SILVERSTONEKO ARAZOEN ONDOTIK BEREHALAKO ALDAKETAK ESKATU DIZKIOTE PIRELLIRI
Gomekin ezin da jolastu
albisteak 2013-07-02 - 12:49:33
Ez du asmatu aurten Pirellik. Inork eskatu gabe pneumatikoak aldatzea erabaki zuen neguan, lasterketetan protagonismoa irabazi asmoz. Gogoratu behar da lehen zazpi lasterketak zazpi gidari desberdinek irabazi zituztela iaz, pneumatikoen kudeaketa baitzen zailtasuna. Udatik aurrera talde guztiek ikasi zuten haiek erabiltzeko modua egokia zein zen, eta garaipena bestelako faktoreen gain erori zen. Galdutako erabakiortasuna berreskuratu nahi izan dute aurten, pneumatikoak berriro ere kritiko bilakatuz. Hori Mercedesen eta Red Bullen kaltetan gertatu zen, baina Ferrariren eta Lotusen mesedetan. Italiarrak alde batekoen eta bestekoen panpina bilakatu ziren, batzuk eta besteak harengandik tiraka ari baitziren.
Hori guztia eramangarria zen, ordea, kirol arlora mugatzen baitzen. Lasterketen emaitzak batzutan alde batera eta besteetan bestera zeraman oreka, eta kexak isilduz joan dira. Bahrainen eta Txinan pneumatiko batzuk hautsi baziren ere, hauek osorik mantentzen zuten egitura, lehertu gabe. Pirellik pistako hondakinei bota zien errua, aldi berean istilu horiei garrantzia kenduz. Itxura txarra ematen bazuten ere, pneumatikoaren egitura bere horretan mantentzeak arriskua maila batetik behera mantentzen omen zuen. Duela bi hilabete zen hori. Ordutik hona egoera asko aldatu da.
Lehenik eta behin, Mercedesekin Bartzelonan egindako proba sekretuak hautsak harrotu ditu. Mercedesen esanetan proba horrek ez zien inolako abantailarik eman. Emaitzek zera diote, ordea: probaren aurretik Mercedesek 14,4 puntu atera zituela lasterketa bakoitzeko, eta probaren ondoren 33 puntu.
Segurtasunaren argudioa ere pikutara bota dute asteburuan Silverstonen izandako gurpil leherketek. Egiturak berak egin du huts, orain arte ez bezala. Hori benetako arriskua da, onartezina. Pirellik pneumatikoaren egitura ere aldatu zuen neguan, kevlar-a alde batera utzi eta altzairuzko alanbrea erabiliz. Asteburu honetan Alemaniako Sari Nagusia dator eta denbora gutxi du Pirellik arazoa errotik konpontzeko. Horregatik eskatu diote McLarenek eta Red Bullek konponbide azkar bezala iazko pneumatikoak eramateko bertara. Iazko pneumatikoek ez zuten halako arazorik sortu eta txapelketa azken lasterketan bakarrik erabaki zen. Hau da, emozio aldetik baleko pneumatikoak izango lirateke.
Inork eskatu gabeko aldaketek behar baino zeresan gehiago eman dute aurten. Pneumatiko etxe bakarra izateak bilatzen zituen ezaugarri guztiak deuseztu ditu Pirellik: segurtasuna eta berdintasuna.