BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Aiako Harria, Aritxulegi, "Asketik Atsedenlekura", 185 m, 5b

Hainbat luzeetako eskaladan hasi berria zara? Hala bada hau izan daiteke zure bidea, espero dut hemen azaldutakoa baliagarri izatea.
Bidearen krokisa
Bidearen krokisa /

2016an, Aritxulegi inguruan kirol eskaladarako zortzi eskalada sektore kimikoekin ekipatu zituzten. Bide gehienak zailtasun ertainekoak dira, eskaladaren munduan hasi berrientzat primerakoak. Hau gutxi ez bada ere, hainbat luzeetako eskaladan lehen pausuak eman nahi dutenek, "Aske" (azpian dagoen sektorea) eta "Atsedenlekua" (goian dagoena) sektoreak tarteko sektore ezberdinak elkartuz eskalatzea badute, zortzi luzeetako eskalada bidea eskalatuz.

Bi sektore hauen arteko lotura gustura gogortu edo erraztu daiteke. Gure kasuan, eskalatzen diren sektoreetatik bide zailenak aukeratu genituen, salbuespen hauekin: "Aske" sektoreko "Ariletxugi" (5c), "Fuxina" sektoreko "Eta arroza ere bai" (5c) eta "Enarri" sektoreko "Aialde" (5c), "Gure ametsak" (5c) edo "Mon ami" (6b/Ae - 5b) bideak, eskalada bideak jarraitzen duen lerro logikotik kanpo gelditzen direlako.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 185 metro.
Luze kopurua: 8.
Nork irekia: Club Vasco de Camping Elkartea eta Xabier mendi taldeko kideak, 2016ean.
Zailtasuna: 5b. Luzez-luze: 1ºL: 5b (25 m), 2ºL: III (30 m), 3ºL: 4b (15 m), 4ªL: 5b (40 m), 5ºL: 4c (30m), 6ºL: 5b (21 m), 7ºL: 4b (20 m), 8ºL: 5b (15 m).
Orientazioa: Hego-mendebaldea, udan bero handia pasa daiteke eta gainera iturririk ez dagoenez, ura eramatea gomendagarria izan daiteke.
Ura: Arritxulo aterpean hartu daiteke.
Hurbilketa: Arritxulo aterpetik 15 minutu lasai joanez.
Jaitsiera: Bidearen amaieratik ordu erdi pasatxo. Dena den, ezusteko baten aurrean, eskalatzen den edozein sektoretik oinez jaisteko aukera ere badago.
Eramandako materiala: 70 metroetako soka bakarra (guk erditik tolestatua eraman genuen), luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 2h20'.

BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Arritxulo aterpetik Aiako Harrietara doan GR-121 bidea jarraituko dugu lepo batean dagoen tentsio altuko zutabe batera iritsi arte. Hemen, mendebaldera hartu eta, alanbre arantzadun hesi bat pasatu ondoren, bidexka bat jarraituko dugu. Bide hau jarraituz, altuera pixkat galdu eta "Aske" sektorera iritsiko gara. Aterpetik "Aske" sektorera 15 minutu eskas izango dira.

DESKRIBAPENA

Lehen luzea, "Aske" sektoreko "Aruba" (5b, 25 metro) bidea. Lehen metroak bertikalak dira eta bertan dago luzearen pausurik finena. Pausu hau eskalatuta, bertikaltasuna zertxobait galdu eta helduleku ederrak dituen hormatik luzearen bilgunera iritsiko gara. Luzeak honaino 15 metro izan arren, ezkerraldera diagonalean beste 10 metro eskalatuko ditugu erlaitz zabal eta eroso batean dagoen bigarren bilgune batera iristeko.

Bigarren luzea, "Agorre" sektoreko "Tercero y punto" (III, 30 metro) bidea. Bilgunearen eskuinetik eskalatu (III) eta hemendik aurrera bloke ezberdinak (II) eskalatuz joango gara bertikalagoa den bi kimikoz babestutako plaka moduko azken blokera iritsi arte. Bloke hau (III) eskalatuta, 2-3 metroetan oinez ibili ondoren bigarren bilgunera iritsiko gara, horman jarritako bi kimikoz osatutakoa.

Hirugarren luzea, "Agorre" sektoreko "Pizkor" (4b, 15 metro) bidea. Bilgunearen ezkerretik eskalatzen hasi eta horma eskuin-ezker diagonalean zeharkatzen duen pitzadura nabarmena metro batzuetan eskalatuko dugu. Pitzaduraren amaierara iritsi aurretik, kimikoak jarraituz, gainean dugun bloke puska eskalatuko dugu honen gaineko bilgunera iritsiz

"Fuxina" sektorera iristeko bilgunearen ezkerretik atera eta, oso nabaria ez den bidexka 30-35 metro inguru jarraitu ondoren, zuhaitz batzuek estaltzen duten hormara iritsiko gara.

