BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Aizkolegiko jauregia

/ maite fernandez

2017-06-01 / Mikel Arrizabalaga

Plazazelaiko gainean eman diogu hasiera gaurko ibilbide zirkular honi. Langa gainditu eta Bertizko Jaurerriaren lurretan murgildu gara. Jaurerriko sarrera nagusira jaisten den pista zabala ezkerrera utzi eta eskuinetik ateratzen dena hartu dugu. Bide hau lasto bide izenez ezaguna da, itxura denez eremu honetako jabeak ziren Ziga senar-emazteek baimena ematen omen zien lastoz betetako orgak beren lurretatik pasatzeko. Berehala maldan gora jarri gara eta atsedenik hartu gabe jauregiraino zuzentzen den pista zabalera atera gara. Beste kilometro bat bete behar izan dugu bertatik Jauregia izan zenaren ondora heltzeko.
Jauregi hau, Ziga-Fernandez senar-emazteen kapritxo bat izan zen estilo modernistan eraikitako txaleta. Ziga jauna, ekologista, elegantea eta beti korronte artistiko berrietara zabalik, naturan bizitzeko eta natura interpretatzeko Aizkolegiko jauregia lekurik ederrena izatea nahi izan zuen. Bere dorre nagusian behatoki bat jarri zuen eta eguraldi ona eta gardena egiten zuen egunetan, hiru haranei begira jartzen zen. Kondairak dionez, Zigak jauregia eraikitzea erabaki zuen bertatik Lapurdiko kosta ikusteko aukera zuelako eta horrela Biarritzen bizi omen bere amorantea samintasunez oroitzeko aukera zuen.
Jauregia bisitatu eta gero, atzera egin eta pista nagusiaren ezker aldetik ateratzen den xenda batetik Paretazar gainerako igo gara. Alanbrezko hesia gainditu eta Azkuaraino hedatzen den mendiaren gandorra gure eskuinera utzi ondoren, Bertizko eremua mugatzen duen hesiaren paraleloan jaisten hasi gara. Pagadi ederrean murgildu gara eta maldan behar jarraitu dugu Ezkiringo leporaino heldu arte. Puntu honetan, GR-11 eta 12aren bide-seinaleak utzi eta berriro Bertizko lurretan sartu gara langa igaro eta gero. Berehala jauregiraino igotzen den bide nagusira atera gara eta bertatik jarraitu dugu gorako bidearekin bat egin arte. Ibilbidea amaitzeko, azken kilometro eta erdia bete dugu Plazazelaira iristeko.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (mugibili) deskargatzeko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea