Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontorrak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

UDAKO SERIEA Ibilian-ibilian, goxo-goxo. Dastatu nahi? (IV) Zierbena-Luzuero.

Zierbenako lurmuturra

 
<b>Azoka</b>. Zierbenan itsaski azoka ospatzen da urriaren erdialdean.
Azoka. Zierbenan itsaski azoka ospatzen da urriaren erdialdean. JOSEAN GIL-GARCIA

2016-07-22 / Josean Gil-Garcia

Zierbena herrian (Bizkaia) itsaski azoka ospatzen da urriaren erdialdean, urtero-urtero. 2001ean eman zioten hasiera festari, eta urte hartan bertaratzeko aukera izan zutenek egiaztatu ahal izan zuten itsaskiak erosteko trumilka ailegatzen zela jendea. Propio jarritako postuetan produktu ugari egon ziren salgai, eta itsaskiak saldoka eramaten zituen harat eta honat zebilen jendetza urduriak. Pagotxen bila, seguru. Hasierako urteak zinez arrakastatsuak izan ziren. Krisialdi ekonomikoa iristeaz batera, ordea, antolaketa berria egiteko pausoak eman ziren. Akaso, Zierbenako azoka garai berrietara egokitzeko premia ikusiko zuten. Egoera ondo aztertu ondoren, formatu berria konposatu zuten antolatzaileek. Bai eta ongi asmatu ere!

Publikoaren aurrean azoka indarberriturik agertu zen orain dela bizpahiru urte. Kalitateari eusteko aitzakian, jardunaldi gastronomikoak antolatzen dira gaur egun; batik bat, bertaratzen den orok azokaz sosegu handiz gozatzeko aukera izan dezan. Bisitariek, besteak beste, izkira handiak, lanpernak, nekorak, muskuiluak, otarrainxkak, olagarroa eta itsas datilak dastatzeko aukera izaten dute portuan atondutako bost gune gastronomikoetan.

Zierbenako lurmuturra

Zierbena gainean Luzueroko lurmuturra altxatzen da, eta, behin azokaz bapo gozatuta, eguna biribiltzeko bisita interesgarria izaten da. Abrako badiaren eta Ibaizabal-Nerbioi ibaiaren bokalearen gainean goititzen da Luzueroko lurmuturra, itsasargi baten moldean. Mendeetan, gune estrategikoa izan da Luzuerokoa. Jakina, ipar-mendebaldeko ekaitzen babesean egoteak lasaitu ederra ematen zien Abrako badiatik sartzen ziren merkataritzaontziei. Zierbenako traineruak azkar-azkar itsasoratuko ziren laguntza ematera, beharrezkoa bazen.

Kostaldeko defentsari dagokionez, eremu gutiziatua izan zen Luzuerokoa. Bizkarreko hondakin zaharrek hala esaten dute. Karlistaldiaren garaian, mendiaren gainazala urratu, eta lubaki ugari eraiki ziren. Horietako asko 1936ko gerran berrerabili ziren; batez ere, Burdin Hesia osatzeko. Geroztikoak dira tontorraren azpiko kuartel handia, igarobideak, bateriak eta metrailadore guneak. Beldurraren eraginez eta balizko erasoei aurre egitearen kariaz, Francoren gobernuak defentsak egokitu eta berriz prestatzeko agindua eman omen zuen.

Tipi-tapa Zierbenatik

Zierbenako portuan has daiteke ibilbidea; itsasgizon eta emakumeen aldeko monumentuaren ondoan, hain justu ere. Biribilgunean, Aldapa auzorako bidea hartu behar da. Arrondo jatetxearen atzetik doan kalean gora egingo du ibiltariak, ibilbide laburreko zidorrak agintzen duen bezala. Pilotalekuaren ondoan, eskaileretatik igo eta porlanezko bideari lotzean, ezkerrera jo behar da. Magala astiro-astiro urratzen hasita, Zierbenako portuaren gaineko ikuspegiez gozatzeko aukera polita izango da.

Villa Puri etxearen ondotik igarotzeko gonbita egingo du bideak berehala. Errepideraino jarraituko du bideak, baina, asfaltoa zapaldu gabe, zuzen doan porlan bideari men egin behar zaio, hots, debekua adierazten duen seinalearen bidetik. Pikondoak, arteak, haltzak, lizarrak, hurritzak eta intxaurrondoak gogaide, Lourdes Etxaniz parkera iritsiko da bisitaria. Parkea inguratuta, pista nagusiari jaramon egin, eta Aldapa auzora igo behar da. Gizarte etxea aurrez aurre dagoela, eskuinetik jarraitu eta bidebanatzean eskuineko kalea hartuta, Calleja auzorako bideari ekin behar zaio. Jolas parkearen ezkerretik igarotzen da. Gero, ezkerreko kaletik segitu, eta, porlan bideari begia kendu gabe, Luzueroko hegalerantz bideratu behar dira pausoak. Gero, landaretzak hertsiki babestutako bidexkari oratuta, mendi bizkarrera igo behar da. Garita edo etxola bat ikusiko dugu lepoan. Jaitsieran erabiliko den bide zabala lotuko du han ibiltariak. Hegoaldeko hegala zeharkatzen duen pista leuna alde batera utzita ?kuartelera doa eta?, aldatsari aurre egin, eta hegiz hegi jarraitu behar da, gorantz. Metrailadore gune batera iritsiko da bisitaria, ziztu bizian. Eta gandorrari irmoki lotuta, Luzueroko tontorra adierazten duen erpin geodesikora.

Galerian gaindi

Itsaso aldera metro batzuk eginda, kanoi bat ikusten da. Eta, haren ondoan, lurmuturrak gordetzen duen altxorra: porlanez egindako galeria estua irekiko da begien aurrean. Tentu handiz barnera daiteke; betiere, aspaldiko zulaketa dela ahaztu gabe. Esplorazio txangoa amaituta, hegoaldeko magalera igaroko da bisitaria; kuartela dagoen tokira, hain zuzen. Ekialdera eginez, igoeran hartutako bidexkari muzin eginda, itsasora begira jartzen duen pista zabala aukeratu behar da Aldapa auzora jaisteko.