BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Tornola errekako iturburua

/ maite fernandez

2017-04-13 / Mikel Arrizabalaga

Arritxuloko aterpean emango diogu hasiera ibilbide zirkular honi. Aparkalekuaren amaieran dagoen ataka gainditu eta lurrezko pista zabalean zehar emango ditugu lehen urratsak. Pinudia zeharkatu eta gero, Otsandolako pagadian murgilduko gara eta bertatik jaisten hasiko gara Penadegiko errekaren ondoraino. Egurrezko bi zubi gurutzatu eta maldan gora metro batzuk bete ostean, ubidearen ondotik marrazten den xendatik eroso egingo dugu aurrera.

Ubidea amaitzean, ordura arte ekarritako bide laua utzi eta maldan gora abiatuko gara. Epeleko erreka zeharkatu eta izen bera duen baserria gure ezkerrera utziz, eskuinetik jaisten den bidetik altuera galtzen hasiko gara. Aurrez aurre Aiako Harriko mazizoaren ikuspegi osoa dugularik, Tornola errekaren ondoraino jaitsiko gara. Portuberriko makinetxea eta ur-araztegiaren ondora heldu, honen ondotik zabaltzen den pistatik metro batzuk bete eta berehala bide zabala utziko dugu ezkerretik ateratzen den xendan barrena abiatuz. Intzensoroko bidera ailegatzean, porlanezko bideak Artxabaletako baserrien ondoan dagoen karobi eder baten albotik pasa eta Lesakako errepideraino eramango gaitu.

Errepidea gurutzatu eta beste aldetik zabaltzen den bidetik gorantz joko dugu poliki altuera irabaziz. Sailpuru baserria atzean utzi eta berriro errepide nagusira atera, hau gurutzatu eta Altuna etxaldeko lurren ondotik erraz egingo dugu aurrera pista zabalean zehar. Aurrerago, pista utzi eta ezker aldetik ateratzen den xenda estutik gorantz egingo dugu errepidearen azpiko aldetik Arritxuloko aterperaino helduz.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (mugibili) deskargatzeko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa