BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Aiztondo, "Egunsentiko lainoen artean" bidea, 90 metro, 6a

Konpromiso eta zailtasun ertaineko eskalada bidea eskalatu nahi? Hau izan daiteke bila zabiltzan eskalada bidea.
"Egunsentiko lainoen artean" bidearen kokalekua eta nondik norakoak /

Uharte-Arakileko Aiztondo eskalada eskolan hain ezaguna ez den bide baten kronikarekin nator. "Egunsentiko lainoen artean", "Makurketa" sektorean dauden hainbat luzeetako bideen artean luzeena da. Luzeena izateaz aparte badauka beste berezitasun bat: Aiztondoko erdi ekipatutako bide bakarra da, hau da, bide hau eskalatu nahi izanez gero auto-babeserako materiala eraman beharko dugu, friend eta fisureroak alegia.

Bide hau oso gutxi eskalatzen da eta honen eraginez "zikina" dago, liken eta, heldulekuetan, belarrez betea. Aiztondoko beste bideen harkaitz garbiarekin zerikusirik ez dauka, honegatik bide hau eskalatu nahi izanez gero argi izan ez dela kirol eskaladako bidea.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 90 metro.
Luze kopurua: 4.
Nork irekia: Honen daturik ez dut topatu.
Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 4b (25 m), 2ºL: 5b (20 m), 3ºL: 6a (25 m), 4ªL: 5b (20 m). 6a pasagunea A0 moduan eskalatu daiteke 5c pausu behartua eginez.
Orientazioa: Hego-ekialdea, udan goizetan bero handia pasa daiteke, arratsaldetan aldiz, itzalpean dago.
Ura: Ura eramatea gomendagarria da. Etxetik ez badugu ekartzen Uharte-Arakilen hartzeko aukera dugu.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10 minutu eskas.
Jaitsiera: Horretarako prestatua dagoen arren, bidea errapelatzea ez dut gomendatzen, sokak kateatzeko aukera oso handia daelako. Aukeran hobe dugu sokak jaso, "Makurketa" sektoreko goiko hormara arte zeharkaldia egin eta bertako edozein bidetik errapelatzea.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 10 express zinta, luzera ezberdinetako zintak bilguneak muntatu eta harkaitz zubietatik pasatzeko eta friend txiki eta fisurero joko bana. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta berrogeita bost minutu.

DESKRIBAPENA

Lehen luzea, 25 metro, 4b. Azken agurra bidearen eskuinetik doan hodi itsurako kanaltxotik hasiko gara. Bide honen bigarren kimikoan aseguratu ondoren pixkanaka eskuinera jo eta zinta bat pasatzeko aukera duen harkaitz zubi handi bat ikusiko dugu. Hemendik zuzen eskalatuko dugu, gaineko sabaitxoaren azpira iritsiz. Sabaiaren azpian fisurero bat jartzeko toki aproposa dago. Sabaitxoa eskalatzean dago luzearen zailtasuna eta parabolt batez babestua dago. Eskuinetik eskalatzen da, eskuinean duen zuhaixkaren ondotik hain zuzen ere. Sabaitxotik gora harri txikiz jositako erlaitz batera iritsi eta pareko horman parabolt eta iltze batez osatutako bilgunera iritsiko gara.

Bigarren luzea, 20 metro, 5b. Bilgunearen ezkerretik ezker-eskuin doan arrail inklinatua eskalatzen hasiko gara. 5-6 metro eskalatu ondoren, uztaidun iltze zahar batera iritsitakoan, arraila utzi eta eskuin ezker doazen harlauz ezberdinak eskalatuko ditugu. Harlauzak eskalatu ondoren plaka bertikal batera iritsi eta, metro batzuk zuzenean eskalatu ondoren, ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin beharko dugu uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz. Luzea bosgarren mailako zailtasunean murgiltzen da denbora osoan.

Hirugarren luzea, 25 metro, 6a. Bilgunearen ezkerretik atera eta aurretik dugun plaka bertikala zuzen eskalatzen hasiko gara. Lehenengo parabolta urrun dago. Plaka bertikalean gora metroak irabazten ditugun heinean heldulekuak txikitu, likena handitu eta aseguruak jartzeko aukerak gutxitzen dira. Likenaren eraginez harkaitzaren itsasgarritasuna asko murrizten da eskalada "psikologikoa" bihurtuz. 6a pasagunera iritsi aurretik, arte eder baten enborretik zinta bat pasatzeko aukera izango dugu. 6a pasagunea bi paraboltekin babestua dago. Pasagune fina da, atzeraka egiten duena. Gakoa gainean dugun sabaia eskalatzean dago. Eskuentzat helduleku ederrak dituen arren, pasagunea A0 moduan eskalatu daiteke 5c zailtasuneko pausu behartua eginez.

Sabaia eskalatuta, gaineko artearen enborren tartetik pasa eta eskuineko plakan uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara.

Laugarren luzea, 20 metro, 5b. Bide osoko luzerik ederrena zalantzarik gabe. Bilgunetik ezkerrera 2-3 metroetako zeharkaldi horizontala egin (zeharkaldi hau parabolt batez babestua dago) eta diedro inklinatu baten azpian kokatuko gara. Diedroa, nahiz eta bi iltzeekin babestua izan aproposa da friend txikiak jartzeko. Aprobetxatu, diedro hau eskalatzea gozamena delako. Bigarren iltzetik gora harkaitz-bloke bertikal batzuk eskalatu eta plaka etzan batean uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara.

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa