BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Zumaya Flysch Trail, Copa de España

Karramarroak bezala, atzeraka goaz.
/ Internetetik hartua

2014-07-14 / Arkaitz Irureta

EH mendi erronkako kronikan aipatu nuen arren, berriz ere banator kontu honekin. Ekainean Izaban egin zuten Espainiako txapelketa eta koparako puntuagarria den mendi lasterketa, eta astebukaera honetan, bigarren urtez jarraian, Zumaian (edo Zumayan esan beharko genuke?) jokatu da Espainiako kopa.

Txikitatik, mendizaletasuna euskararekin eta Euskal Herriarekin lotuta bizi izan ditut nik. Are gehiago, Euskal Herriko Selekzioaren aldeko aldarriarekin bizi izan ditugu txapelketak.

Mendian federatu txartela egiteko FEDMEtik banandu eta EMFk bere federatu txartel propioa atera zuenean, aurrerapauso galanta iruditu zitzaidan, mugak eduki arren. ESAITen lana ere bide onetik doala iruditzen zait, baina nahi baino mantxoago, halere.

Gurean, Espainiako selekzioaren kontra izan gara beti, gure lasterkarieri askatasunez Euskal Selekzioan parte hartzea debekatu zaielako, eta Euskal Herrian Espainiako lasterketak (Espainiako txirrindulari itzulia eta abar) egitearen kontra egon izan gara.

Baina bide honetan atzerapauso nabarmenak gertatzen ari direla iruditzen zait. Urtetan bazka bila ibili diren putreek azkenik aurkitu dutelako arkumea. Badirudi dagoeneko kontran egon ez eta gainera Espainiako lasterketak Euskal Herrian egiteaz harro gaudela. Eta lasterkari batzuk, horrekin ados egon ez arren, lasterketa hauetan parte hartzera joaten direla.

Tamalez, asimilazio egoera batean gaudela dirudi, ez baitut espero nuen erreakzioa ikusten. Bestetik, lasterkarion partetik boikotaren boterea gutxiesten dugula iruditzen zait; Ados ez bazaude, ez joan!

Horregatik, horrela pentsatzen dugun lasterkari guztiok batera, EHn egingo diren Espainiako lasterketei boikota egin behar diegu. Galtzeko ezer ere ez daukagu; ez gara profesionalak, eta horren ordez lasterketa ugari daude. Irabazteko, aldiz, duintasuna eta nazioarteko errekonozimendua daukagu. Ez da gutxi!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather