Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

921

Udaltop: zigortzea ez dela bidea esatetik, hizkuntza-eskubideak aldarrikatzera

Iker Salaberria Urkizu | 2015-05-04 | 14:07:38

Imagina al dezakezu, zerga iruzurra egiteagatik norbait zigortu dutelako edota emakumeren bat jipotu duela eta, besteren bati zigorra ezartzeagatik, baten batek eskua altxa eta betebeharrak eta zigorrak ez direla bidea aldarrikatzea?


Udaltop jardunaldietan araugintzan profano xamar garenok gaian zer edozer kokatzeko aukera izan dugu. Ikusi eta ikasi egin dugu, hizkuntza-eskubideak aitortzeko eta bermatzeko tresna direla arauak. Baina Udaltopen ere, azken boladan arau kontuak mahai gaineratzen diren guztietan bezala, hasi ziren han-hemenka betebeharra, inposizioa, zigorra... hitz-mamuak bailira aretoan jira-bueltaka. Ezin gainetik kendu, bizkarrean jarri diguten zama, are gehiago, motxila hori geure egin eta aldarri hori hauspotu izan du hainbat euskaltzalek ere. Bigarren egunean Joseba Belaustegik menperatuaren psikologian bilatu zuen inposizioaren mamua euskara kontuetan soilik agertzearen arrazoia. Gaztelerak, betebeharrak, lehenagotik, kantitatez eta kalitatez ugariagoak diren arauetan ‘normaltasunez’ eta ‘naturaltasunez’ ezarriak baititu.


Baina, esanak esan, zer dago horren atzean? Zein da betebeharraren, derrigortzearen, zigortzearen... atzean dagoen benetako korapiloa?


Jo dezagun urte batzuk atzera argibide bila. Artikuluaren buruan adierazitako hizkuntza eskubideen aldarrikapenak ibilbide oparoa egin du euskalgintzan. Ez zen alferrik osatu 1996an Bartzelonan Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta ez da hutsala izan sortu zenetik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren jarduna.


Hain zuzen, erakunde horrek 2011n antolatutako sinposioan aipatutako deklarazio ardatz hartuta jardun genuen. Orduko hartan, Josep Mª Terricabras filosofo katalana izan genuen geure artean. Berak, eskubideen inguruan, 'Terricabras zubia' deiturikoari buruz hitz egin zigun. Funtsean ideia soila du atzean: eskubideak, aitortu eta bermatu ahal izateko, betebeharra sortu behar duela. Alegia, norbaiti eskubideren bat aitortzea, pertsona horri ahal bat ematea zela zioen eta ahal hori gauzatu ahal izateko, besteren bati betebeharren bat jarri behar zitzaiola ezinbestean.


Bada, zer gertatzen da betebeharrik ezartzen ez denean? Terricabrasek argi erakutsi zigun bezala, betebeharrik ezarri gabe zubia gurutzatuta, inori eskubiderik ere ez diogula aitortzen topatzen dugu. Argiago esanda, euskaldunon eskubideen ukazio edo biluzte gordina dugu, betebeharrik ezaren paradigma ederrustekoaren atzean. Eta baten batek esan dezake: ongi da, ezarri ditzagun betebeharrak baina, ez dezagun inor zigortu! Eta honek ere ederrusteko itsura hartzen badu ere, arau kontuetan zer edozer dakiten horiek Udaltopen argi esan zuten bezala, arauak ez betetzeak ondorioak izan behar ditu. Bestela, araua izatetik, aholku huts izatera igarotzen baitira.


Zergak ez ordaintzeak edo indarkeria matxistak, eskubide eta betebehar urratzeak dituzte atzean eta inork gutxik jartzen du aitzakiarik halakoak zigortzeko. Batzuen begitan, euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketak, euskaldunon duintasuna erasotzeak, ez dute halako kontsideraziorik merezi, antza.