BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Arxuria Sarako lezeetatik

/ maite fernandez

2017-07-15 / Mikel Arrizabalaga

Sarako lezeetara heldu aurretik ehunen bat metro beheraxeago utzi dugu autoa eta bertan dagoen ataka gainditu eta gero, bide balizatutik maldan gora jarri gara. Bide-seinale desberdinak hasieran, Loretxoa izena duen borda-tabernaraino igotzeko bidea erakusten dituzten marra berde-arroxak eta Aita Joxemiel Barandiaranen irudi urdinak arroketan margoturik. Azken hauek ibilaldi labur bat egiteko balio dute.
Pista zabaletik gora egin eta berehala Sarako lezeetatik datorren pistarekin bat egin dugu. Puntu honetatik aitzina, marra horiek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea.
Sigi-sagan hedatzen den bidea geroz eta pikoagoa gertatzen da eta mendiaren ertzera heldu aurretik bidea estutu eta xenda bihurtzen da. Malda gogorrari eutsi eta Arxuriako tontorrera iritsi gara. Bi aldeetako ikuspegi zabala bertatik.
Aipatutako seinale horiek erakusten diguten norabidean Lapurdiko lurrak atzean utzi eta Nafarrokoetara pasa gara. Lepora iristean maldan behera metro batzuk bete eta mendiaren magalean marrazten den xendan barrena berriro murgildu gara Lapurdiko lurretan. Isurialde honetara amiltzen diren pareta bertikaletan ohikoa da putreak han-hemenka ikustea. Maldan behera segi eta berehala iritsi gara Ikatzbordara eta bidetik segituz erraz heldu gara Loretxoa izena duen jatetxe-bordara. Txoko polita oso!
Bide balizatuak Urioko errekaren ondora eraman gaitu aldapa bizian. Hau bitan zeharkatu eta honen ondotik jaisten jarraitu dugu. Laster, marra horiek erakusten diguten bidea utzi eta Joxemiel Barandiaranen irudi urdinez balizatutako bidetik beherantz egin dugu aparkalekuraino heltzeko.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (mugibili) deskargatzeko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea