Elkarrizketak

Xabier Erro. Mendizalea

«Mendian lortzen nuen bizitzeko poza»

Irakasle izan da lanbidez, eta irakasle da oraindik ere, bai mendian, bai mendiari buruz hitz egitean. Euskal mendizaletasunaren historiara pasatu zen, 1980an, Martin Zabaleta Everesteko gailurrera heldu eta gero, espedizio hartako kide baitzen.

2017-04-25 / Unai Ugartemendia

Sasoiko dago oraindik Xabier Erro (Lesaka, Nafarroa, 1946). Hala erakusten du haren itxurak. Erretiroa hartuta badago ere, ez du arazorik eguneko ordu guztiak beteta edukitzeko. Jendeak arretaz kasu egiten die haren hitzaldiei, eta lan asko egiten du mendi gidari gisa. Udan lagunekin Zeelanda Berria ezagutzeko bidaia antolatzen ari da buru-belarri.

Espedizio askotan egondakoa zara, baina nola hasi zinen mendian?

Oso txikitatik, aitarekin joaten nintzen. Lesaka mendi artean dago, eta han bi irteera bakarrik genituen: Bidasoa ibaira igeri egitera edo mendira, Frain gainera edo Larhunera. Aitak oso gustuko zuen oilagorretara joatea, eta ni beti ondoan izaten ninduen. Ondo ikasi nituen Lesaka ondoko paraje guztiak.

Lan kontuengatik, egonaldi luzea egin zenuen Mexikon.

Aitak garai hartako Iberdueron lan egiten zuen, eta diru laguntza bat izaten genuen. Ingeniaritza teknikoko ikasketak egin nituen Iruñean. Haiek amaituta, Donostiako Contadores fabrikan hasi nintzen lanean. Ura neurtzeko gailuak egiten genituen Espainia osorako. Mexikon lantegia muntatu nahi zuten, eta nik ere kanpora ateratzeko asmoa nuen. Lana eta kanpora joateko gogoa uztartu nituen. Handik bueltan, Donostiako fabrika desegin zuten, eta, haiekin lanean jarraitzekotan, Kolonbiara joan behar nuen. Orduan erabaki nuen urte sabatiko bat hartzea Everesteko espedizioa muntatzeko. Espedizioaren ondoren, irakaskuntzan aritu naiz, erretiroa hartu arte. 1981ean, lanbide heziketako lehen eskola euskalduna antolatu genuen Martutenen. Han urte batzuk egin ondoren, Irunera etorri nintzen.

Mexikoko egonaldia mendietara igotzeko ere baliatu zenuen.

Han mendi askotara igotakoa naiz. Lehen nafarra izan nintzen Aconcagua igotzen.

Nondik ateratzen zenuen mendi gidari lanetan aritzeko tartea?

Mendira joateko, oporraldiak baliatzen nituen. Aconcaguara, esaterako, neguko oporretan igotzen saiatzen nintzen. Gasherbrumera joan nintzenean, sanjoanetako azterketak amaitu, azkar batean maletak prestatu, eta bertaratu nintzen, lagunak han zeudela.

Gogoan al duzu 1980an Everestera joateko gonbita nondik iritsi zitzaizun?

Ameriketan egondako garaian igotako gailurrek izan zuten oihartzuna Euskal Herrian. Aconcaguara igo eta gero, Donostian sari bat ere eman zidaten. 1976an, Perun, gero espediziokide izango nituen Rosen, Lorente eta Zabaletarekin elkartu nintzen Chopicalqui mendia [Huascaran, Peru, 6.354 metro] bide berri batetik igotzeko. Gero harremanari eutsi genion, eta, 1979an, etxera itzuli nintzenean, nirekin harremanetan jarri ziren.

Urte osoa behar izan al zenuen espedizioa antolatzeko?

Bai. Hiru hilabete lehenago, abenduaren 5ean joan nintzen Bombayra, 12.000 kilorekin. Everesteko espedizioan zazpi hilabete egin nituen denera, Kike de Pablorekin. Hura Katmandun gelditu zen, eta ni, 105 zamaketarirekin eta 3.000 kilo gainean genituela, gasarekin eta oxigenoarekin, beheko kanpalekura abiatu nintzen. Espediziokideak oraindik etxean zeuden. Egia esan, ondo etorri zitzaidan aklimatazioarako.

Nola moldatzen zinen nepaldarrekin?

Nepalera pixka bat ikastea tokatu zitzaidan [barreak]. Ia derrigorrezkoa zen bertan erosketak egiteko eta janaria eskatzeko. Orduan, gurekin sirdar [zamaketarien arduraduna] lanak egin zituen Pasang Tembak bakarrik zekien ingelesez.

Zuk eskatu zenuen Pasang Temba izan zedila zuen sirdarra.

Nik uste dut hura izan zela Everesteko arrakasta handiena: hura eramatea. Hura joaten zen beti aurrean, beste guztien aurrean. Hark ere igo nahi zuen Everestera.

Espedizio hartara Euskal Herriko jendea joan zineten. Nola antolatzen zineten?

