LOTUS AUTOEK EMAN ZIOTEN LANIK GEHIEN VETTELI
Auto beltzak eguzkipean bero-bero
albisteak 2013-07-10 - 08:41:37
Indartsu dabiltza Sebastian Vettel eta Red Bull taldea. Kanadan irabazi zuten, ia-ia Erresuma Batuan eta igandean Alemanian asko landutako garaipena lortu zuten. Aurkariak aldatuz doaz. Kanadan Fernando Alonso izan zen, gora zetorren Ferrari auto baten gidaritzan. Silverstonen Nico Rosbergek jaso zuen lehen postua Vettelen arazoaren ostean. Alemanian ez zen haietako inor agertu lehen postuetan, baizik eta Lotus taldeko bi auto beltzek betetzen zituzten Vettelen ispiluak. Landutako garaipena izan zen Vettelena, ziurrenik aurten lortu dituen lauen artean zailena.
Oso modu desberdinean lortu ditu aurten garaipenak gidari alemaniarrak. Bahrainen eta Alemanian podium berbera osatu zen, hein handi batean tenperatura altuek Lotus autoari mesede egiten baitiote. Silverstonen ere ezohiko tenperatura altuaren eraginean korritu zuten, eta auto beltzak oso azkarrak izan ziren. Lotusen arazo nagusia, ordea, ez da autoaren abiadura, baizik eta estrategian ez asmatzea. Duela astebete azken itzulietan boxetara deitu ez izana huts larria izan bazen, herenegun kontrakoa egin zuten guztiz. Boxetara deitu zuten ziurrenik lasterketa amaiera arte irauteko nahikoa bizitza zuten pneumatikoak zituelarik.
Ferrarik badu ausardia estrategia desberdinak aukeratzeko orduan. Alemanian podiuma zuten helburu, horretarako larunbateko sailkatzearen garrantzia bigarren mailara jaitsiz. Alonsok laugarren amaitu zuen, baina horretan lagun izan zituen Massaren hutsa eta Webberrek boxetan galdutako gurpila. Tenperatura igoerak Lotusi mesede egiten dion neurri berean egiten dio kalte Ferrariri. Hori da behintzat azken bi lasterketek utzi duten ondorioa: erregulartasuna topatu du taldeak, baina lehen postutik urrun. Urtea ondo hasi zutela sinestarazi bazuten ere, kontua da iazko puntuak berdindu gabe dirautela.
Aurten ere txapelketa 'deja vu' itxura hartzen ari da. Mercedes azkenaldian oso indartsu agertu da, batez ere sailkatze gehienen jabe izanez. Lasterketan oraindik kontrolpean ez duten aldagai batek buruhauste asko ematen dizkie, eta haien eskutan dago benetan lehian sartzea edo noizbehinkako animatzaile paperean gelditzea. Azken horrek Vetteli egingo lioke mesede, dagoeneko garaipen bat baino gehiagoko aldea ateratzen baitio bigarren den Alonsori. Raikkonenek gorago egon beharko luke, bai autoagatik eta baita erakusten ari den gidaketa mailagatik ere. Hungarian bero egingo du berriro, eta jakina da kolore beltza berotzen dela gehien halakoetan.