Laugarren luzea, "Fuxina" sektoreko "Marabunta" (5b, 20 metro) eta "Goruntz segi" (III+, 10 metro) bideak. Luzearen sarrera fina eta estutu beharrekoa da. Zertxobait atzeraka egiten duen pausu hau eskalatuta, hormak bertikaltasuna zertxobait galdu eta, helduleku ederrekin gozatuz, "Marabuntaren" bilgunera iritsiko gara. Bilgunea atzean utzi eta, beste hamar metro eskalatu ondoren, gainean ikusten den harkaitza eskuinetik inguratu eta honen atzeko bilgune ezerosora iritsiko gara.

"Enarri" sektorera iristeko 100 metroetatik gora oinez egin beharko ditugu. Zuhaixken artean sartzen den bidexka nabaria 50 metro inguru jarraitu ondoren alanbre arantzadun hesi batera iritsiko gara. Egurrezko pasabidetik zeharkatu eta Aritxulegitik datorren GR-121 bidearekin bat egingo dugu, ezkerrera (ipar-mendebaldera) hartuz. Metro batzuk ibili ondoren "Tetxo" sektorearen sabai handi eta bereziaren ondora iritsi, GR bidea utzi eta, sabaiaren azpitik sektorea zeharkatuz, 15 metroen ondoren "Enarri" sektorearen lehen plakara iritsiko gara.

Bosgarren luzea, Enarri sektoreko "Basurdeen begiratokia" (4c, 30 metro) bidea. Luzearen oinean dagoen harkaitz-blokea eskuin oinarekin aprobetxatuz, honen ezkerretik eskalatuko dugu. Lehen metro hauek arraroak eta bertikalak dira eta, heldulekuak handiak ez badira ere, ez dira txarrak. Zati bertikala eskalatuta, horma zertxobait etzan eta, helduleku ederrak aprobetxatuz, luzearen bilgunera iritsiko gara. Luzeak honaino 21 metro izan arren, bilgunearen gaineko sabai txikia eskalatu beharra dago. Sabaiak helduleku ederrak ditu eta oso ondo babestua dago. Honen ondoren horma etzan eta, kimiko pare batekin babestutako 8-9 metroetako ertza itsurakoa zeharkatuko dugu, pareko horman kokatutako bilgune erosora iritsiz.

Seigarren luzea, Enarri sektoreko "Talbet" (5b, 21 metro) bidea. Lehen metroetan luzea bertikala izan arren helduleku onak ditu erlaitz inklinatu batera iritsi arte. Erlaitz inklinatuan zertxobait atzeraka egiten duen horman metro pare bat igo eta, lehen kimikoan aseguratu ondoren, pixkanaka eskuinera eskalatuz joango gara hormaren helduleku onak aprobetxatuz. Zati bertikala eskalatuta, horma zertxobait etzan eta bi kimiko eta parabolt batez osatutako bilgunera iritsiko gara.

Zazpigarren luzea seigarren bilgunetik 5-6 metro horizontal ezkerrera hasten denez, komeni da luzearen azpira zeharkaldia egin eta bertatik aseguratzea, sokek ez tiratzeko.

Zazpigarren luzea, Enarri sektoreko "Formando al niño" bidea, 4b, 20 metro. Luzea lehen metroetan bertikala izan arren helduleku onekoa da. Lehen metro hauen ondoren, horma etzaten doan heinean eskuin aldera doa, helduleku ederreko zeharkaldia egin eta hormatxo batera iritsiz. Hormatxo bertikala eskalatu ondorengo kimikoan aseguratu eta ezkerrera diagonalean lotsagabe hartuko dugu lurrean ezkutuan dagoen bilgunera iristeko.

"Atsedenlekua" sektorera iristeko zazpigarren bilgunetik gora doan bidexka jarraitzea besterik ez da, denbora osoan begien bistan dugun "Atsedenlekua" sektorera iritsi aurretik alanbre arantzadun hesi bat zeharkatuz. Bilgunetik hormaren azpira 80-90 metro inguru izango dira.

Zortzigarren luzea, Atsedenlekua sektoreko "Saiak" bidea, 5b, 15 metro. Erosoena, belarraren gainean, luzearen azpiko harkaitz-bloke handiaren oinean aseguratzea da. Blokea (III) erraz eskalatu eta, bosgarren mailako zailtasunaren baitan dagoen helduleku oneko horma bertikala 10 metro inguru eskalatuko dugu, sabai baten azpira iritsiz. Sabaia eskuinetik saihesten da, estutu behar den helduleku txikiko 2-3 metroetako eskalada bertikala eginez. Sabaia eskalatuta bilgunera erraz iritsiko gara.

JAITSIERA

Arritxulo aterpera itzultzeko, bilgunetik metro batzuk iparraldera egin eta, hego-mendebaldeko norabidea hartzen duen bidean behera hasiko gara "Atsedenlekua" sektorearen oinera itzuliz. Sektorea gure ezkerrean utzi eta, hego-mendebaldeko norabidearekin jarraituz, metroak galdu ahala nabarmenduz doan bidea GR-121 bidearekin bat egiten duen bidegurutzera arte jarraituko dugu. Bidegurutzean ezkerrera (hegoaldera) jo eta, "Tetxo" sektorea gure ezkerrean utziz, igoerako bidearekin bat egin eta Arritxulo aterpera ordu erdi inguruan iritsiko gara.

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea