BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Aitzbitarteko kobak

Arbasoen aztarnen bila
/ mikel arrizabalaga

2017-07-06 / Mikel Arrizabalaga

Listorretako atsedengunetik abiatu eta Barrengoloiako atseden gunearen azpitik pasatu eta gero, Landarbaso errekaren ondora jaitsiko gara. Puntu honetan, bide-seinale zuri eta berdeek erakutsiko diguten norabidea hartuz, errekaren paraleloan igotzen hasiko gara. Laster, metro batzuk bete eta Aitzbitarte mendiko magalean dauden bost haitzuloetatik lehenak ikusiko ditugu. Egurrezko zubi handi batek errekaren beste aldean utziko gaitu eta aldapa txiki bat igo ostean kobazulo nagusiaren sarrerara helduko gara.
Goi Paleolitos Aroko garrantzi handiko aztarnategi bat dugu hau. Gainera, hau izan zen Euskal Herrian lehendabizi aurkitutako lehen gizonen aztarnategia. Landarbaso errekatik hasi eta laugarrena da, erreka zulotik hogei bat metrora. Topatutako aztarnak sukarriez ala hezurrez landutako lanabes, eta ehiza eta arrantzarako tresnez osatzen dira, ehizatzen zituzten animalien hondakinekin batera: bisonteak, elur-oreinak… Linterna edota frontalak erabiliz barrura sartu eta haitzuloaren zati handi bat bisita daiteke, beti ere kontu handiz, leku batzuetan zuloak baitaude. Hala ere, komeni da ingurua ezagutzen duen norbaiten laguntza izatea.
Bidera itzuli eta xendan barrena aurrera egingo dugu errekaren paraleloan. Pinudian zehar, karobi baten ondotik pasa eta Pagopurraketako parajeetan sigi-sagan altuera hartzen hasiko gara bidegurutze batera iritsiz. Puntu honetan eskuinetik ateratzen den bide zabaletik jaitsiko gara eta marra zuri-berdeek markatzen diguten bidetik, Igorin mendiaren magala zeharkatu eta Igoringo lepora iritsiko gara. Izen bera duen trikuharriaren ondoan bat egingo dugu PR-Gi 1002 ibilbidearekin. Ezker aldera zabaltzen den mendiaren gandorra utzi, pistatik jaisten hasi eta berehala bi bide balizatuak bereizten diren bidegurutzeraino helduko gara. Epele auzora doana utzi eta eskuinetik marrazten den bidea hartuko dugu. Basoan zehar, altuera erraz galduko dugu eta linea elektrikoaren azpitik pasatzean, berehala ikusi ahal izango dugu Landarbaso IV trikuharriaren arrastoak. Tumulua nahastua eta ia erabat desagertua dago. Ganbara harlauza txikietan puskatua dauden losa batzuk eratzen dute, esparru errektangular itxuragabetu bat osatuz. Megalitoaren aztarnak atzean utzi eta berehala bidea bitan banatzen da. Ezkerrekoa hartu eta bide eroso honek erreka zeharkatu ondoren Maioz etxeraino gerturatuko gaitu. Honen ondotik doan asfaltatutako bidetik aurrera egin eta berehala utziko dugu eskuinetik ateratzen den bidea hartu eta Listorretako atsedenguneraino iristeko.
* Luzera: 7,8 km. * Iraupena: 02:40 * Forma: Zirkularra * Metatutako igoera: 375 m.
* Metatutako jaitsiera: 375 m. * Hasiera: Listorreta (Errenteria) * Amaiera: Listorreta (Errenteria)

Klikatu hemen TRAKA (mugibili) deskargatzeko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa