Edukira joan

Publizitatea

Rosbergek irabazi du Erresuma Batuko Sari gorabeheratsua

Ainhoa Begiristain   2013-06-30 - 19:23:21

0 iruzkin

  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Denboraldiko bigarren garaipena lortu du Mercedeseko alemaniarrak

Denboraldiko bigarren garaipena lortu du Mercedeseko alemaniarrak

Nico Rosbergek eta Mercedesek pneumatikoak kontserbatzerakoan aurrerapausoa eman dutela berretsi dute Silverstonen irabazita. Pirelli gurpilen leherdurak protagonista izan diren lasterketan, Rosbergek azken itzulietan Webber atzean mantentzea lortu du. Bestalde, Alonsoren hirugarren postuak eta Vettel erretiratu izanak sailkapen nagusiko tarteak murriztu ditu.

Rosbergen taldekide Lewis Hamilton izan da lasterketako liderra lehenengo itzulietan, Vettelen eta Rosbergen aurretik. Hala ere, Mercedeseko ingelesa izan da atzeko ezkerreko gurpila lehertu zaion lehena, zortzigarren itzulian. Bi itzuli geroago Felipe Massak arazo bera izan du, baita hamabosgarrenean Toro Rossoko Jean-Eric Vergnek ere. Azkenik, McLarengo Sergio Perezek ere leherdura izan du 46. itzulian, atzeko ezkerreko gurpilean honek ere. Hain zuzen, lasterketako lehen Safety Carra Vergneren pneumatiko zatiak pistatik biltzeko atera da. Ez Pirellik ez taldeek ez zekiten seguru zerk eragin dituen leherdura hauek guztiak, baina badaezpada ere chicaneetara ez igotzeko gomendatu diete taldeek beren gidariei.

Lasterketa berrabiatu denean Vettel zen buruan, atzetik Rosberg bi segundo eta erdira zuela. Hala ere, 41. itzulian Vettelen Red Bulla gelditu egin da helmugako zuzenean, abiadura-kaxako matxura batengatik. Safety Carra atera da, eta 12 itzuli falta zirenez, bi estrategia egon dira: Rosbergek, Webberrek eta Alonsok gurpilak aldatu dituzte, eta gainerakoek zeramatzatenak zaintzearen alde egin dute. Rosberg, geldialdia eginagatik, lehenengo atera da, baina Webber 3.etik 5. postura jaitsi da, eta Alonso 4.etik 8.era.

46. itzulian Safety Carrak alde egin duenean, Webberrek segituan aurreratu du Daniel Ricciardo, ondoren Adrian Sutil eta azkenik 49. Itzulian Kimi Raikkonen, bigarren postuan bereganatuz. Lotuseko finlandiarrak ere gurpilak aldatu nahi izan ditu, baina taldeak beranduegi zela adierazi dio eta ia 20 itzuli egin behar izan ditu zeramatzan pneumatikoekin. Webber Rosbergen bila joan da, baina azken itzuli azkarra ez da nahikoa izan eta bigarren postuarekin konformatu behar izan da. Kontuan hartuta, laugarren atera den arren, lehenengo itzulian 14. zela, podioarekin gustura agertu da.

Raikkonenen gainbehera ez da hor gelditu, Alonsok eta Hamiltonek aurreratu baitute. Seigarren Ferrariko Felipe Massa izan da. Hasiera bikaina egin duen arren, gurpilarekin izandako arazoak azken postuetara eraman du, baina Safety Carren laguntzaz postuak igotzea lortu du. Bere atzetik Adrian Sutil eta Daniel Ricciardo izan dira. Force Indiako Paul Di Resta bederatzigarren izan da etxeko Sari Nagusian, 21. postutik atera den arren. Montrealen egin bezala,  pneumatiko gogorrenekin atera da, baina diferentzia ez da orduan bezainbestekoa izan. Azken puntua berriz Nico Hulkenbergentzat izan da, Williamseko Maldonado eta Bottasekin izan duen lehia irabazita.

McLarenek beste lasterketa zail bat bizi izan du, denboraldiko enegarrena. Jenson Button puntuen lehian zen bigarren Safety Carra atera aurretik, baina azken txanpan 7. postutik 13.era jaitsi da. Bestalde, Sergio Perez seigarren zen lasterketa bigarrenez berrabiatu denean, baina pneumatikoa lehertu zaio eta boxeetara iritsi den arren, autoa garajean sartu eta lasterketa ez amaitzea erabaki dute.

Emaitza honek Munduko Txapelketako sailkapena estutu du. Vettelek buruan dirau 132 punturekin, baina Alonso 21 puntura gerturatu zaio, Raikkonen 34ra, Hamilton 43ra,  Webber 45era eta Rosberg 50era. Hurrengo Sari Nagusia datorren igandean izango da, Alemanian, Nürburgringen.

Jasotako erantzunak: 0