Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontorrak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Ur lasterra, ur ederra (II). Biduzeko ur-hegiko bidea

Biduzeko ur emari eztia lagun

Zirga bidea baliatuta, Biduze ibaian mareek izaten duten eragina ezagut daiteke. Herbeheretarrek eraikitako dikeak zapalduta, Bidaxunetik Gixunera dagoen ibilaldia erraz egin daiteke, eta naturaz gozatu.
Gixuneko portura iritsi eta gero, herria bera eta hango gaztelu zaharra bisitatzeko aprobetxa daiteke.
Gixuneko portura iritsi eta gero, herria bera eta hango gaztelu zaharra bisitatzeko aprobetxa daiteke. JOSEAN GIL-GARCIA

2013-07-17 / Josean Gil-Garcia

Biduze ibaia Arbailako mendigunean jaiotzen da, Zuberoako mugan. Misterioari gorazarrea egingo balio bezala, harpe ilun batetik amiltzen da ura, eta saltoka eta boteka jarraitzen du Nafarroa Behereko lurretan barna. Donapaleutik igaro ondoren, alegeraki eusten dio bere erronkari, eta bare-bare abiatzen da 82 kilometroko bidaia luzea egiteko prestu. Gixune herrian, Aturri ibaia besarkatu eta harekin bat egingo du. Itsasoaren eragina nabari dela ikusten da Biduzeko ur emarian. Izan ere, ibaiak bakardadean egiten dituen kilometro luze horietatik banaka batzuek jasango dute ur gaziaren eragina. Hala, hamabost kilometro inguruko tartea ikusiko dugu mareak zer aginduko zain: Gixunetik Akamarreko porturainokoa, hain justu. Horregatik, ibaiaren emaria kulunkatze eztian arituko da, natur dantza gozoan ibiliko balitz bezala.

Hori dela eta, korrontearen noranzkoa zein den nekez asmatuko da batzuetan, ibaiari begira-begira jarrita ere. Ibaiak itsasora doazela txikitan hamaika aldiz entzun arren, zer ikasia badugu Biduzeko bazterretan, ilusio optiko bihurri batek natura alderantzikatua ikusaraziko digulako. Denboran atzera eginez, bazterrotan herbeheretarrak ibili ziren buru-belarri lanean. Ibaiak hartutako lur emankor horiek nekazaritzaren mesedetan atontzen ekin eta ekin ibili ziren. Azken finean, eurek eraiki zituzten ibilbide honetan bisitatu daitezkeen dikeak. Eraikuntza bitxiei esker, eremu zabal landatuak (bartak) ikus daitezke ibaiaren alde bietan: artasoroak, kiwiondo sailak eta makaldi lirainak.

Garai batean portuen inguruan antolatua zegoen merkataritza. Aturri ibai emaritsuak ez ezik, bere ibai adarrek ere baldintza onak zituzten nabigaziorako. Baionaren eta Akamarreren artean portu ugari eraiki ziren. Zazpi portu izan omen ditu Gixune herriak! XIX. mende bukaeran L'Eclair baporeak protagonismoa hartu zuen Biduze ibaian. Bidaxuneren eta Baionaren tartea lotu zuen itsasontzi horrek, bidaiariei eta salgaiei irtenbidea emateko xedez. Itsasontziz aldatzea errazte aldera, harmailak eraiki zituzten portuetan. Ur mailaren arabera, gabarraren eta portuko mailaren artean taulatxo bat jarrita, salgaien ontziratzea errazagoa zitzaien. Garraiobide bitxia XX. mende hasierara arte ibili da ibaian gora nahiz ibaian behera.

Bidaxunetik Gixunera oinez

Gaur egun Biduze eta Aturri ibaien gainean ez dugu trafikorik ikusiko. Akaso, ontzi modernoren bat edo beste, harat-honat aisiaz eta arrantzaz gozatzen. Egun, oinezkoak behialako zirga bideaz gozatzearen karietara, dikeak egokitu dira. Baina ez dugu idirik ikusiko sokatik tira eta tira itsasontziei laguntzen, garai batean bezala. Lan nekosoa ordezkatuta dator orain, eta, zorionez, ibiltariek ibai ertzetako zuhaitzez gozatzeko aukera paregabea izaten dute.

Jarraian deskribatuko dugun ibilbidea Bidaxune (Nafarroa Beherea) herrian hasten da. Autoa elizaren ondoko aparkalekuan utzita, agaramontarren gaztelu zaharrerantz abiatuko gara. Trafiko seinaleak dioenez, Peirahoradara bidea hartuko dugu. Hala, gazteluaren ertzetik igarota, Biduze ibai ertzera iritsiko gara laster batean. Zubia gurutzatu gabe, ezkerrera egin eta zirga bideari ekingo diogu. Asfaltatuta dagoen pistatik jarraituko dugu, dikearen gain-gainetik. Bidaxuneko portura berehalakoan iritsiko gara. Harmailak dituen portu zaharra ikusiko dugu han. Dikera bueltatuz, ibaian behera jarraituko dugu, korrontea lagun. Platanondo ilara eder batek babesa emango digu segidan.

Bihurgune zabala deskribatuko du ibaiak. Une horretan artasoroak eta makaldia aurrez aurre izango ditugu, barta emankorretan ohiko landareak baitira. Lizarren artean ibili ondoren, errepidearekin bat egitera joko dugu zuzen-zuzen. Asfaltoa zapaldu gabe, ordea, hartxintxarrezko bideari heldu eta ibar basoa osatzen duten zuhaitzen babesaren bila joango gara. Bi zubitxo igarota, tinda horiko bide seinaleek zirga bidea uzteko gonbita egingo digute. Arrasto horiei jaramonik egin gabe, haatik, korrontearen ondoan jarraituko dugu. Cassousko portura iritsiko gara ia-ia ohartu gabe. Leku horretan ez dugu harmailarik ikusiko. Ohiko portu bat iruditu arren, bere betebeharra bazuen beste garai batean. Arrokesko harrobi sonatua, gaur egun aintzira bilakatua, hurbil-hurbil dago, eta, jakin dugunez, Biduzeko ertz honetaraino garraiatzen zuten harri preziatua. Desnibela gainditzeko, aire bidezko teleferikoa erabili omen zuten. Harri pilaketa gabarretan sartuta, Baionako porturaino garraiatzea lortzen zuten. Dikeak nahiz Baionako edo Akizeko monumentuak Bidaxuneko harriez eginda daude.

Ibilbide pedagogikoa

Gixuneko ibilbide pedagogikoarekin bat egin dugu portu honetan. Gixuneraino 4,5 kilometro daude, eta ibilbidean zehar naturaren inguruko argibideak ikusiko ditugu. Ibili-ibilian hizpide izango ditugu gai franko, besteak beste, espezie inbaditzaileen eragina, Biduzeko urre zuria eta zikoinen joan-etorriak. Donibane auzoa ibaiaz bestaldean ikusiko dugu laster, ibilbidea amaitzen ari den seinale. Ibilbide pedagogikoa utzi gabe, Gixuneko portura iritsiko gara. Bertan geldialditxoa egin ostean, herria eta gaztelu zaharra ezagutzeko aukera emango digute bide seinale batzuek. Sosegua hartuta, ez da ideia makala izango Gixuneko bazterrak ezagutzera abiatzea.

Ibilbide beretik egingo dugu Bidaxunerako itzulera. Dena den, ibiltzeko gogoa izanez gero, Akamarreraino luza dezakegu bidaia. Izan ere, marearen eragina herri horretan ere ikusiko dugu. Gainera, oso tentagarria egingo zaigu artisauen bizilekua gertutik ezagutzea. Hala egitea erabakiz gero, Bidaxuneko porturaino itzuliko gara berriz ere, eta, agaramontarren gaztelurako errepidera iritsita, Biduze gurutzatu eta ertzaz bestaldeko dikeari jarraitu ondoren, Akamarrera iritsiko gara.