Sebastian Vettel Span.

Sebastian Vettelek espero zitekeena baino errazago irabazi du Belgikako Sari Nagusia. Euri arriskuak eta Span ohikoa izaten den Safety Carrak lasterketa gorabeheratsua iragartzen zuten arren, ez bata ez bestea ez dira protagonista izan lehenengo itzulitik azkenekora Red Bulleko alemaniarrak kontrolpean izan duen lasterketan.

Fernando Alonsok, bederatzigarren atera den arren, bigarrengo postuan amaitzea lortu du, poletik irten den Lewis Hamiltonen aurretik. Munduko Txapelketaren lehian dabiltzanen artean, Kimi Raikkonenek ez du bere errekorra handitzerik izan eta 27 lasterketetan jarraian lehenengo hamarren artean izan ostean, erretiratu egin da galgen arazo bat medio.

Hamiltonek hasiera txukuna egin duen arren, Vettelek itzuli erdia nahikoa izan du lehenengo jartzeko. Hura izan da arerioek alemaniarra gertu izan duten une bakarra. Ordutik aurrera, autoa zaintzea ahalbideratzen zion erritmo kontserbadorea eta bere benetako erritmoa erakusten zuten itzuli azkarrak tartekatu ditu, lidertzari sendo eutsiz.

Bestalde, Alonsok hasiera ederra egin du eta lehenengo itzulian lau postu aurreratu ditu, bosgarren jarriz. McLareneko Jenson Buttoni eta Mercedeseko Nico Rosbergi ere aurre hartu die geroago. Lehenengo geldialdia atzeratuta, Hamiltonen atze-atzetik irten da pistara eta ingelesak La Sourceko bihurgunea gaizki hartu izanaz baliatu da hura aurreratzeko. Hamilton DRSaren laguntzarekin bigarren postua berreskuratzen saiatu da, baina Ferrarikoak postua mantentzea lortu du.

Button Hamiltonengana iritsi zitekeela ematen zuen, geldialdi bakarra eginda erritmo ona baitzuen. Hala ere, azkenean bi geldialdi behar izan ditu eta Hamiltonen, Rosbergen eta Webberren atzetik izan da.

Red Bulleko australiarrak erritmo ona zuen azken stintean, pneumatiko biguinak ordurako gorde baititu, gainerakoek erdiko stintean erabili dituzten bitartean. Hori ez da nahikoa izan Rosbergen atzera iritsi denean ordea, ezin izan baitu Mercedesa aurreratu.

Raikkonenek ez du lasterketa erraza izan. Hasieratik bere Lotusaren galgak gehiegi berotu dira eta azkenean erretiratu egin behar izan da arazo honengatik.

Felipe Massak Romain Grosjean bere atzean mantendu du eta zazpigarren izan da. Lotuseko frantsesa lehenengo hamarren artean geldialdi bakarra egin duen bakarra izan da. Lasterketa hasieran Sergio Perezekin gertakari bat izan du. Komisarioek mexikarrak pistatik bota duela ebatzi dute, eta McLarenekoa drive-through batekin zigortu dute. Azkenean hamaikagarren postuan amaitu du.

Bosgarren atera den Paul Di Restak ez du lasterketa amaitzerik izan, “Autobusaren Geltokia” bihurgunean Pastor Maldonadorekin izan duen ukituarengatik. Hala ere Force Indiak bi puntu eskuratu ditu, Adrian Sutil bederatzigarren izan baita. Daniel Ricciardorentzat izan da azkeneko puntua.

Gauzak honela, Sebastian Vettelen Munduko Txapelketaren buruan jarraitzen du 197 punturekin. Alonso da bigarren 151rekin eta Hamilton hirugarren 139rekin. Raikkonen laugarren postura jaitsi da, 134 punturekin. Hurrengo lasterketa Italiako Sari Nagusia izango da, irailaren 8an.
 

Jasotako erantzunak: 0