Talde gisa, irteera bakarra egin genuen, Anetora. Gure artean zerbait gehiago ezagutzeko baliatu genuen. Nik banuen harremana Martin Zabaletarekin, Rikardo Gallardorekin, Felipe Uriarterekin, Angel Rosenekin eta Juan Ignacio Lorenterekin. Antolakuntza Gasteizko Cegasa enpresan egiten genuen. Biltegi bat utzi ziguten material guztia pilatzeko.

Espedizioan bertan lanak ondo bereiziak izaten zenituzten edo denek denetik egiten zenuten?

Bai, batzuek komunikazioa, beste batzuek beheko kanpalekuko logistika, beste batzuek irteerako taldeak antolatzea... Nik argi neukan zer egin behar nuen: logistika guztiaz arduratu nintzen, eta, behin Katmandun, Khumbuko ur-jauzian izango genituen xerpak kontratatu behar nituen. Tembak asko lagundu zidan horretan. Altuerako 22 xerpa izan genituen guri laguntzeko. Filmatze lanak ere nik egin nituen tontorrera igotzeko saiakeran. Horrez gain, behin espedizioa amaituta, beste bi hilabete pasatu nituen han dena jasotzen eta antolatzen.

Zabaleta gailurrera heldu bazen ere, zuk izugarrizko desengainua hartu zenuen. Zergatik?

Bai. Biak batera sentitu nituen, poza eta desengainua: poza, Martin gailurrera heldu zelako, baina frustrazioa, hainbeste lan egin eta gero... Hori betiko geldituko zait. Ia urte bateko lana izan nuen, dena ongi lotzen saiatzen zara, xerpa onak, sirdarra ere oso indartsua, eta gero hain gertu izatea... Martin gailurrera heldu zenean, bertan behera gelditu zen espedizioa.

Zenbateko aurrekontua izan zuen espedizio hark?

Garai hartako hamabi milioi pezeta. Bilboko Kutxak zortzi milioi jarri zituen, eta erakundeek gainerakoa. Udal askok diru laguntza asko eman zizkiguten.

Inoiz ez al duzu arantza ateratzeko gogorik izan? Ez al zenuen beste gonbidapenik izan?

Bai, izan nuen, bai, baina ez nintzen joan. Bost bat urte geroago izan zen, baina, zein zihoazen ikusita, ez joatea erabaki nuen. Euskal Herriko Mendi Federazioaren urtemugaren baterako antolatutako taldea zen. Selekzio antzeko bat egin zuten. Bonningtonen bidetik saiatzeko asmoa zuten.

Baina urte batzuk geroago, Gasherbrum II-ra igotzea lortu zenuen.

Bai. Zazpi egun behar izan genituen beheko kanpalekutik tontorrera heldu eta berriro kanpalekura jaisteko. Jabier Garaioarekin, Jose Migel Goñirekin eta Antton Ibargurenekin joan nintzen. Garaioa azken kanpalekuan gelditu zen, eta gu hirurok tontorra zapaldu genuen. Jaitsieran, Ibarguren lagunak, indartsuenak, bizitza galdu zuen.

Nola gertatu zen?

Gailurrera heldu eta gero, atseden hartzera eta oinak berotzera jaitsi nintzen. Behatzetan masajeak ematen ari nintzela, eskuinera begiratu, eta irristan ikusi nuen. Inoizko nahigaberik handiena izan dut.

Nola kudeatzen da horrelako gauza bat?

Gaizki, oso gaizki. Nire hutsegite gisa hartu izan dut beti. Beti pentsatu dut: zenbat hutsegite egin ditut hau gertatzeko? Zergatik ez generaman soka lotuta? Zergatik jaitsi nintzen lehenago? Bizkarrean motxila bat daramadala sentitu izan dut beti.

Hori izan al da mendian bizitako unerik gogorrena?

Bai, dudarik gabe. Beste behin, Lhotse Sarren, xerpa batekin nindoala, konturatzerako nire burua elur artean ikusi nuen, konortea galduta. Zutik jartzeko ere lanak nituen, eta, halako batean, oso pixkana jaikitzen hasi nintzen. Ordurako, eskerrak xerpa behera jaitsi zen, eta lagunei abisua pasatu zien. Bi une horiek ezin ditut inola ere ahaztu.

Gasherbrumekoaren ondoren erabaki al zenuen berriro ere zortzimilako batera ez itzultzea?

Halaxe izan zen. Ez agian gogo faltagatik, baina beste gauza gehiago nituen atzean: bi seme, emaztea, lana, bertan hartutako egurra... Horrez gain, beti pentsatu izan dut gauza guztietarako gure momentua izaten dugula: lehenik Pirinioak, gero Alpeak, geroago Andeak, Himalaia... Baina hau ere bihurgune baten antzekoa da, lehenik gora zoaz, baina gero jaitsi egiten zara, eta askotan jakin behar izaten da pauso bat atzera egiten. Erretiratu baina gehiago, albo batera baztertu nintzen.

Oraindik harremanari eusten al diozue 1980ko espediziokideek?

