BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Ziordia: Arbara ekialdea, "Marieta" bidea, 210 metro, 5c

Ziordiako Arbara ekialdean Antxon Gorrotxategik irekitako azken arte lana, eskalada bide klasikoa izatera deitua dena.
Antxon Gorrotxategik Arbara ekialdean irekitako eskalada bideak eta
Antxon Gorrotxategik Arbara ekialdean irekitako eskalada bideak eta "Marieta"ren nondik norakoak /

Kronika honetan Antxon Gorrotxategi nekaezinak Ziordiako Arbara ekialdean irekitako azken bidea aurkezten dizuet. Horma berean irekitako beste bideekin batera klasiko bat izatera deitua da. Egin den garbiketa eta prestaketa lana izugarria izan da, nahiz eta oraindik, bigarren eta seigarren luzeetan batez ere, kolokan dagoen harkaitzen bat edo beste izan.

Horma berean irekitako "Irati", "Rock Circus" eta "Birra Moretti" bideen estilokoa da, zailtasun mailari dagokionez errazagoa esango nuke. Hala ere ez ahaztu bidea erdi ekipatua dagoela, adibide gisa, lehen luzearen 30 metroetan bi parabolt bakarrik daude.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 210 metro.
Luze kopurua: 6.
Nork irekia: Antxon eta Iñaki Gorrotxategi eta Susana Agirre 2017an.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 4c (30 m), 2ºL: 5c (35 m), 3ºL: II (35 m), 4ªL: 4c (40 m), 5ºL: III (25 m) eta 6ºL: 4c (40 m). Bidea erdi-ekipatua dago, beraz, paraboltak dauden luzeetan, hauen arteko tartea luzea izan daiteke.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
Ura: Ziordian hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu lasai joanda.
Jaitsiera: Bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, harrobiraino puntu gorri eta mugarriz adierazita dago. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bide hau harrobia itxita dagoenean bakarrik eskalatzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
Erabilitako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 10 express zinta (12 eraman arren), zintak bilguneetarako eta bi zinta harkaitz-zubietatik pasatzeko (harkaitz-zubi asko soka edota kordinoekin babestuak daude, pentsatzen dut denborak aurrera egin ahala material gehiago eraman beharko dela). Alien semaforoa, Lincam gorri eta horia eta fisurero jokoa eraman arren, Lincam horia eta bi fisurero bakarrik erabili genituen. Walkie-talkie parea eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora:Ia hiru ordu.

DESKRIBAPENA

Lehen luzea, 30 metro, 4c. Luzea bidearen izendun plakatxo gorria dagoen plaka etzana zuzen eskalatuz hasten da. Plakak helduleku onak ditu eta eskaladaz gozatzeko aukera ematen du. Plaka elkarren artean tarte luzea duten bi paraboltez babestua dagoen arren (luzeko parabolt bakarrak dira), auto-babeserako aukera handia dago. Bigarren paraboltaren parera iritsitakoan metro bat eskuinera egin eta arrail bat eskalatuz jarraituko dugu. Bilgunera iritsi aurretik 3-4 metroetako hormatxo bertikala eskalatu eta honen ondoren uztaidun parabolt eta altzairuzko uztai batez osatutako bilgunera iritsiko gara.

Bigarren luzea, 35 metro, 5c. Lehen paraboltaren arteko 2-3 metroak bilgunetik zuzen eskalatu eta paraboltetik 3-4 metroetako zeharkaldi horizontala eskuinera egin ondoren bigarren paraboltera iritsiko gara. Hemendik gora, ezkerrerako joerarekin plaka bat eskalatuz jarraitzen da bertako parabolt ezberdinetatik aseguratuz. Plakaren eskuin ertzetik eskalatzen badugu errazagoa da baina harkaitzaren kalitatea ez da hain ona eta bloke bat baino gehiago heldu aurretik sendoa den hala ez ongi ziurtatu beharko dugu.

Laugarren eta bosgarren parabolten arteko tartea luze xamarra bada ere, bien artean harkaitz zubi eder bat dago zinta bat pasatzeko.
Metroak irabazi ahala plaka tentetuz doa baina heldulekuak onak ditu. Plaka eskalatuta, sendoak ez diruditen harkaitz batzuk eskalatu eta, harri txikiz jositako erlaitzaren amaieran, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara.

Hirugarren luzea, 35 metro, II. Trantsizio luzea da, harkaitza lehorra izanez gero sokarik edota aseguratu gabe egin daitekeena. Bigarren bilgunetik gora atera eta eskuin aldera diagonalean jarraituko dugu ertza itsurako batera igoz. Ertzetik parean dugun hormaren ur-tantadun plaka nabaria identifikatuko dugu, laugarren luzearen lehen metroak plaka hau eskalatuz egiten dira eta. Hirugarren bilgunea ur-tantadun plakaren oinaren eskuinean kokatzen da, 3-4 metroetara gutxi gora behera, eta harkaitz zubi batetik pasatako soka eta altzairuzko uztai batez osatua dago.

Laugarren luzea, 40 metro, 4c. Luzea bilgunearen ezkerretik (3-4 metroetara) hasten da, paraboltez babestutako ur-tantadun plaka etzana eskalatuz. Ur tantadun plakaren amaieran harlauz nabari bat topatuko dugu. Bilgunearen bertikalean, 15 metro ingurura, harkaitz zubi batetik pasatako soka gorri bat ikusten den arren, luzea hemendik ez doa.

Harlauza eskalatu eta metro batzuetan erlaitz estu eta inklinatu bat jarraituz ezkerrerako joera hartuko dugu plaka bertikal batera iritsi arte. Plaka bertikala izan arren, helduleku ederrak ditu. Plakan jarritako bi paraboltetatik aseguratu ondoren, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgune erosora iritsiko gara.

Bosgarren luzea, 25 metro, III. Luze hau eskalatzeko bi aukera ditugu, biak zailtasun paretsukoak. Lehenengoa bilgunetik gora doan plaka eskuinerako joeraz eskalatzea da, plakaren amaieran harkaitz zubi batetik pasatako soka gorrira zuzenduz. Plaka honetan guztian paraboltik ez dago. Bigarren aukera bilgunetik zuzen atera eta zertxobait ezkerrerako joera hartzea da harkaitz zubi batetik pasatako soka eta malloidun parabolt batera iritsiz. Hemendik gora eskuinera diagonalean eskalatzen jarraituko dugu auto-babeserako aukera handiak ematen dituen bloke eta plakatxo ezberdinak eskalatuz. Hartzen dugun aukera hartzen dugula, horma eskalatu eta lurrean dagoen harkaitz batean jarritako malloidun parabolt batera iritsiko gara.

Bosgarren "bis" bilgunera iristeko oinez egin beharreko 40 metro bete beharko ditugu. Ibilbidea puntu gorriz adierazita dago eta egindako garbiketa lana nabaria da.

Seigarren luzea, 40 metro, 4c. Bilgunetik zuzen 2-3 metro eskalatu ondoren eskuin-ezker doan kanal-tximinia ikusgarri eta elegante batean sartuko gara. Tximiniaren eskalada paraboltez babestua dagoen arren, auto-babeserako aukera ere badago. Tximiniaren azken metroak tenteagoak dira baina heldulekuak oso onak ditu. Tximiniatik aterata, seigarren bilgunea lurrean dagoen harkaitz zubi handi batetik pasatako soka eta altzairuzko uztaiez babestua dago.

Informazio, argazki eta krokis zehatzagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa