BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

raidak

Esteribar raid-etik bueltan

Larunbat goizean lehiatzeko irrikitan zeuden kirolari piloak bete zuen Zubiriko kiroldegi ingurua.
Esteribar raida
Esteribar raida / Imanol Garaizabal

Mendi bizikletak prestatu, zapatilak, jatekoa, patinak, bastoiak… Dena egoki antolatzea komeni da, raidak irauten duen 7 orduetan material aldetik behintzat arazorik ez edukitzeko.
09:30ean hasi zen briefing edo bilera teknikoa. Bertan raida osatzen zuten 4 sekzioak azaldu zizkiguten. 10:00etan irteera.

Lehen sekzioa laburra izan zen, orientazio motz bat erreka inguruan eta 2 kilometroko igoera bat patinetan. Osteriz herriraino joan ginen. Patinetan igotzerik nahi ez zutenek korrika egin zuten proba berezi hau, baina denboran zigor txiki bat izan zuten.

Trantsiziora iritsitakoan, bizikletako zapatilak jantzi, mapak portamapasean jarri, eta btt-ko sekzioari ekin genion. Hasieran igoera polit bat zeukan. Orduan egin genuen Aaronek eta nik lehenengo akatsa. Ez genuen bide azkarrena aukeratu, denbora dexente galdu genuen, lehenengo gindoazela uste genuen eta talde mordo baten atzera pasa ginen. Ondoren igoera luze eta eder bat iritsi zen. 1100 metroraino igo ginen. Zaldiak larrean zebiltzan mendi eder haietan eta Pirinioak ere bertan ikusten genituen. Tarte horretan bizi-bizi igo ginen, galdutako denbora berreskuratu nahian. Jaitsiera luze eta azkar baten ostean Zilbeti herrira iritsi ginen. Han zegoen eguneko bigarren trantsizioa.
Bizikletak utzi, mendiko zapatilak jantzi, eta Adi mendiko magaletan ekin genion trekking-ari. Aldapa pikoa zen. Pagope garbia zenez, bideetatik kanpo ibiltzeko aukera zegoen, eta zuzenean joan ginen hainbat CPtara. Hori izan zen gure apustua: ahalik eta zuzenen joatea. Kosta egin zitzaigun pare bat CP aurkitzea baina ez genuen trekking txarra egin. 40 metroko tirolina eder bat ere egin genuen sekzio erdian.
Trekking-aren bukaera aldera, 4 edo 5 CP falta zitzaizkigunean, estrategian pentsatu, eta ibilbide osoa egitea erabaki genuen. 17:00etarako azken btt-ko sekzio osoa burutzea posible zela iruditzen zitzaigun. Orain arte, aurtengo raid guztietan ezinezkoa izan da 7 orduan ibilbide osoa egitea, baina Esteribarrekoan posible izango zela uste genuen.Horrenbestez, trekkinga osatu, trantsizioan bizikletak hartu eta azken sekzioan murgildu ginen. Hasieran igoera gogor eta luzea. Indarrez ondo gindoazen, baina aldapa latza zen. Gora iritsi eta eguneko zati ederrena osatzea falta zitzaigun. Jaitsiera berezi bat. Bidexka estua, aldapa gogorra, oso teknikoa. Asko disfrutatu genuen, eta pare bat talde aurreratu genituen.

Hala ere, jaitsierako azken txanpan, Aaronek aurreko gurpila lehertu zuen. Tubeless-a da eta ezin genuen balbula inondik inora askatu. Gutxi falta zenez helmugarako, denborarik ez galtzea eta korrika joatea erabaki genuen. Beraz, azken 3 edo 4 kilometroak korrika egin genituen erreleboka.

Talde batzuk gu baino lehenago iritsi ziren, baina ibilbide osoa egin zuten 2 talde baino ez geneuzkan aurretik. Hala ere, bigarren taldeak patinen zatia korrika egin zuenez 20 minutuko zigorra zuen. Guk baino 3 minutu gehiago guztira, eta beraz azken sailkapenean bigarren egin genuen. Columbia Vidaraid taldearekin lehian arituta, ez dago gehiago eskatzerik.

Aurrera begira, urriaren 5ean izango da Ligako hurrengo proba: Aiaraldeko I. Raida. Bailara berri bat ezagutzeko irrikitan nago. Espeleologia, tirolina, rappela eta kilometro mordoa dauzkagu zain.

Animatu! Familia handitzen doa eta!!!!!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa