BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

pirinioak

Pica D'Estats mendiaren inguruko zortzi hirumilakoak

Pica D'Estats mendia Kataluniako mendirik altuena da eta oso bisitatuta da. Baina bere baitan badira beste zazpi hirumilako bisitatxo bat ere merezi dutena. Ibilbide honekin zortzi hirumilakoak bisitatuko ditugu.
Pica D'Estats mendia (erdian) eta inguruko hirumilako batzuk. Argazkia Sotllo menditik egina da. Parajea, zoragarria da.
Pica D'Estats mendia (erdian) eta inguruko hirumilako batzuk. Argazkia Sotllo menditik egina da. Parajea, zoragarria da. /

Pica D’Estats mendia kataluniarrentzat mendi berezia da, bere 3143 metroekin Kataluniako mendirik altuena da eta. Gailurrean duen metalezko gurutze handian ohikoa izaten da Estelada bat topatzea. Mendi hau lehen aldiz 1864. urtean Henry Russell eta Jean-Jacques Denjean mendizaleek igo zuten Frantziatik. Bide bera jarraituz, bertara igo zen lehen kataluniarra Jacinto Verdaguer apaiza izan zen 1883 urtean. 13 urte beranduago, 1896 urtean, gaur egun ohikoen bihurtu den hegoaldeko bidetik, hau da, Vallferreratik, lehen igoera Luis Maria Vidal ingenieri eta geologoaren eskutik iritsi zen.

Pica D’Estats mendiaren inguruan beste zazpi hirumilako daude. Frantzian bere osotasunean dauden Montcalm eta Cap de la coma de Riufred mendiak ezik, beste hirumilakoek (Pic Rodó de Gabardona, Punta Gabarró, Pica D’Estats, Pic de Verdaguer, Pic de Sotllo eta iparreko Pic de Sotllo) Frantzia eta Katalunia arteko mugaren bizkarrezurra jarraitzen dute, bi estatuen arteko horma izango balira bezela. Esan beharra dago zortzi hirumilako hauetatik bi (Iparreko Pic de Sotllo eta Cap de la coma de Riufred), nahiz eta hirumilako izateko behar diren erizpideak jarraitu, hirumilakoen zerrenda ofizialean ez daudela.

Hirumilako hauek guztiak igotzeko, deskribapen gehienetan jarraitzen den ibilbidea jarraitu genuen, Pica D’Estats mendira doan Gabarró bidea jarraituz.

Lehenik Vallferrera aterpetik Estany D’Estats ibonera igo ginen, hemen ohiko bidea utzi eta Estany Gelat de la conca gelada ibonera igotzeko. Hemendik Estanyet de la Conca Gelada ibonera igo eta honen ondoren Pic Rodó de Gabardona mendia igo genuen, eguneko lehen hirumilakoa.

Pic Rodó de Gabardonatik Punta Gabarró mendira bien arteko ertza gure eskuinean utziz joan ginen, ongi zapaldutako bidexka bat jarraituz, Pica D’Estats eta Punta Gabarró mendien arteko leporaino. Lepo honetan motxilak utzi eta Punta Gabarró igo genuen.

Pica D’Estats mendira igotzeko Punta Gabarró eta Pica D’Estats mendien arteko ertza igo genuen "Gabarró bidea" jarraituz. Ertza honetan ibilbide osoko zatirik zailena topatu genuen: 5-6 metro inguruko hormatxo bat. Hormatxoa teknikoki ez da zaila (II+) helduleko ederrak baititu, baina gure oinen azpian irekitzen den amildegia galanta da.

Behin Pica D’Estats mendiaren gailurretik Pic de Verdaguer mendia igo genuen eta hemendik, ederki zapaldutako bide batetik, Cap de la coma de Riufred eta Montcalm mendiak. Montcalm menditik atzera egin eta Vallferrera aterpetik mendi honetaraino datorren ohiko bidea Port de Sotllo mendateraino jarraitu genuen. Hemen motxilak utzi eta Pic de Sotllo eta iparreko Pic de Sotllo mendiak igo genituen. Motxilak berreskuratu eta Vallferrera aterpera itzuli ginen, hemendik Pica D’Estats mendira doan ohiko bidea jarraituz (TRF-GR ibilbidea, alegia).

BIDEAREN DATU BATZUK

- luzera: 21,8 km.

- Abiapuntua: Vallferrera aterpea, 1840 metro.

- Amaiera: La Molinassa aparkalekua, 1805 metro.

- Altuera minimoa: La Molinassa aparkalekua, 1805 metro.

- Altuera maximoa: Pica D’Estats, 3143 metro.

- Desnibel positiboa osora: 1910 metro.

- Zailtasuna: Punta Gabarró eta Pica D’Estas mendien arteko ertzan II+ zailtasuna duen 5-6 metro inguruko hormatxoa.

- Igotako mendiak: 8.

- Guk egindako denbora:10 ordu eta 20 minutu atsedenaldiak kontutan hartuta.

ERAMANDAKO MATERIALA

Gure asmoa ibilbide osoa zapatilekin egitea zen, baina interneten lortutako informazioaren ondoren, gauden garaiako inoiz baino elur gehiago zegoela ikusita, mendiko botak, kranpoiak eta pioleta eramatea erabaki genuen. Punta Gabarró eta Pica D’Estats mendien arteko ertzarako ez genuen materialik eraman, baina eskalatzen ohitua ez dagoen batekin joanez gero ez legoke gaizki soka motz bat eta aseguratzeko materiala eramatea, lehen esan bezela, oinen azpian irekitzen den amildegia handia baita.

Anaiak egindako bideo honetan ibilbidearen laburpentxoa ikusteko aukera duzue

Informazio, argazki eta bideo gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa