BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Euskal Herria

Egino: "Joe Marmota" bidea, 110 metro, 5a

Eginon asko eskalatzen ez den bide ederraren kronikarekin nator gaur, eskalada egun bat borobiltzeko primerakoa dena.
"Joe Marmota" bidearen krokisa /

OHARRA: Apirilak 1etik abuztuaren 31ra "Matices" bidea eta Usoa eta Aztorea arteko eskalada eremuan eskalatzea debekatuta dago, baita sarbidea ere.

Eginok eskaladarako duen aukera zabalean, Larreñigiko haitzen goiko zatian hubilketarik luzeena duen hiru luzeetako bidea dago: "Joe Marmota".

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 110 metro.
Luze kopurua: 3.
Nork irekia: Antxon Gorrotxategi.
Zailtasuna: 5b. Luzez-luze: 1ºL: 5a (65 m), 2ºL: 5b (25 m), 3ºL: 4c (20 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendagarria izan daiteke.
Ura: Iturri bakarra Eginoko herrian topatuko dugu.
Hurbilketa: Bide hau eskalatzeko gomendagarria da Eginon dagoen hainbat luzeetako bide bat aurretik eskalatzea. Bidearen oinetik gertuen gelditzen diren bideak "Xabier" eta "Txitxibiritxi" bideak dira. Bide hauek bere osotasunean eskalatu daitezkeen arren, erraz eta azkarrena "Xabierren" bosgarren luzea (nahiz eta hau errapelatu daitekeen) eta "Txitxibiritxiren" azkenekoa eskalatu gabe uztea da.
Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"tik jaisten den ohiko bidea jarraituz 30 minutu inguruan Eginora itzuliko gara.
Eramandako materiala: 70 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Friend eta fisureroak aukerakoak dira baina parabolten arteko tarte luzeetan (bigarren luzean batez ere) ongi datoz.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta erdi.

DESKRIBAPENA

Lehen luzea, 65 metro, 5a. Lehenengo parabolta urrun dagoen arren, lehenengo metroak ez dira oso bertikalak eta, helduleku eta aseguruak jartzeko aukera ederreko plakatxo ezberdinak eskalatuz, zailtasunik gabe iritsiko gara. Hemendik gora plaka zertxobait tentetu, konpaktu bihurtu eta, ezkerrera metro pare bateko zeharkalditxoa egin ondoren, haritz batera iritsiko gara. Haritza arteko lehen metro hauek plaka ezkerretik oinez inguratuz saihestu daitezke, eskaladatxo erraz baten ondoren, bertara iristeko. Haritzetik gora hasten dira zailtasunak: helduleku txikietako plaka bertikalean metro batzuk eskalatu ondoren, helduleku txikiak desagertu eta itsasgarritasunezko 3-4 metro fin eskalatuko ditugu. Tarte honetako parabolten arteko tartea luzea da eta auto-babeserako aukera gutxi ematen ditu. Metro hauen ondoren zailtasunak behera egiten du bilgunearen azpiko plakara iritsi arte. Plaka hau zuzen eskalatuz gero pausu fin bat egin beharko dugu. Bigarren aukera, errazagoa, plaka zuzen eskalatu beharrean, eskuinetik saihestea da, bilgunearen parera iritsitakoan ezkerrera pasatuz. Bilgunea uztaidun paraboltez osatua dago.

Bigarren luzera iristeko, bilgunetik atera eta "Xabier" bidearen bosgarren luzearen bilgunetik pasa ondoren, iristen garen tontortxoan oinez metro batzuk behera egin eta hiru parabolt dituen plakara iritsiko gara. Bilgunetik plakara 30-40 metro eskas izango dira.

Bigarren luzea, 25 metro, 5b. Bigarren luzeak hiru parabolt eta erabat bertikala ez den itsasgarritasunezko plaka amaiera arte jarraitzen du. Lehen eta bigarren parabolten arteko zatia zuzen eskalatzean dago luzearen pausurik zailena. Dena den, plakaren ezkerrean dagoen harlauz estuaz lagunduz bigarren paraboltera zailtasunik gabe iritsiko gara. Bigarren eta hirugarren parabolten arteko tartea luzeagoa izan arren, plaka etzanagoa da eta, oinetan fede osoa jarriz, zailtasun handirik gabe eskalatzen da. Tarte hau ere plakaren ezkerreko ertzaren laguntzarekin errazago eskalatuko dugu. Hirugarren paraboltetik bilgunera ez dago parabolt gehiagorik baina auto-babeserako aukera handiak ematen ditu. Plakaren amaieran dagoen hormatxo bertikalaren eskalada ez da zaila (III-IV zailtasunaren baitan izango da) eta gainera sekulako heldulekuak ditu. Bilgunea, hormatxoaren gainean dagoen bloke batean muntatzen da.

Hirugarren luzea bilgunearen atzean dagoen plakan dago, oinez 15-20 metro eginez.

Hirugarren luzea, 20 metro, 4c. Luzearen lehen metroek helduleku oneko plaka etzan bat eskalatuz egiten dira. Plakaren ondoren erlaitz batera iritsi eta irteerara iritsiko gara. Irteerak diedro/tximinia itsura dauka eta bertikala da. Azken metroetan atzeraka egiten duela ere esango nuke. Aitzitik sekulako heldulekuak ditu eta, oinak non jarri ongi begiratuz, zailtasunik gabe eskalatuko dugu. Bilgunea bidearen amaieran dagoen harkaitz blokeetako batean muntatzen da.

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa