Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

801

Hizkuntza irizpideak eta #erdalgintzarilaguntzak

Iker Salaberria Urkizu | 2014-07-24 | 17:20:46

Sare sozialetan hedatu den atzoko berri batek piztu dit alarma: Eusko Jaurlaritzak idatzizko hedabideen publizitatean irakurleko banatutako 7,5 eurotatik bakarra jaso du euskarazko hedabideak. Gainerako 6,5 euroak erdal hedabideetara joan dira. Horren ondotik, @urtzai-ren eskutik jaso dut argibidea: erdalgintzari laguntzak.


Kontrako adibidea seguru ezaguna zaiola irakurleari. Alegia, hemen euskaraz egiten den oro euskalgintza kontsideratu izan da. Berdin izan du, kulturan, ikerketan, industrian edo berrikuntzan kokatu. Horiek guztiak multzo bakarrean batu eta euskara sustatzera bideratutako poltsatik soilik jaso izan dute laguntza apurra. Euskalgintzak aspaldi aldarrikatu izan du jarduera horiek euskalduntzean laguntzen badute ere, industrian, kulturan, berrikuntzan,... dutela euren zeregin eta oinarri nagusia. Hortaz, horietatik jaso beharko luketeela bultzada eta laguntza.


Orain, kontrako adibidearen aurrean gaude. Erdarazko hedabideak lagundu dira. Jendeak egunkaria erdaraz irakurri dezan sustatuko duten hedabideak. Noski, erdara sustatzeko sailetik ezin jaso laguntzak, formalki ez baita halakorik, baina izan badira erdara sustatzeko jarduerak, ala? Euskara sustatzeko jarduerak aurrez aipatu bezala ulertzen badira, hedabide hauek erdara sustatzen dutela ulertzeak logika izan badu, ezta? Hala bada, @urtzai-k zorrotz azpimarratu digu gertaeraren izendapen egokia: #erdalgintzarilaguntzak.


Bada, badu honek atzean beste heldulekurik. Argia baita hauek guztiak hizkuntza irizpide batzuen baitan gertatzen direla. Bai, esplizitu ezarri gabeak, inplizituak nahi baduzue, baina, hizkuntza irizpideak, azken finean. Gurean, aspaldian, Urkijo jauna tarteko, hainbeste zeresan eman duten hizkuntza irizpideak, hain zuzen ere.


Askotan esan izan dugun bezala, hizkuntza hain orohartzailea izanik, hizkuntza-politika denean ageri zaigu. Hedabideen publizitateari lotutakoaren pareko gertaerak ugari dira beste esparruetan ere, berrikuntzaren inguruko enpresa-proiektu batzuk laguntzea, bestelako industria-laguntzak ematea, obra publikoak esleitzea, zerbitzu publikoen ustiapena esleitzea,... Publizitate, kontratazio, laguntza, esleipen... horietan guztietan hizkuntza presente dagoen neurrian (zerbitzuan, produktuan eta lan-harremanetan), horietan guztietan dago hizkuntza hautua. Normalean, inplizituak diren hizkuntza irizpideen baitan. Normalean, egungo egoera dagoen dagoenean mantentzea, aldaketarik ez bultzatzea, euskararen eta euskaldunon gutxiagotutako egoera iraunaraztea, bultzatzen duten irizpideak.


Bada egoera aldatu eta euskararen sustapenerako hizkuntza irizpideak ezarri nahi izan duenik: Gipuzkoako Foru Aldundia eta hainbat udalerri, kasu. Kasu horietan ordea, estatuaren alarmak izan dira piztu direnak. Gorri eta hori, euren nagusikeria gogoraraztera datozkigu. Erdaldunekiko bazterkeria mezuekin uzkurtu nahi izaten dute iritzi publikoa, esan gabe, hemen hizkuntza irizpideak, esplizituak izan ez arren, izan badirela, hautu horiek egin egiten direla eta onartzen dituzten hizkuntza irizpide bakarrak #erdalgintzarilaguntzak ematekoak direla. Gure esku dago beraz, hizkuntza irizpideak aldatzea eta #euskalgintzarilaguntzak emateko balio dezaten lortzea.