BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Errebi eta Soporro

/ mikel arrizabalaga

2017-06-08 / Mikel Arrizabalaga

Nafarroarekin muga egiten duen Ainhoa udalerriaren lehen aipamenak XIII. mendekoak dira. Erdi Aroan Nafarroak Done Jakue bideko erromesentzat sortutako bastida zen, bertakoak Baztango jaunaren menpe zeudelarik. Herriaren kokagunea dela eta kontrabando-gune izan da historian zehar. Udalerri honen ekonomia jarduera nagusiak abeltzaintza eta nekazaritza badira ere, azken urte hauetan turismoa asko garatu da. Bertan aurkituko dugun elizaren zatirik zaharrena XIV. mendekoa da.

Ainhoa
Herrian ibilgailua utzi ostean, elizaren aurrean ekialderantz ateratzen den bidea jarraitu dugu eta Gurutze-bidean GR-10aren bide-seinaleei jarraitu diegu segidan. Hasieran asfaltatuta dagoen eta ondoren pista bihurtzen den igoera bidetik ordubete baino gutxiago behar izan dugu zuhaizti batean babesturik dagoen ermitara heltzeko. Gertu, hiru gurutze erraldoi hilarriz inguraturik. Arrantzeko Ama Birddinaren (Arantzako Ama Birjina) kapera honen istorioa irakurri ahal izan dugu bertan dagoen testu batean: " Iturri miragarri baten ondoan, artzain bati agertu zitzaion, Ama Birddinari eskainia zaio Kapera hau. Ez dakigu noiz gertatu den agertze hori, baina erraite ahal dugu Oñateko (Gipuzkoa) Arantzazuko Ama Birddinaren agertzearekin berdintasun aunitz badituela. Aspalditik Ainhoarrak eta, inguruko herrietako biztanleak igaiten dira kaperarat prozesioan, Mendekosteko astelehenean, meza nagusia entzuteko. Mendian den kapera ttikitik, Arantzeko kaperaraino, 1886an egin 14 gurutzeko bide bat bada. Bide honen ondoan, harpetxo batean, Ama Birddinaren itxurarekin batean, iturriño bat agertzen da. 1898an San Mattin Etchartek eraikiarazi zuen kalbario bat kaperaren aurreko ordozi ttikian, geroxeago 1900ean, Ama Birddinaren itxura bat emana izan zen, kaperaren aurreko kaperatxoan, eta berrikitan (2001) hilharriak (gizonarriak) emanak izan dira kalbarioaren inguruan".

Errebi eta Soporro
Kapera atzean utzi eta Errebi mendiaren magalean hedatzen den GR-10aren bide-seinale zurigorriek erakusten diguten norabidean abiatu gara. Mendia inguratu dugu Artzaingo lepora iritsiz. Aurrez aurre dugun Soporro tontorrerako bidea hartu eta berehala "ehiztarien habia dotoreak" aurkitu ditugu, denak ilaran, lerroan mendiari atxikirik, eta nola ez, militarrez jantzitako "ehiztari-eskopeteroak" parapeto horien atzean jarri eta txoria noiz pasa zain. Gure mendi askoren ohiko postala. Garo artean zabaltzen den bide erosotik aurrera egin dugu, belarrezko alfonbra bailitz, baina laster estutu eta malda motz baina gogor bati ekin behar izan diogu tontorrera heltzeko. Ez dugu gailurrean gaudela adierazten duen seinalerik aurkitu eta hori neurri batean ez dago batere gaizki. Hobe horrela eta ez Euskal Herriko zenbait mendi gailur desitxuratzen duten oroigarri askoren feria ikustea baino (estelak, gurutzeak, plakak, monumentuak...). Nahikoa eta soberan genuke mendiaren izena eta altuera jartzen duen gutunontzi txiki batekin. Parez pare, gotorleku garaiezin baten itxura duen Mondarrain mendia, ederra, erakargarria. Beste ordu pare bat edukiz gero merezi du bertara igotzea, baina guk beste baterako utzi dugu.

Gaineko borda
Haitzen artean bilatu dugu bidea eta laster ikusi dugu Gaineko borda lepoa, izen bera daraman bordaren ondoan. Hara jaisteko mendiaren gandorra jarraitu dugu xenda hestu batetik altuera azkar galduz. Pistarekin bat egin dugu eta lepora heltzean hau utzi egin dugu, eskuinera segi eta bordaren ondoan dagoen mahaiaren inguruan eseri gara hamaiketakoa egiteko. Soporro eta Mondarrain mendien artean dagoen paraje hau benetan ederra da, zoritxarrez ez da arraroa izaten gertu pasatzen den pistan barrena motorren hotsa entzutea. Mendi hauen magaletan barreiaturik dauden baserriak komunikatzeko pista aunitz ireki dira eta batzuetan zaila izaten da aintzinako bideak aurkitzea.

Inguruaz gozatu ondoren, abiapuntura itzultzea falta zaigu eta horretarako GR-10aren bide-seinaleak jarraitu ditugu Ainhoa herriraino. Pistara itzuli eta Artzaingo lepora igo gara. Ezkerretik Errebiko tontorrera igo eta gora iristean, gandor belartsua jarraitu besterik ez dugu tontorra dela adierazten duen harri baten ondora heltzeko. Lapurdiko ikuspegi zabal eta ederra eskaintzen du mendi honek. Aldapa pikoan zehar altuera galdu dugu Arantzako Ama Birjinaren kaperaren ondora heltzeko eta hemendik igotako bidetik jaitsi gara abiapuntura.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (mugibili) deskargatzeko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea