Edukira joan

Publizitatea

Vettel irabazle etxekoen aurrean

Ainhoa Begiristain   2013-07-07 - 18:58:24

0 iruzkin

  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Lotuseko gidariek garaipena zaildu diote

Lotuseko gidariek garaipena zaildu diote

Sebastian Vettelek azkenean etxeko Sari Nagusia irabaztea lortu du, Lotuseko Kimi Raikkonenen eta Romain Grosjeanen aurretik helmugaratuta. Lasterketa osoan zehar Lotuseko bi gidariak Vettel estutzen saiatu badira ere, alemaniarrak ez du huts egin eta Nurburgringen bera gailendu da.

Lehenengo postutik atera den Mercedeseko Lewis Hamilton bi Red Bullek aurreratu dute semaforoa itzali eta berehala. Webber bere taldekidearen atzetik izan da, baina lehenengo geldialdian gurpil bat jarri aurretik ateratzeko baimena eman diote eta lasterketa irabazteko zituen aukera guztiak zapuztu zaizkio. Ondo jarri gabeko gurpil hori hegan atera da eta telebistako kamerari bat jo du. Zorionez, ez zaio ezer larririk gertatu.

Hamilton ez da Red Bullen erritmoari eusteko gai izan eta atzean geratu da, Lotuseko gidariak ez bezala, zeinek itzulien joanean gero eta erritmo hobea erakutsi duten. Grosjeanen lehenengo stinta, gurpil bigunenekin, 13 itzulikoa izan da, beste inorena baino hobea, eta horrek 5. postutik 2.era eraman du. Frantziarrak Vettel harrapatu nahi izan du, baina ez du lortu tartea bi segundotik behera jaisterik. Lasterketa erdian atera den Safety Carrak 12 segundora zegoen Raikkonen garaipenaren lehiara gerturatu du.

Safety Carra ateratzearen arrazoia Jules Bianchiren autoa izan da. Marussiakoari motorra hautsi zaio, eta ohiko ke zuriaz gain sugarrak ere ikusi ahal izan dira. Hori gutxi ez balitz, garabia autoa pistatik ateratzera joan denean, bolidoa atzeraka abiatu da aldapan behera, eta gidaririk gabe pista zeharkatu du belarretan gelditu den arte.

Aurrean zirenek une hau probestu dute bigarren geldialdia egiteko, baina gurpil horiekin amaierara iristea ezinezkoa zenez, beste behin aldatu behar izan dituzte. Grosjean izan da aldatzen lehenena, eta Vettel haren atzetik. Raikkonenek 10 itzuli itxaron eta pneumatiko bigunenak jarri ditu. Hauek azkarragoak zirenez, aurrekoekiko tartea jan eta Grosjean aurreratu du, zeinari finlandiarra ez gelditzeko agindua eman dion Lotusek, eta Vettelen ehizara joan da. Hala ere, azken hiru urteetan munduko txapeldun izan denak hortzak estutu eta zuen tartea baliatu du helmugara lehenengo postuan iristeko, Raikkonen segundo bakarrera zuela.

Antzeko lehia bizi izan dute Grosjeanek eta Alonsok ere hirugarren eta laugarren izateko, hurrenez hurren. Ferrariko beste gidaria, Massa, laugarren itzulian pistatik atera eta bertan gelditu da, seigarren zela.

Bosgarren Hamilton izan da, bi geldialdi baino egin ez dituen McLareneko Jenson Button azkeneko itzulian aurreratuta. Webber, gurpilarekin izandako arazoa eta gero, garajera sartu eta azken postuan itzuli da pistara. Safety Carrak galduta zuen itzulia errekuperatzeko aukera eman dio eta 19. postutik zazpigarren amaitzea lortu du, Sergio Perezen aurretik. Nico Rosbergek ez du postu asko aurreratzerik izan eta bederatzigarren postuan iritsi da helmugara. Bere atzetik beste alemaniar bat izan da, Sauberreko Nico Hulkenberg.

Paul di Resta Daniel Ricciardoren eta Adrian Sutilen aurretik izan da, 11. postuan. Hamalaugarren Gutierrez izan da. Williamseko bi gidariak puntuen lehian izan dira, baina gurpilak aldatzerakoan izan dituzten arazoek urrundu egin dituzte. Maldonado hamabosgarren izan da, eta Bottas hamaseigarren.

Vettelen garaipenak Munduko Txapelketan zituen aldeak areagotu ditu. Lider jarraitzen du, 157 punturekin. Haren atzetik Alonso, 34 puntura, Raikkonen, 41era eta Hamilton 58ra daude. Hurrengo Sari Nagusia Hungarian izango da hiru aste barru, uztailaren 28an.

Jasotako erantzunak: 0