BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Aiztondo, "Iñaki Goñi" bidea, 115 metro, 5c

Uharte Arakilen dagoen Aiztondo eskalada eskolako beste altsor txiki bat, zailtasun maila ertaineko bide ederra.
Iñaki Goñi bidearen kokalekua, nondik norakoa eta luzeen zailtasuna
Iñaki Goñi bidearen kokalekua, nondik norakoa eta luzeen zailtasuna /

Kronika honetan Uharte Arakileko Aiztondo eskalada eskolako beste bide eramangarri bat aurkezten dizuet, beharbada Aiztondoko horman gehien eskalatzen dena. Bide ederra da, ez oso gogorra eta duen pausurik zailena (hirugarren luzeko sabaia) A0 moduan eskalatzeko aukera ematen duena.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 115 metro.
Luze kopurua: 4.
Nork irekia: Ez dut datu hau inon topatu.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 5a (30 m), 2ºL: 5c (30 m), 3ºL: 5c (30 m), 4ªL: 4b (25 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Ura: Uharte herrian ura hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
Jaitsiera:Bi aukera ditugu: bidea errapelatzea eta bidearen amaieratik oinez jaistea erdi-izkututako bidexka bat jarraituz. Bidea errapelatzen bada gomendagarria da lehen errapela "Esto si es Chamonix" bidearen bigarren bilgunera egitea, biderik zuzenena hona eramaten baitu.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka (bidea rapelatzen badugu eskertuko dugu bi rapeletan hormaren oinean izango gara eta), luzera ezberdinetako 15 express zinta (hirugarren luzean denak erabiliko ditugu) eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru..

DESKRIBAPENA

Lehen luzea, 30 metro, 5a. Luzea helduleku oneko plaka etzan bat eskalatuz hasten da. Plaka etzanaren ondoren luzea pixkanaka tentetzen eta eskuinera doa arrail eta harlauz ezberdinak jarraituz. Luzea amaitzen den zuhaixka nabariaren ezkerrean bi bilgune topatuko ditugu, ezkerrekoa bi paraboltez osatua dago, eskuinekoa aldiz uztaidun bi paraboltez.

Bigarren luzea, 30 metro, 5c. Luzea eskuineko bilgunetik gora doazen bi paraboltak eskalatuz hasten da. Bigarren paraboltetik luzea tentetuz eta ezkerrera doa gainean dagoen baina bilgunetik nabaria ez den diedro/hodi inklinatu batera iristeko. Diedro/hodiaren sarreran pausu bertikal eta fin bat dago. Diedro/hodiaren barruan metro batzuk eskalatuta, bertan dagoen bilgunera iritsi aurretik, diedro/tximinitik eskuinera aterako gara. Hemen dago luzearen zailtasunik handiena eta ezker-eskuineko pausu fin eta zeharkalditxoaren ondoren uztaidun bi paraboltetako bilgunera iritsiko gara. Erreferentzi bezala, ezker-eskuineko zeharkaldia bederatzigarren paraboltean aseguratu ondoren hasten da.

Hirugarren luzea, 30 metro, 5c. Bilgunearen eskuinean dagoen parabolt orlegia identifikatu eta bertara iristeko 2-3 metroetako zeharkalditxoa egingo dugu. Parabolt honetatik gora eskuin ezker diagonalean doan belardun arrail nabaria eskalatzen da. Arrailaren amaierara iritsitakoan, ur-tantadun plaka tente bat eskalatuko dugu luzeari zailtasuna ematen dion sabaiaren azpira iritsiz. Sabaiaren gainean dagoen parabolt orlegitik aseguratzen garenean zeharkaldiarekin jarraitu behar da gainean dagoen paraboltera zuzen eskalatu gabe, nahiz eta parabolt hau gertu ikusi. Zeharkaldi osoan oinentzat helduleku onak topatuko ditugu eta sabaiaren ezkerretik ateratzear gaudela, ezker eskuarentzat harlauz itsurako helduleku on bat dago. Hona iritsita eta ezker eskuarekin helduleku on honetan helduta, eskalada sabaiaren ezkerretik egiten da eskuin eskuarentzat helduleku txikiak aprobetxatu eta esku berarekin sabaian dauden parabol guztiak "txapatuz". Komeni da zeharkaldi honetan guztian jarritako express zintak luzeak izatea soken marruskadura ahalik eta txikiena izateko. Sabaia eskalatuta, 3 metro inguruko plakatxo etzan bat eskalatu eta uztaidun bi parabolteko bilgunera iritsiko gara.

Laugarren luzea, 25 metro, 4b. Azken luzearen lehen metroetan helduleku ederreko plaka etzana eskalatzen da eskuin ezker diagonalean doan belardun erlaitz inklinatu batera iritsi arte. Erlaitz inklinatutik gora plaka tentetu arren helduleku onak daude. Bilgunea, plaka inklinatu batean jarritako uztaidun bi paraboltez osatua dago.

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa