BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Agerreburu

/ mikel arrizabalaga

2017-02-03 / Mikel Arrizabalaga

Agerreburura igotzea lan erraza da, ez du ahalegin handirik eskatzen eta horregatik jende asko gerturatzen da inguru honetara bertaratzeko dauden bide desberdinetatik. Ibilbide zirkular honetan ohiko bideetan barna ibiltzeaz gain, eskaladako eremu ezagunaren ondotik marrazten den zidor estua hartuko dugu tontorrean dagoen Santa Barbara ermitaren ondora iristeko.
Hernani herriko Santa Barbara auzoan emango diogu hasiera txango erraz honi. Errotondatik eskuin aldera ateratzen den asfaltatutako errepidea hartu, Alberro sagardotegiaren ondotik pasa eta aldapan gora egingo dugu. Laku txiki bat eskuinera utzi eta aurrera jarraituz, errepidetik atera eta eskuinetik marrazten den xenda erosoa hartuko dugu. Basotik berehala aterako gara eta Arrikarte leporantz zuzentzen den asfaltatutako errepidean zehar aldapa pikoari egingo diogu aurre. Lepora heldu aurretik, ezker aldean Elutxeta sagardotegia eta eskuinetik porlanezko bidea Santa Barbara igotzeko.
Lepotik bertatik, xenda txiki batek Santa Barbarako eskalada eremu ospetsura gerturatuko gaitu. Langa txiki bat gainditu eta berehala izango gara makina bat belaunaldik eskalatu dituzten pareten mendean. Ohikoa da 15-30 metroko paretetan jendea eskegita ikustea, batzuk entrenatzen eta beste batzuk, aldiz, eskaladan lehen urratsak ematen. Gaztean zein helduak. Pareta hauen azpitik marrazten den xenda jarraituz altuera irabaziko dugu, baina eskalada eremua pasa bezain pronto, kosta egiten da bide zuzena aurkitzea, hala ere, Agerreburuko pareta bertikalak erreferentzia hartuz, alanbrezko hesi pare bat gainditu eta goiko aldera aterako gara, Agerreburuko tontorrean dagoen Santa Barbara ermitaren ondora hain zuzen ere, izen bera duen gotorlekuaren barnean kokatuta. Argitxoren irudia honen ondoan.
Ermitari bizkarra eman eta eskaileretatik jaisten hasiko gara aldapa bizian, ezker-eskuin gotorlekua izandako hormen artean. Muino honek duen kokapen estrategikoagatik, hainbatetan helburu militarretarako erabili ohi dute: 1793. urtean, Frantziaren aurkako Konbentzio Gerran, bi Karlistadetan (1833-1839 eta 1872-1876) eta azkenik, Gerra Zibilean (1936-1939). Egungo gotorlekuaren diseinua Bigarren Karlistadaren garaikoa da. Gerra Zibileko aurreneko unetan, indar faszistei aurre egiteko erabilia izan zen eta gerora lekua egokitzeko hainbat obra egin ziren: baseliza egun dagoen lekuan eraiki zuten 1955. urtean, baserria berregin eta horma zati batzuk birmoldatu. Santa Barbarako gotorlekua, karlisten garaiko gotorleku eredurik onenetarikoa dela esan daiteke, eta bere elementurik gehienak nahikoa ondo kontserbaturik geratu dira.
Bertan dagoen tabernan hamaiketakoa egin eta itzulerako bidea hartuko dugu. Mendiaren magalean marrazten den bide nabarmenetik erraz galduko dugu altuera bidegurutze batera iritsiz. Saretxo jatetxera zuzentzen den bidea ezker aldean utzi eta eskuinetik ateratzen denari helduko diogu. Aldapan beheran erraz jaitsiko gara Hernaniko lehen etxeen ondora. Errepidearen paraleloan jarraitu eta abiapuntura helduko gara.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (mugibili) deskargatzeko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2017

bidaia eta mendi kroniken lehiaketa