Edukira joan

Publizitatea

Albisteak

Simone Moro. Alpinista

«Mendimin handia sentitzen dut oraindik»

Ez da edonor, alpinismoaren historiara aspaldi pasatutakoa baita Simone Moro. Neguko espedizioak maite ditu, eta neguan lehendabiziko aldiz igotako hamahiru zortzimilakoetatik lau berak igo ditu. Azkena, Nanga Parbat, Alex Txikonekin.

2017-01-10 / Unai Ugartemendia

Nabari du, bai, nekea. Ez da harritzekoa. Simone Morok (Bergamo, Italia, 1967) hiru hitzaldi eman berri ditu Italiatik Euskal Herrira egindako bidaian, hiru egunetan. Hala ere, ez du inongo eragozpenik jartzen , ez galderak erantzuteko, ez argazkiak prestatzeko. Argazkilariak eskatutako guztiari zintzo erantzun dio. Hotzera ohituta dagoenez, Araotzeko (Oñati, Gipuzkoa) hotzak ere ez du kikildu alpinista italiarra. Nanga Parbaten neguko lehen igoera lortu zuten hiru protagonistak elkartu ziren urte amaieran Euskal Herrian: Simone Moro bera, Alex Txikon eta Ali Sadpara. Moro oso pozik dago Euskal Herrian jaso duen harrera ikusita: entzule pila bat hitzaldietan, jendearekin argazki asko atera beharra eta lagun zahar askorekin topo egitea. «Etxean bezala sentiarazi nauzue».

Alpinisten munduan neguko errege gisa ezagutzen omen zaituzte. Zer deritzozu?

Egia dela [barreak]. Hori da niri gehien gustatzen zaidan alpinismoa. Nire bizitzaren zati handi bat eskaini diot neguko espedizioei. Orain artean 54 espedizio egin ditut eta horietako hamabost neguan egin ditut, pentsa, %30 inguru. Asko gustatzen zaizkit neguko espedizioak. Niretzat esploraziotik ere asko dute espedizio horiek. Horrekin ez dut esan nahi beste espedizioak gogoko ez ditudanik.

Horregatik miresten al zenituen Riccardo Cassin eta Walter Bonnatti italiarrak edota Hermann Buhl austriarra?

Bai. Horiek guztiak zerbait berria egiten saiatzen ziren beti, garai ezberdinetan gainera. Ni eskalatzen hasi nintzenean bazirudien dena egina zegoela, ez zegoela ezer berririk egiteko, baina ez zen egia. Neguko espedizioak zeuden, esaterako. Poloniarrak bakarrik aritzen ziren horretan. Horregatik ditut hain maite neguko espedizioak. Zailtasun handia dute, %15eko probabilitatea besterik ez da izaten gailurra lortzeko. Nahiz eta ez diren egokienak, niretzat zerbait berezia dute.

1997an, zure neguko lehen espedizioan, Anatoly Bukreyev lagun errusiarra galdu zenuen Annapurnan. Zein oroitzapen duzu egun hartaz?

Oso gogorra izan zen. Garai hartako lagunik onena galdu nuen, eta ni ere mirari bati esker nago bizirik oraindik. Nire liburuan idatzi nuen bezala, miraria eta gaitasun puntu bat elkartu ziren egun hartan. Oso zaila izaten da 800 metroko eroriko batetik bizirik irtetea. Hasiera gogorra izan zen arren, urte batzuetara itzultzea erabaki nuen. 2004an Shisha Pangmako gailurretik oso gertu gelditu nintzen. Handik urtebetera, Piotr Moravski poloniarrarekin igotzeko aukera izan nuen. Hamazazpi urte ziren inork neguan zortzimilakorik igotzen ez zuela.

Zuk baduzu zure teoria neguko espedizioez, espedizio osoak neguko egunetan izan behar duela.

Ez da nire teoria bakarrik, astronomiaren araua da, besterik gabe. Arauak norberaren mesedetan aldatzeko ohitura handia daukagu. Niretzat ez du inolako baliorik espedizio guztia udazkenean osatzeak eta abenduaren 22an gailurra egiteak. Hori kiroltasunik gabe ibiltzea da eta alpinismoan gauzek bere izena dute. Agian gaia plazaratu zuen lehena izan nintzelako esan daiteke nire teoria dela, baina ez da egia.

Oraindik neguan igo ez duzun arren, Everest lau aldiz igotakoa zara. Zer du mendi horrek zuretzat?

Lau aldiz igo dudan arren, ez zaizkit batere gustatzen egindako igoerak. Hala ere, gustuko dut, munduan dagoen mendirik altuena delako. Metafora bat da Everest, ez da mendirik politena, ezta zailena ere... Kontent nago eginiko igoerekin, baina denetan oxigeno artifiziala erabili dut. Askotan denbora gutxian erabili izan dudan arren, hori ez zait gustatzen. Aurten ez naiz Txikonekin joango, baina hemen esan dezaket itzultzeko asmoa dudala.

2013an, Ueli Steckekin bertan zinela, oso esperientzia txarra pasatutakoa zara.

Oraindik zaila egiten zait han zer gertatu zen ulertzea. Inoiz ez nuen pentsatuko zortzimilako batean izango nuen arriskurik handiena ez zidanik mendiak sortuko, gizakiak baizik. Nepalen 70 aldiz baino gehiagotan egona naiz. Denetik egin dut bertan: eskolak eraiki, bertako askoren ikasketak ordaindu... Ez naiz bertara joan den konkistatzaile harro bat, ezta gutxiagorik ere. Horrelakoa banintz, ez nuke inoiz haientzako egin dudan guztia egingo. Ni ere ez naiz santua, hori badakit. Egun hartan lau xerpa izan ziren istilu guztia hasi zutenak. Xerpa gazteak dira, belaunaldi berrikoak, sakelakoarekin eta Internetekin hazitakoak... Argi dute espedizio komertzialetatik ateratzen dutela dirua.

Egia al da haien lana oztopatu zenutela?

Horman lan gogorra egiten ari ziren soka finkoa jartzen. Gu haiengandik 150 metrora geunden, gure lana egiten. Haiek egun erdia behar izan zuten; guk, berriz, ordu eta erdi behar izan genuen lan berbera egiteko. Bi aukera zituzten: lehena, gure lana goraipatzea; bigarrena, bertako nagusiak haiek zirela aditzera ematea. Bigarrena hautatu zuten. Parean jarri ginenean, haien soka zeharkatu behar genuenean, oihuka hasi zitzaizkigun: ea zer egiten genuen bertan, zertan genbiltzan... Laguntzeko prest geundela esan genien, baina okerrago izan zen. Denetik esaten hasi zitzaizkigun eta nik, une batean, haizea hartzera bidali nituen. Nire hitzak mehatxu gisa hartu zituzten eta beheko kanpalekura jaitsi zirenean, denak elkartu ziren eta hil egin nahi gintuzten.

Beldur handia pasa al zenuten? Zer egin zenuten?

Bai, bai, ikaragarria. Xerpa asko elkartu ziren bat batean eta denek eskuetan harriak zituztela egin ziguten harrera. Hurrengo egunean kanpalekua jaso eta alde egin behar izan genuen.

Beno, ahaztu ditzagun gauza ilunak. Lau zortzimilako eginak dituzu neguan. Zergatik itzultzen zara beti neguan?

Neguan ez dugu xerpekin borrokan aritzeko aukerarik izaten [barreak]. Oso alpinismo bakartia da negukoa, han ez da inor egoten. Gertuko herrietako jendea ere beherago jaisten da garai horretan. Beste espedizioekin ere ez da arazorik izaten sokak jartzeko garaian. Horregatik gustatzen zaizkit hainbeste. Bertako ahalegin fisikoa eta buruaren lana oso handiak dira. Hiru hilabetean eguraldi oneko hiru leiho besterik ez dira izaten gailurra egiteko. Hori aintzat hartu gabe bertan egiten duen hotza.

Nanga Parbat hirugarrenean igotzea lortu duzu. Obsesio bilakatzen ari al zen?

Obsesioa ez. Ni ez naiz motibazioa azkar galtzen duen horietakoa. Kirol eskaladatik datorren alpinista bat naiz, nahiz eta ez den ohikoena. Eskaladak irakatsi zidan pazientzia behar dela. Ez naiz aitzakiak jartzen dituen horietakoa. Badakit askotan zain egon behar izaten dela: egunak, hilabeteak... Banekien halako batean lortuko nuela.

Oso metodikoa omen zara entrenamenduekin eta pisuarekin.

Bai, saiatzen naiz hala izaten. Gaur egungo alpinista on batek eskalatzaile ona izan behar du, korrika ere ibili behar du eta pisua ere zaindu behar du. Nik, esaterako, eskalatzen aritzen nintzen garaiko pisu berbera dut. Lan asko egiten dut horretarako.

Italia ere erdibiturik omen duzu, edo oso Simone zaleak edo aurkakoak.

Hala da. Nire nortasunagatik da. Oso gustuko duzu edo gorroto duzu. Askori iruditzen zaie mendian asko komunikatzea mendiari bere sentimendua kentzea dela. Nik asko errespetatzen ditut horrela pentsatzen dutenak, baina espedizioetarako laguntzaileei ere zerbait eskaini behar zaiela iruditzen zait. Reinhold Messner eta Walter Bonnatti ere horrelakoak ziren, edo asko maitatzen zituzten edo gorrotatzen zituzten. Agian askok horregatik ez naute gogoko, baina egindakoak hor daude.

Batzuek oraindik ezbaian jartzen dute Nanga Parbateko gailurra.

Inoiz gehien dokumentatu den espedizioa izan da: GPSaren datuak daude, azken hamabost urtetan bertan ateratako argazkiak ditut —denok arroka berean atera izan ditugu argazkiak—, beste aldeko bideo bat ere badugu eta, gainera, bertan egon diren guztiek baieztatu dute hala dela. Ez dut gehiago esateko.

Azken espedizioak emakume batekin egin dituzu, Tamara Lungerrekin. Bera al da alpinismoaren etorkizuneko emakumea?

Nik uste dut baietz. Osagai guztiak ditu horretarako: gaztea da, komunikatzaile ona, hedabideekin harreman ona du, babesleak ditu, oso erakargarria da eta, garrantzitsuena, oso indartsua da. Lhotse [8.516 metro] eta K2 [8.611 metro] igotakoa da, eta Nanga Parbaten gailurretik oso gertu gelditu zen. Munduko txapelduna izandakoa da mendiko eskian, bost urtez. Ez dut uste inork zalantzarik izango duenik.

Lunger izan al daiteke K2 neguan igotzen lehen emakumea?

Berak esaten duenez, ez da aurretik igotako mendietara itzultzen, eta K2 igota duenez... Hala ere, Alexentzat, Alirentzat eta niretzat, berak ere igo zuen Nanga Parbat. Oso jende gutxik daki gailurreko egunetan hilerokoarekin zegoela. Berak egin zuen ahalegina ikaragarria izan zen, gurea baino handiagoa.

Berriro ere Alex Txikonekin eta Ali Sadpararekin ikusiko al zaitugu espedizioren batean?

Baietz uste dut, ia ziur. Oso harreman estua sortu da gure artean. Gizaki onak dira eta horrela betiere errazagoa izaten da.

Zergatik ez zara aurten Txikonekin joan?

Hamabost espedizio eginak ditut neguan, ia denak jarraian, eta aurten atsedenaldi bat hartu nahi nuen. Azken urteetan ezin izan dudanez, semearen urtebetetzea etxean ospatuko dut.

Inoiz burutik pasatu al zaizu hamalau zortzimilakoak neguan igotzea?

Etorkizuneko erronka bat izan daiteke, ez Simone Mororena, baina bai bateren batena. Jada 49 urte ditut eta ia ezinezkoa da, jakinda neguko espedizioetan igotzeko aukerak %15ekoak bakarrik izaten direla. Gainera, hamar zortzimilako geratzen zaizkit eta dena ondo aterata ere, urtero bat igoko banu ere, ia 60 urte izango nituzke.

Zerekin konformatuko zinateke?

Dagoeneko konforme nago nire ibilbidearekin. Neguan zortzimilako bat igotzea latza da, beraz, pentsa lau igota... Hala ere, beste bat igotzearekin amesten dut oraindik.

Manaslu (8.156 metro) omen duzu begiz jota.

Bai, baina nire teoria jarraituz igo nahiko nuke. Igo zutenean azken kanpalekua abenduaren 21ean jarri zuten. Ez Manaslu bakarrik, Dhaulagiri ere horrela egin zuten. Niri, ordea, gaur egungo estiloarekin igotzea gustatuko litzaidake, espedizio osoa neguan eginda.

Etorkizunik ikusten al duzu neguko espedizioetan?

Bai, agian ez zortzimilakoetan, baina bai beste gailur batzuetan. Esaterako, zazpimilakoak iruditzen zaizkit etorkizuneko tontorrak, bai udan eta baita neguan ere. K2a neguan igotakoan alpinismoaren beste orri bat beteko da, baina liburu bat ez da orri bat. Beste erronka batzuk etorriko dira.

Egia al da ez duzula K2ra neguan igotzen saiatzeko asmorik?

Egia da, bai. Jendearen sena oso kontuan hartzen duen horietakoa naiz. Esan dezaket askotan nire senagatik iraun dudala bizirik. Askotan aurreikusi egin ditzakegu gerta dakizkigukeen gauzak, eta nire emazteak amestu zuen ni K2an gelditzen nintzela. Beraz, ez naiz inoiz neguan joango. Agian udan saiatu beharko dut [barreak].

Eskarmentu handiko alpinista zaren aldetik, zertan aldatu da mendia azken urte hauetan?

Gaur egungo alpinistak oso ezberdinak dira. Nire antzekoak iruditzen zaizkit asko. Eskalatzaileak edo mendi korrikalariak dira mordoxka bat. Askoz ere prestatuagoak daude, bai fisikoki eta baita teknikoki ere. Ikusi besterik ez dago zer nolako gauzak egiten saiatzen ari diren.

Oraindik ere zerk bultzatzen zaitu zortzimilakoetara joatera?

Mendimin handia sentitzen dut oraindik. Fisikoki ondo sentitzen naiz, gainera. Uste dut beste lau edo bost urte gelditzen zaizkidala maila gorenean.

Zein dira zure etorkizuneko erronkak?

Udaberrian berriro ere Nepalera joateko asmoa dut, Tamara Lungerrekin. Oso mendi garaia da, baina oraindik ezin dut ezer esan. Zera bakarrik esan dezaket: biok bakarrik joango gara eta oxigenorik gabe igo nahi dugu.

Informazio osagarria

Publizitatea