BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Euskal Herria

Beriainpunta, Izozpetako bidea eta Bazkalaitzeko arrailatik

Beriainpuntaren gailurrera iristeko modurik eleganteena Bazkalaitz arrakalaren eskalada izan daiteke, eskalada erraz eta gozatzeko modukoa. Kronika honetan arrakala honen oinera udan iristeko bide aproposa aurkezten dizuet.
Beriainpuntaren ipar horma eta bidearen nondik norakoak
Beriainpuntaren ipar horma eta bidearen nondik norakoak /

Azkenaldian badirudi Beriainpunta begiak jota dudala. Ez da harritzekoa, mendebal aurpegiko Bazkalaitz arrakala eskalatzeari ezetz esatea zaila baita.

Unanu herritik Bazkalaitzera iristeko ohiko bideak hiru dira: Ubeiko Ur-jauzietakoa, Elkezbidekoa eta Izozpetakoa. Kronikatxo honetan hirugarrena azalduko dut.

Berianpuntaren ipar aurpegiko pagadiak Izozpeta izena jasotzen du. Ipar aurpegian izanda, egun eguzkitsuetan egiteko ibilbide polita da, ibilbidearen zati luze bat haritz nahiz pagoen freskura eta itzalpean egingo dugulako. Izozpetako bidea ere Uharte-Arakil herritik Bazkalaitz arrakalara iristeko ohiko bidea izaten da.

IBILBIDEA

Ibilbidea Unanuko elizaren ondoan hasi eta herria zeharkatzen duen GR-282 ibilbidea (artzaintza naturbidea) Uharte-Arakil norabidean hartuko dugu, Beriainpuntaren muturra hegotik iparrera inguratuz. Hirugarren kilometro pasatxoan, mendi-lepo batera iristearekin batera, basoak egiten duen argiune batean GR-282 ibilbidea utzi eta hego-ekialdeko norabidean basoan sartzen den bidea hartuko dugu, 10-15 metroen ondoren, eskuinera doan bidexka nabaria jarraituz.

Hemendik aurrera maldan gora hasi eta altuera azkar irabaziko dugu Izozpetako pagadian sartuz. Bidexkak galtzeko arrisku handirik ez dauka eta tarteka mugarriak azaltzen dira, altuera irabazi heinean mugarrien kopurua ere handituz.

Beriainpuntaren ipar hormara hurbiltzen garen heinean maldak gora jotzen du, batez ere bidean topatuko dugun lehen harrikara bat zuzen igotzerakoan. Bigarren harrikara bat diagonalean zeharkatu eta Beriainpuntaren ipar hormaren oinera iritsiko gara. Hemendik aurrera bidea malgutu (zatiren batean maldan behera ere egingo dugu) eta, hormaren ondotik, Beriainputaren muturra berriro inguratuko dugu, oraingoan iparretik mendebaldera, Elketz belaztira lehenik eta Bazkalaitz arrailaren oinera ondoren iristeko.

Bazkalaitzeko arraila III zailtasunaren baitan egonda, eguraldi on eta harkaitz lehorrarekin zailtasun handirik gabeko eskalada da. Hiru erresaltez osatua dago: lehenengoa, hiruetatik zailena, II-III zailtasunen artean izango da eta erlaitz batek banatutako bi zatitan banatzen da: 14 metro ingurukoa lehena eta 3-4 metroetakoa bigarrena. Kronika batzuetan bigarren zati hau bigarren erresalte bezala ere izendatua izan da. Lehen erresalte honetan parabolt eta iltzeak topatuko ditugu sokarekin aseguratu ahal izateko. Bigarren eta hirugarren erresalteak II zailtasunaren baitan kokatzen dira eta hauetan harriak ez botatzeko kontu handiz ibili beharko dugu.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 8,6 kilometro.
- Punturik baxuena: Unanu, 640 metro.
- Punturik altuena: Beriainpunta, 1.420 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 765 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Unanu herrian (igoerarako) eta Iturtxiki iturrian (jaitsieran) ura hartu daiteke. Bi hauetatik aparte ibilbidean ez genuen urik topatu.
- Zailtasuna: Bideak galtzeko zailtasunik ez dauka bidegurutze eta galtzeko arriskua dagoen lekuetan mugarriak jarrita daudelako. Ibilbide osoko zailtasun teknikorik handiena Bazkalaitzeko arrakalan topatuko dugu. Bertako II+ eta III zailtasun mailako eskalada denbora eta mendizaleen joan-etorriek ederki leundutako harkaitzean egin beharko dugu. Kontuz bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita. Izozpetako igoera laiotza da, honegatik pentsatzen dut eguraldi txarrarekin, neguan edota bustia dagoenean lokaztu eta igoera ez dela makala izango.
- Eramandako materiala: Kaskoa eramatea ezinbestekoa da. Eskaladatxo errazetan trebetasuna izanez gero kaskoarekin nahikoa izango da baina, goian esan bezala, kontu handia izan arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita. Eskalatzen trebetasunik ez duen bakarren batekin joanez gero, 30 metroetako soka bat, hiru express zinta eta zinta pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: bi ordu eta hogei minutu atsedenak barne. Kontutan hartu ibilbidea oinez bizi egin genuela, Beriainpuntatik Iturtxikira korrika txikian jaitsiz.

Ibilbidea deskargatzeko eta informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa