Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

96

Aldarrikapena agortu ote?

Paul Bilbao Sarria | 2012-12-03 | 09:20:03

96

Tresna berri bat jarri digu eskura BERRIAk interneten. Izan ere, euskalgintza etengabe ari da tresnak abian jartzen euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok gure hizkuntza naturaltasunez eta normaltasunez erabili ahal izateko. Eta horixe azpimarratu nahi izan nuen larunbateko manifestazioan, uste dudalako askotan ez garela ohartzen azken hamarkadotan zer-nolako erronkei egin izan zaien aurre, eta, ondorioz, zer nolako ekarpenak egin izan dizkion euskalgintzak gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesuari, bai norbanakoak euskalduntzeari dagokionez, bai eta espazioak euskalduntzeari dagokionez ere.


Halere, tresna horietaz gain aldarrikapena ere beharrezkoa dugu. Batzuetan, badirudi aldarrikapenerako garaia agortu zaiola euskarari, eta ez da horrela. Aldarrikatzen jarraitu behar dugu, eta kalera atera behar dugu, ikus gaitzaten, ikusgarri izateko, euskaraz bizi nahi dugunon konplizitatea lortzeko. Aldarrikatu egin behar dugu, gure hizkuntza normalizatua ez dagoelako, euskal hiztunei eskubideak aitortzen edota bermatzen ez zaizkielako, gure bizi-nahia erakusteko beharra dagoelako, euskaraz bizitzeko oztopoak ditugulako… Hamaika arrazoi dago kalera ateratzeko, eta horrexegatik tresna hori erabiltzen jarraitu beharko dugu. Osasuntsua da herritarrei euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara zabaltzeko plaza eskaintzea, eta larunbatean ikusi genuenez, behar hori egon bazegoen Donostian bildutako jendetzari erreparatuz gero.


Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, zeinek bere eremuan jarraitzen du lanean ohiko pasioari jarraiki, milaka herritar lotzen ari gatzaizkio egunerokotasunean euskaraz bizitzeko nahiari. Akaso, irribarrea dugu aurpegian, larunbatean elkarri erakutsitako konplizitateak eraginda.


Amaitzeko larunbateko manifestazioaren karira BERRIAn agertutako txio bat ekarri nahiko nuke hona:" Oihurik apenas. Hizketan doa jendea, euskaraz. Hori bera, akaso, oihurik indartsuena." Izan ere, askotan, aldarrikapena bera eredua izan daiteke.