Edukira joan

Publizitatea

Vettel jaun eta jabe Montrealen

Ainhoa Begiristain   2013-06-10 - 01:15:11

1 iruzkin

  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Alemaniarrak aise hartu die aurrea arerioei

Alemaniarrak aise hartu die aurrea arerioei

Sebastian Vettelek Munduko Txapelketako burutza sendotu du Montrealen Kanadako Sari Nagusia irabazita. Red Bulleko txapelduna beste maila batean izan da lasterketa osoan zehar, arerioak atzean aise utzita.

Irteera ona egin eta lehenengo aldiz helmugako lerroa zeharkatzean bi segundoko tartea zuen Hamiltonekiko. Alde hori 20 segundora igo da taldeak erritmoa lasaitzeko agindua eman dion arte, nahiz eta bidean laugarren bihurguneko pareta urratu eta lehenengo bihurgunean belarretatik ibili.

Vettelen garaipena Kanadan Red Bullek lortzen duen lehenengoa izan da. Azpimarratzekoa da erakutsi duen nagusitasuna, lehenengo bostei izan ezik beste guztiei itzulia kendu baitie.

Fernando Alonsok podioko bigarren maila lortu du. Lasterketaren aurreneko erdialdean hirugarren postuaren lehian izan da Nico Rosberg eta Mark Webberrekin, klasifikazioko sorpresa Valtteri Bottas hasieran aurreratuta. Williamsekoak bi postu galdu ditu hasi eta berehala, eta bi Reb Bullen eta Mercedesen atzetik izan da Alonsok aurreratu duen arte.

Rosbergek ezin izan ditu pneumatikoak behar bezala kontserbatu, eta ez du lortu atzetik zituenak atzean mantentzerik ere. Lauzpabost saiakeraren ondoren, Webberrek aurrea hartu dio 30. itzulian, eta Alonsok hurrengo zuzenean.

Webberrek Alonso atzean mantentzea lortu du Giedo van der Garde doblatzen ari zela Caterhamekoak Red Bullaren aurreko aleroia ukitu duen arte. Harritzekoa ez den moduan, erritmoa galdu du eta Alonsok aurreratu egin du, Hamilton harrapatu nahian.

Lehia polita izan dute biek, eta 63. itzuliaren zati handi bat parez-pare igaro ostean, Ferrarikoak ingelesa aurreratu du. Hamilton DRSa aktibatzeko mugan mantendu da eta hurrengo itzulian aurreratu nahi izan du, baina ez du bere nahia lortu eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan da, Webberren eta Rosbergen aurretik.

Jean-Eric Vergnek lasterketa sendoa egin du eta bere karrerako postu hoberena den seigarrenean amaitu du, buruko bosten atzetik.

Paul di Restak 10 postu irabazi ditu eta 7. amaitu du. Gidari gehienak pneumatiko bigunenekin irten diren arren, Force Indiakoa gogorrenekin abiatu da, egin duen geldialdi bakarra 57. itzuliraino atzeratuz.

Taldekide Adrian Sutilek lasterketa zaila izan du: zibarena egin du Bottas aurreratu nahian zebilela, Pastor Maldonadok golpe bat eman dio eta doblatzea erraztea behartzen duten bandera urdinei kasurik ez egiteagatik zigorra jaso du, baina hala ere hamargarrena izan da eta puntu bat poltsikoratu du. Force Indiakoen artean Felipe Massa eta Kimi Raikkonen izan dira, lehia etengabean.

McLarenekoen erritmoa ez zen puntuak eskuratzeko behar bezain ona, eta Perez eta Button hamaika eta hamabigarren izan dira, hurrenez hurren. Azkena irten den Lotuseko Romain Grosjeanek ere geldialdi bakarreko estrategiaren alde egin du, baina azken txanpan pneumatikoak aldatu behar izan ditu berriro, puntuak lortzeko lehiatik irten eta hamahirugarrena iritsiz.

Valtteri Bottasek ezin izan du hasierako hirugarren postua mantendu, eta hamalaugarrena izan da taldekide Pastor Maldonadoren aurretik. Gauzak honela, Williamsek punturik lortu gabe jarraitzen du denboraldi honetan.

Munduko Txapelketari dagokionez, herena igaro ostean, Sebastian Vettelek 36 puntuko aldea du Fernando Alonsorekiko, eta 44koa Kimi Raikkonenekiko. Hurrengo Sari Nagusia Silverstonen izango da ekainaren 30ean.

Jasotako erantzunak: 1