Gutxi, nahi baino gutxiago. Orain dela bi urte elkartu ginen bazkari batean, baina, iaz, Juan Zelaia hil zen, eta ez ginen elkartu. Ea aurten berriro ere elkartzen garen.

Mendi gidari gisa aritzen zara oraindik. Zuhurtasuna omen da zure ezaugarririk onena.

Izugarria. Asko ikasi dut urteen poderioz. Jendea astakeria asko egiten ikusi izan dut, mendian ergelkeriak egiteagatik bizitza galdutakoak ere bai... Lagun mediku batekin lan asko egin nuen orain urte batzuk, eta jendea mendira eraman aurretik proba ezberdin asko egiten dizkiet. Horrela jakiten dut nirekin joan behar duena sasoiko dagoen edo ez, altuerara ondo egokitzen den... Esfortzuko proba baten antzeko gauza bat da, baina altueran. Askotan, behin mendian gaudela ere, proba ezberdin asko egiten dizkiet bezeroei.

Gogorra behar du bezero bati esatea ezin duela tontorrera igotzen saiatu.

Oso zaila da, baina bizia hori baino garrantzitsuagoa da. Behin gertatu zitzaidan, Aconcaguan, 6.000 metroan bezero batzuk arazo ezberdinekin ikusten nituela. Han oxigeno gutxi dago, eta, gainera, odol presio txarra zuten, lo egiteko zailtasuna eta jateko goserik ere ez. Sei mila metroan zain gelditzeko esan nien, gu igoko ginela eta hurrengo egunean denak batera jaitsiko ginela. Guk tontorrera heldu ginen, eta, jaisten ari ginela, non ikusi nituen tontorrerako bidea hartuta. Haien atzetik atera nintzen. Harrapatu, gailurrera heltzen lagundu, eta behera joan behar genuela esan nien. Berriro ere oinak erakusteko esan nien 6.000 metroan. Izoztuak zituzten. Hurrengo egunean helikopteroa etorri zen, eta ospitalera eraman behar izan zituzten.

Gaur egungo Everestekin oso kritikoa zara. Zergatik?

Ez zait gustatzen espedizioak nola egiten diren, espedizio komertzialak esaterako. Badira esaten dutenak mendiak azkazal bat galtzea ere ez duela merezi; betiere, menditik ez bazara bizi. Niri mendietara era etiko batean igotzea gustatzen zait, ahal den materialik gutxiena erabiliz, ahal den erarik garbienean. Hala ere, ez zen horrela izan gure 1980ko espedizioan. Orduan, lortu beharreko gauza baten modukoa izan zen, berdin zion nola.

Egia al da zure bizitzako unerik zoriontsuenak mendian igaro dituzula?

Bai. Bakoitzak bizitza bat du, eta nire bizitzan mendia oso garrantzitsua izan da beti. Berdin esan nezakeen lanari buruz, baina esan dezaket mendian lortzen nuela bizitzeko poza. Oso zoriontsua izan naiz.

Familiarentzako ere oso gogorra izango da alpinista bat etxean izatea, ez?

Bai, oso zaila da. Benetako maitasuna baldin badago, zerbait gehiago dago. Nik badakit, esaterako, nire emazteak asko sufritu duela, baina badakit ere harentzat hori zerbait izan dela, eta merezi izan duela. Horri lotuta esan dezaket niretzat oso aberasgarria izan dela ondoan izatea hasieratik gaur egunera arteko lagun handi bat. Garai txarrak ere izan ditugun arren, hura beti saiatu izan da ulertzen nire afizioa nolakoa zen. Badut ondoan jendea bizitzaren garairen batean erabaki bat hartu behar izan duena. Nik ez dut horrelako arazorik izan.

Gaur egungo espedizioei erreparatzen al diezu?

Gustatzen zait erreparatzea eta haiek egiten dutena irakurtzea. Asko errespetatzen ditut, baina ez ditut batere partekatzen. Asko aldatu dira gauzak azken urteetan, eta baliteke nire pentsamoldea ere zaharkituta gelditu izana [barreak]. Iruditzen zait askok eta askok espedizioak hedabideei begira egiten dituztela. Badirudi gaur egun kontatzeak egiteak baino gehiago balio duela.

Esan dezakegu mendiko adiskidetasuna galdu egin dela?

Asko. Berekoiagoak bihurtu direla iruditzen zait; badirudi askotan gauzak egiteari garrantzi handiagoa ematen zaiola, ondoko lagunari laguntzeari baino. Iruditzen zait diru asko ordaindutako espedizioetan gailurrera heltzeak garrantzi handiegia duela, lortzeko moduak baino gehiago. Gure garaian, mendira bi lagun joaten baginen, biok jaisten ginen.

Gaur egun, askotan joaten al zara mendira?

Bai, astean hiru edo lau aldiz. Inguruko mendietan ibiltzen naiz gehienbat, Larhunen, Larrun Txikin, Talaia inguruan ere bai... Mendiko bizikletan eta itsasoan igeri egiten ere asko aritzen naiz.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa