BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Euskal Herria

Beriainpunta, Elkezbide eta Bazkalaitzeko arrailatik

Sakanaren bihotzean alpinismoa egiteko gogorik?
ibilbidearen nondik norakoak
ibilbidearen nondik norakoak /

A-10 autopistatik Iruñera joaten naizen bakoitzean begiak ezinbestean Beriainpuntaren mendebaldeko aurpegira joaten zaizkit. Piramidearen itsura duen aurpegi hau Bazkalaitz izeneko arrail bertikal batek zeharkatzen du goitik Elketz Belaztira, eta arrail hau izan daiteke aurpegi honek duen ahultasun bakarra.

Bazkalaitzeko arrailaren oinera iristeko bide ezberdinak jarraitu daitezkeen arren, kronika honetan azaldutakoa teknikoki errazena dela esango nuke.

Elkezbide Beriaingo hegoaldean dagoen paxa luze bat da, Elketz eta Aldai belaztiak lotzen dituena. Artzainek bide hau aspalditik ganadua bi belaztien artean eramateko erabilia izan da. Bide ikusgarria, bere zeharkaldian gure ezkerrean Mearrako amildegia utziko dugu ibilbideari gatz puntu bat emanez.

Bazkalaitzeko arraila III zailtasunaren baitan egonda, eguraldi onarekin zailtasun handirik gabeko eskalada da. Hiru erresaltez osatua dago: lehenengoa, hiruetatik zailena, II-III zailtasunen artean izango da eta erlaitz batek banatutako bi zatitan banatzen da: 14 metro ingurukoa lehena eta 3-4 metroetakoa bigarrena. Kronika batzuetan bigarren zati hau bigarren erresalte bezala ere izendatua izan da. Lehen erresalte honetan parabolt eta iltzeak topatuko ditugu sokarekin aseguratu ahal izateko. Bigarren eta hirugarren erresalteak II zailtasunaren baitan kokatzen dira eta hauetan harriak ez botatzeko kontu handiz ibili beharko dugu.

Baina eskalada hau erraza izateagatik ezin dugu gutxietsi, bertako harkaitza labainkorra izateaz aparte (batez ere bustia badago), arrail osoa harri eta harkaitz askez estalia dagoenez harriak botatzeko arrisku handia baitago.

Neguan, elurraz estalia dagoenean, piolet eta kranpoiekin eskalatu daiteke igoerari benetako kutsu alpinoa emanez. Neguan egindako igoeraren inguruko kronika irakurii nahi baduzue hemen klik egin dezakezue.

IBILBIDEA

Ibilbidea Iturtxiki iturrian hasiko dugu. Bertara kotxez iritsi daiteke Unanu herriaren iparraldera ateratzen den pista bat jarraituz. Iturrira iritsi gabe, pistan dagoen ataka metalikoaren ondoan kotxea uzteko aukera ere badago, hemendik iturrira 10-15 minutuetako ibilbidea eginez.

Iturtxikitik Beriainera doan ohiko bidea jarraitu eta, Aldai Belaztira iritsitakoan, 100-150 metro gora egin, Beriainera doan bidea utzi eta, Elorriagoako pagadiaren azken pagoak gure ezkerrean ditugula, Elkezbiden sartuko gara.

Mearrako amildegia gure ezkerrean utziz Elkezbide alderik alde zeharkatu eta, Beriainpuntaren muturra inguratu ondoren, Elketz Belaztia eta Bazkalaitz arrailak bat egiten duten lekura iritsiko gara. Puntu honetara iritsi aurretik animaliek babesleku moduan erabiltzen duten lezetxoa ere bisitatu dezakegu.

Beriainpuntaren gailurrera iristeko, Bazkalaitzeko arrailan bete-betean sartu eta goraino eskalatuko dugu.

Jaitsiera Beriainpuntara doan ohiko bidetik egingo dugu Iturtxikira itzuliz.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 4,6 kilometro.
- Punturik baxuena: Iturtxiki iturria, 825 metro.
- Punturik altuena: Beriainpunta (Ihurbain), 1.420 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 650 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Iturtxiki iturrian.
- Zailtasuna: Bideak galtzeko zailtasunik ez dauka eta, Elorriagoako pagadiaren muga erreferentzi bezala hartuz, Elkezbideren hasiera erraz topatuko dugu. Hala ere, kontuz ibili lanbrorik badago. Ibilbide osoko zailtasun teknikorik handiena Bazkalaitzeko arrailean topatuko dugu. Bertako II+ eta III zailtasun mailako eskalada denbora eta mendizaleen joan-etorriek ederki leundutako harkaitzean egin beharko dugu. Kontuz arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita.
- Eramandako materiala: Kaskoa eramatea ezinbestekoa da arrailetik harriak erortzen direlako, bai aurretik mendizaleren bat badoa edota ahuntz edota ardirik badaude. Eskaladatxo errazetan trebetasuna izanez gero kaskotik aparte ez da material berezirik beharko baina, goian esan bezala, kontu handia izan arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita. Esperientzia handiko mendizaleekin joanez gero, "badaezpada" 30 metroetako soka bat, hiru express zinta eta zinta pare bat eramatea gomendatuko nuke, lehenengo erresaltetako parabolt eta iltzeetan aseguratu ahal izateko.
- Ibilbide osoa egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi arrailean soka atera eta luzeak eginez eskalatzen bada .

Ibilbide hau deskargatu edota honen inguruko argazki eta azalpen gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa