Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

820

Euskara ikastea merezi du eta posible da

Mertxe Mujika | 2014-09-17 | 13:38:06

Urtero legez, irailean zehar ohikoa izaten da euskaltegietan izena emateko mezuak ikustea handik eta hemendik. Izan ere, bakarrik edo administrazioekin eta hainbat eragilerekin elkarlanean, euskaltegiok euskara ikasteko eta hobetzeko egiten dugun aldarria etengabekoa da urteko sasoi honetan.

Eta, nonbait, jendarteak mezuari kasu egiten dio. 2013-2014 ikasturtean, esaterako, euskararen lurralde osoan 35.000 ikasle aritu ziren euskara ikasten edo hobetzen. Datu horiek esanguratsuak dira, eta euskaltegiok euskararen berreskurapenean dugun garrantzia agerian uzten dute.

Halaber,euskararen erabileran aurrera egin nahi badugu, herritar elebidunak nahi eta behar ditugu. Erdal elebakarrak gero eta gutxiago izan behar dira. Hortaz, bide hori garatu nahi badugu, ezinbestekoa da helduak euskalduntzea. Horregatik, nahitaezkoa dugu iazko ikasle kopuruari eustea, eta -ahal izanez gero- gehiago erakartzea.

Horretarako, hurrengo ideia hauek lau haizetara zabaldu behar ditugu:

1. Helduaroan euskara ikastea MEREZI du. Euskara ikasiz, gurea den hizkuntzan jantzi eta aberastu egiten baita pertsona. Munduaren beste ikuskera bat ezagutzeko bidea irekitzen da euskaltegira hurbildu eta izena ematerakoan. Ez dago ezer galtzeko, dena dago irabazteko

2. Nagusitan euskara ikastea POSIBLE DA, helburua lorgarria da. Azken hamarkadetan 100.000 euskal hiztun atera dira euskaltegietatik. Horiek guztiek euskara ikasteko asmoa errealitate bihurtu dute, eta, egun euskaraz bizi dira.

Euskaltegietan dena dugu prest ikasturte berriari ekiteko. Eta xedea argia da: ezin da utzi aulki bat bera ere hutsik, euskaltegiak ikaslez bete behar ditugu eta, euskaltegietako ateak parez pare zabalduz eta gelak ikaslez betez, erdal elebakartasunari ateak itxi behar zaizkio.

Euskararen lurraldean denok dakigu gaztelaniaz edota frantsesez; eta, horregatik, euskaldun garenok badugu zeregina euskara merezi duela zabaltzeko orduan, plus bat dela eta onura ekartzen digula argi azaltzeko. Beraz, guztiok euskara jakiteko tenorea heldu dela argi izanda, gure inguruko lagun erdaldunen artean ideia horiek zabaltzen baditugu lortuko dugu euskara ere guztiona izatea eta euskaraz bizitzeko aukera erreala izatea.